GAUR8

Euskarazko hizkerari buruzko ikerketak sustatzeko Mintzola egitasmoaren sarien deialdiak argitaratu dituzte

Ahozko jardunari buruzko ikerketa zientifikoak bultzatzeko deialdi berri bat zabaldu du Euskaltzaindiak Mintzola egitasmoaren bidez. Gradu eta master amaierako lanak eta ikerketa proiektuak saritzen ditu ekimenak. Apirilaren 30 eta maiatzaren 31 dira lan ezberdinak aurkezteko zehaztutako epeak.

Euskarazko hizkerari buruzko ikerlanak bultzatzeko deialdi berriak plazaratu dituzte.
Euskarazko hizkerari buruzko ikerlanak bultzatzeko deialdi berriak plazaratu dituzte. (Euskaltzaindia)

Euskaraz egiten den ahozko jardunari buruzko ikerketa zientifikoak bultzatzeko 2025eko deialdiak kaleratu ditu Euskaltzaindiak, Mintzola egitasmoaren bidez, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan.

Garbiñe Mendizabal Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari nagusiak gogoratu du «Mintzola jaio zenean, bi helburu» zirela «sortu zutenen pentsamenduan: batetik, euskarazko ahozko tradizioaren behatoki dinamikoa izatea, eta, bestetik, gizarteak dituen ahozko komunikazio premiei erantzun egokia ematea». «Deialdi hauek bete-betean gauzatzen dute sorrerako helburu bikoitza», nabarmendu du

Jon Sarasua Mintzola egitasmoaren zuzendariak azpimarratu du Mintzolak egindako sari deialdietan «harrobia» badagoela ikusten dela, «zainduz gero fruituak eman ditzakeena».

«Gradu eta master mailetako lanak izateko, maila oso aipagarria erakutsi dute lan askok, kode alternantziaren gaian, hitanoaren gaian, euskalkien gaian eta hizkerari lotutako beste hainbat adarretan. Ikertzeko gaitasuna eta gogoa erakusten duten gazteei bidea egiteko aukerak irekitzen asmatu behar dugu», azaldu du.

Ekimenaren arduradunek gogorarazi dutenez, ikerketan, ezagutzaren transferentzian eta sustapenean dihardu Mintzolak 2022. urtetik. Bada, azken hiru urteotako ildoari jarraituz, ahozkotasunaren alorrean ikerketa sustatzeko deialdi berriak egin ditu Euskaltzaindiak, Mintzolaren eskutik.

Ahozko jardunari buruzko hamar lan

Lehenengoan, euskaraz egiten den ahozko jardunari buruzko hamar gradu eta master amaierako lan sarituko dira, bakoitzari 1.500 euro emanda (beraz, iaz baino bi sari gehiago); bigarrenean, aldiz, ikerketa lan monografikoak hartuko dira kontuan eta bi sari banatuko dira, bakoitza 3.000 eurokoa.

Gradu eta master amaierako lanei dagokionez, deialdira aurkez daitezkeen egitasmoak 2024-2025 ikasturtean defendatuko diren lanenak izango dira, eta lanen egitasmoak PDF formatuan eta posta elektronikoz bidali beharko dira mintzola@euskaltzaindia.eus helbidera.

Eskaerak eta egitasmoak aurkezteko epea apirilaren 30era arte dago zabalik, eta hautatutako ikerketa lanak eginda entregatu beharko dira irailaren 30a baino lehen.

Ikerketa lanei dagokionez, lan monografikoen proiektuak onartuko dira, geroko tesiak bultzatzeko helburuz. Lanen proiektuak bakarka edo taldean aurkez daitezke, eta unibertsitate irakasle doktore batek bermatu behar du proiektua.

Eskaerak eta lanen egitasmoak aurkezteko epea maiatzaren 31ra artekoa izango da, eta hautatutako ikerketa lanak eginda entregatu beharko dira 2026ko otsailaren 27a baino lehen.