2019/04/13

Oier Gorosabel - @Txikillana
Fisioterapeuta
Janari pilaketa konpultsiboa

Denok ikusiko zenuten inoiz janaria dohain banatzen den lekuetan jazotzen den auzo-lotsa eragiteko moduko espektakulua. Ez naiz ari elikagai bankuetako bezeroei buruz (hor duintasuna da nagusi), baizik eta, diru arazorik izan barik, sardina erre, tortilla edo dena dela banatzen den lekuan ilaran behin eta berriro jartzen den jende horren gainean. Ukondoka arituko dira, inor konturatzen ez delakoan, besteek baino pintxo gehiago eskuratu nahian; eta, behin etxera paperean bilduta eraman ondoren, askotan, bertan jan gabe lehortuko zaizkie pintxook.

Esan beharrik ez dago jarrerok ez direla premiak eragindakoak izaten; kontrara, askotan, pentsio ona kobratzen duen jendea da espektakuluaren protagonista (izan ere, haiek oharkabean dabiltzala uste dute, baina jokoa oso nabarmena izaten da, batez ere beti jende bera denean protagonista). Joera txikiok interesgarriak dira, gizakion animalia izaera gogoratzen digutelako. Ez dugu ahaztu behar, duela urte gutxira arte (zer dira bada, bi mende 200.000 urte dituen espeziearendako?), erreserba gehien pilatzeko gaitasuna zutenek baino ez zutela bizirautea lortzen. Izan mitxelin forman, izan garaua gordetzeko biltegietan, gaur egun modan dauden pertsona argalek ez zuten arrakasta sozialik: pertsona lodiak ziren edertasun eredu, biziraupen berme. Horregatik nire lagun argal muskulutsuei adarra jotzen diet, hurrengo hekatonbe nuklearrean, argi indarrik ez dagoenean, sabel handidunok baino ez garela geratuko esanez: tabletadunek ez dute lehenengo elurtea jasango.

Dietetika eta psikologia arloko lankideek neuk baino hobeto azalduko dituzte fenomenoon zergatiak, jakina. Baina edozein konturatzeko modukoa da, gorputzeko mitxelinen abantaila ebolutiboarekin batera, gure arbasoendako ezinbestekoa izan zela ere inurriarena egiten ikastea: udan janaria pilatzen hastea, alegia, neguan biziraun ahal izateko. Beraz, sardina erreak lortzeko “luntxa librean” aritzea, edo Olentzerok botatako karameluak eskukadaka hartzea, gure espeziearen instintuen artean txertatuta dagoela esan daiteke.

Errazioak neurtuta ematen dituzten egoitzetan ere nabarmena da joera hori, ñabardura batekin: egoiliarrek ez dute dagokiena baino gehiago hartzen, sobratzen zaiena gorde egiten dute. Zaharren egoitzetako biztanle askok, gosarian jan ez dituzten gailetak zorrotxoetan pilatzen dituzte. Baina ez da beharrezkoa: gehiago jan nahi izanez gero eskatzea dute. Zertarako gorde orduan? Badaezpada. Eta usteltzen ez direnez, gaitz erdi: arropa artean gordetzen diren frutek-eta arazo gehiago ematen baitute... Kartzeletan ere, preso bakoitzak jantokian bere eserlekua izaten du; eta haren azpian, askotan, kartoizko kutxatxo bat sobratu zaizkien gurin, mermelada edo bestelakoekin. Trukean aritzeko, edo batek daki; sekula ezin da jakin etorkizunak zer ekarriko digun...

Horren zantzuak ikus daitezke baita jaiegunen (eta zer esanik ez greba egunen) atarian dendak husten dituzten jende saldoetan ere. Gehiago esango nuke: zenbat koilara, xaboi, eskuohial edo manta desagertzen dira hoteletatik, ordaindutakoari etekin estra bat atera nahian? Guk, kontsultan, komuneko papera astero osten zigun pazientea izan genuen. Hogei xentimo ere balio ez zuen paper-bilkari xume horrek ezin hobeto irudikatzen du duela oso gutxira arte gure arbaso gehienek etxean ezagututako pobrezia kronikoa. •

www.abante.eus