2019/04/13

Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria
Zaplaztekoa

Game boy» liburua dut azken egunotan eskuartean. Victor Parkasek kontakizun laburrak, autofikzioa eta hausnarketa teorikoa harilkatu ditu bertan. Agertoki urbano bat ageri zaigu eta horren gainean idazleak gorputz biziak aurkezten dizkigu. Aurpegia mukiz eta malkoz bustita dituzten haurrak, zaharrak, erretzaileak, hilotzak, kolpatuak. Baita bi eskuak sudurrera hurbiltzen dituzten gorputzak, xaboi usain hartu berria arnasteko.

Horien guztien artean, liburutik zaplazteko baten analisia jaso nahi nuke: «espainiar bandera bat daraman norbaiti zaplazteko bat ematen dioten guztietan bezala, zaplaztekoa jasotzeko arrazoiak zerikusi gutxi izaten du espainiar bandera bat eramatearekin». Zenbaitek eztabaida berriro mahaigaineratu nahi dute oihal-terminoetan: espainiarrak eta katalanak, espainiarrak eta euskaldunak. Eta ezjakintasunean sinestun, milaka pertsona kalera atera dira bandera monarkikoa kapa lez jarrita.

Arazoa, ordea, ez datza banderan. Eskuina gure gorputzen bila dator. Lehen lerrora ekarri dituzte gure gorputzen aurkako atentatuak: emakumeen haurdunaldia alokatzeko aukera, gure aurka legez tiro egiteko aukera, gizonezkoak andrezkoa jotzeak zigorrean berezitasunik ez edukitzeko aukera, bere ahoa behar ez dena esateko erabiltzen duena giltzapetzeko aukera… Espainiar bandera daraman norbaiti zaplazteko bat emateak horrekin guztiarekin du zerikusia. Espainiari ukoa, gure gorputzen kontrol oligarkikoari zaplazteko bat ematea da.

Zaila ari zaigu gertatzen eskuinaren oldarraldiari identitate indartsu eta harro (ez harroputz) batekin erantzutea. Batzuek marxismo eskolastikoenera jo dute. Besteek autoritate-argudioak bilatu dituzte iraultzaren aita-pontekoetan. Bestalde, zenbait lagunek aipatu didate Daniel Bernaberen kritika interesgarria azken hamarkadetako proposamen eraldatzaileei. Bernabek, patillak, gizon-jite markatua janzkeran eta keinuetan, erantzun serioa bilatzen du. Bere hitzetan, “dibertsitatearen tranpan” erori gabe. Objektiboa, analisi arrazionala, benetakoa egin behar omen dugu. Langile klasera itzuli behar dugu. Benetako, oinarrizko arazora. Gizonak diosku.

Zenbaitek uste dutenaren kontrara, feminismotik, antiarrazismotik eta gay askapen mugimendutik egindako proposamenak erabat beharrezkoak dira klasea birpentsatzeko. Gure gorputzak, gure bizia, ekarri baitituzte lehen lerrora. Gure azala, gure ilea, gure eskuak, gure zakilak eta aluak. Identitateak ez dira ezer, ez baditugu gure gorputzean sentitzen, bizitzen. Identitateek biziarekin dute harremana, ez abstrakzio arrazionalekin bakarrik. Klase identitatea, zerbait izatekotan, gure gorputzen aurka bizi dugun zapalketa da. Alorrik laboralenean ere, gorputzen kontrola da oligarkiaren helburua: lantokian atxilo gauzkaten ordu estrak, desordutan lanera joateko mezuak eta iradokizunak, egiten den guztia gure eskuz aplikazio informatikoan erregistratzea, lankideak zelatatzea (koebaluazioa deitzen diote)…

Lanak sortutako arazoak gure gorputzak erregistratzen eta bizitzen ditu: ezinegona, tristura, nekadura, amorrua. Klase izaera birpentsatzeak erabat derrigorrezko du gure gorputzak bere nukleoan ezartzea, batez ere feminismoak egin duenetik abiatuta langile izaera ere berraktibatuz. Oligarkiaren oldarraldiari erantzuteko identitate konpartitua, sentitu eta bizi egin behar dugu guztiok. Gure erraietatik jaioko baita indarra eta ilusioa, ezarri nahi digutenari zaplaztekoa emateko. •