Manu Soto eta Nestor Etxebarria dira Plentziako EHUko Itsas Estazioaren zuzendari eta zuzendariorde berriak
Manu Soto Biologia Zelularreko katedraduna eta Nestor Etxebarria Kimika Analitikoko katedraduna dira hurrengo sei urtetan Plentziako Itsas Estazioaren proiektuaren buruan egongo diren arduradun berriak. Ikerketa eta irakaskuntza zentroaren helburu estrategikoetan sakontzeko asmoa agertu dute.

Manu Soto Biologia Zelularreko katedradunak eta Nestor Etxebarria Kimika Analitikoko katedradunak hartu dute, hurrenez hurren, Plentziako Itsas Estazioaren (PiE-UPV/EHU) zuzendaritza eta zuzendariordetzaren ardurak hurrengo sei urteetarako.
EHUk jakitera eman duenez, Sotok zuzendariordetza utzi du zuzendari kargua hartzeko, eta aurreko zuzendaritzaren «ildo beretik jarraitzeko» asmoa agertu du, «martxan dauden proiektu estrategikoak sendotuz, gure unibertsitatean eta gizartean gero eta presentzia nabarmenagoa izanik, ikertzaileen arteko elkarlana bultzatuz eta belaunaldi aldaketa bermatuz».
PiE-UPV/EHUko zuzendaritza berriak eskerrak eman dizkio Ionan Marigomez irakasleari, 2012an zentroa inauguratu zenetik zuzendari izan denari. Marigomezek klaustroko eta Zuzendaritza Batzordeko kide izaten jarraituko du.
Manu Soto Biologia Zelularreko katedraduna da EHUn, eta ibilbide luzea egin du Biologia Zelularraren Ingurumen Toxikologiako talde kontsolidatuan.
125 artikulu zientifiko baino gehiago argitaratu ditu Sotok, eta EHUko Erasmus Mundus Marine Environment Masterraren koordinatzailea da 2012tik eta izen bereko Doktorego Programako batzordeko kidea. Gainera, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanordea (2007-2012) eta Animalien Ongizaterako Etika Batzordeko kidea (2009-2012) izan da.
Nestor Etxebarria Kimika Analitikoko katedraduna da EHUn, eta IBeA (Ikerketa eta Berrikuntza Analitikoa) talde kontsolidatuko ikertzailea. Azpimarratu dutenez, «IBeA talde liderra da, PiE-UPV/EHUrekin batera, ingurumeneko eta giza esposoma aztertzeko zuzendu gabeko metodo analitikoak garatu eta aplikatzeko ikerketa-lerroan».
Nazioarteko aldizkarietan 190 argitalpen baino gehiago idatzi ditu Etxebarriak, baita kimika eta kimika analitikoko euskarazko lau testuliburu ere. 2011 eta 2019 artean EHUko Kimika Analitikoko Saileko zuzendaria izan zen. Gaur egun, Ingurumen Kutsadura eta Toxikologia Masterraren (UPV/EHU) koordinatzailea da.
Plentziako Itsas Estazioaren inguruan gogoratu du EHUk «ikerketa eta irakaskuntza zentro honen helburu estrategikoak» itsas biologia esperimentalaren eta bioteknologiaren arloko ikerketa sustatzea eta itsas eta ingurumen-zientzietako graduondoko eta doktoregoko prestakuntzan laguntzea direla, baita zientzia-dibulgazioko eta prestakuntza espezializatuko jarduerak garatzea ere.
