Xabier Izaga Gonzalez
IHES EDERRA, EZ BETEA

Basauriko kartzelako ia hilabete biko ihes saioa, protagonistetako batek kontatua

Duela 43 urte, Basauriko espetxetik bost presok ihes egin zutela argitaratu zuten hedabideek. «Ihesaldi» hura benetako ihes saio baten hasiera baino ez zen izan, ordea. Gertakari hartan oinarritutako fikziozko telesail bat eman berri du ETBk, eta egiazko protagonistetako batek GAUR8ri 52 egun haietan bizi izandakoa kontatu dio.

Basauriko kartzelan ihes saio ugari izan dira. 1969an, ETAko hamar presok eta bost sozialek beren saioa gauzatzea lortu zuten. 1976ko abenduaren 9an, beste bost lagunek teilatu batetik soka batez ihes egitea lortu zuten... ustez. Hala esan zuten agintariek eta hala argitaratu hedabideek. Egun argiz alde egin omen zuten, eta kartzelako harresiaz bestaldean sokatzar bat agertu zen. Egiaz, ordea, kartzelan bertan zeuden gordeta Iñaki Aramaio eta Patxi Arana ETA militarreko presoak, Pedro Martinez de Ilarduia PC (r)-koa eta Santiago Marcos eta Jose Vicente Daroca preso sozialak, benetako ihesaldia prestatzen.

Asteon, gertakari hartan oinarritutako “Ihesaldia” telesailaren bost atalak eman ditu ETBk, eta GAUR8k ustezko ihesaldi haren benetako protagonistetako batekin hitz egiteko aukera izan du.

Kontalari trebea da Iñaki, eta ondo gogoan ditu ia hilabete biko itxialdi hartan gertatutako xehetasun ñimiñoenak ere. Ganbarako ezkutaketa kontatu baino lehenago, baina, zergatik bururatu zitzaien horrelako ihesaldia azaldu beharra dagoela uste du.

Hilabete lehenago, 1976ko azaroan, preso politikoek patioko zoruko kutxatila batetik egindako zulo bat idoro zuten Basauriko kartzelako kartzeleroek. Presoak berehala hasi ziren pentsatzen non hasi beste bat, baina ez zekiten non egin, azken hilabeteetan hainbat zulo agertu baitziren han-hemenka. «Espetxe hark Gruyère gazta ematen zuen», dio Iñakik. Gainera, beste arazo bat ere bazuten: denbora. Bazuten beste kartzela batera eramango zituzten susmoa, beharbada, Gabonak baino lehenago. Halako batean, ihes simulakro bat egitea bururatu zitzaien, ondoren kalerainoko zulo bat egiteko.

Euren asmoa preso politiko guztiak ateratzea zen, eta preso sozial bik ere parte hartu beharko zuten, tailerretako sarbidea eurek zeukatelako, giltzak eta guzti. «Argi zegoen gurekin joan behar zutela ganbarara, gainera oso onak ziren», dio Iñakik, eta gogora ekarri du Carabanchelgo espetxean urte hasieran gertatutako istorio bat.

Han berrehun metro baino gehiagoko zuloa aurkitu zuten, kartzela osoa zeharkatzen zuena; izan ere, kartzelatik kanpo zegoen hesi bateraino iritsi ziren Iñaki eta beste presoak. Estolda batetik atera zitezkeen, baina preso politiko guztiak aterako baziren, hesi hura bota egin behar zuten, bestaldean «Madril oinez lasai-lasai zeharkatzeko moduko hodi biltzaile bat zegoelako». Handik sei hilabetera-edo, Pedro Costa kazetariak “Interviu” aldizkarian zulo haren berri argitaratu zuen, baita preso sozial baten salaketa zela-eta topatu zutela. Hura omen zen zuloaren berri zekien preso sozial bakarra. Carabanchelgo ospitalera eraman zuten, ordea, eta, alta ematen ez ziotenez, preso politikoek alde egin eta bera salduta utziko zutelakoan, kartzelako zuzendariari kontatu zion. Edonola ere, inor ez zuten zigor zeldetara eraman, beharbada preso hark jarri zituen baldintzetako bat inor ez zigortzea zelako.

Ustezko ihesaldia

«Gogoratzen naiz 1976ko abenduaren 9ko goizean bisita izan genuela. Familiarrak itxaropentsu agertzen ziren, eta gu ‘bai, aita, bai ama, laster egongo gara kalean’. Arratsaldean, dena prestatu eta gero, janaria, lan egiteko tresnak, botikina eta abar hartuta, agur Ben-Hur eta etxe berrira alde egin genuen, ganbarara, alegia, tailerrean zehar eta patio batetik igota, aurretik prestatutako teilatuko zulotik sartuz».

Euretako hiruk material guztia ganbarara eraman eta beste biak teilatuetatik arrastaka kartzela erdiraino iritsi ziren, bat han zelatan geratu zen, eta, besteak, goragoko beste teilatu batetik, aurretik prestatuta zeukaten sokatzarra bota zuen. «Une haiek oso tentsio handikoak izan ziren; egia esan, ganbararako bidea hartu genuenetik, dena zen tentsioa». Ondoren, hesi bat altxatu zuten. Ganbarak galeria bi zeuzkan, angelu zuzenean, eta bien erdian eraiki zuten hesia. Hartara, kartzelariak teilatuko zuloa aurkitu eta sartu izan balira, hesi horrekin egingo zuten topo eta ez zuten imajinatuko hesiaz bestalde iheslariak zeudenik.

«Hurrengo minutuetan zer gertatuko zain geratu ginen. Handik gutxira hasi ziren oin hotsak, deiadarrak, ‘aquí no están, aquí tampoco, vamos a mirar ahí’… hori guztia gugandik oso hurbil. Zelako tentsioa! Azkenean, joan egin ziren eta lasaitua hartu genuen». Ganbarara igo baino pixka bat lehenago kartzeleroen sukaldetik hartutako irratiko berrien zain geratu ziren. «Irratia oso inportantea zen. Funtzionarioak proba guztiak aztertu eta gero alde egin genuela ziur zeudela jakin arte, ezin ginen lanean hasi. Gainera, geu ere ez geunden seguru sinistuko zutenik; izan ere, ihes simulakroa egin genuenean zegoen argiarekin, ez zen erraza sinistea».

Ganbara azpian tailerreko gela itsu bat zegoen, eta hara jaisten ziren gauero zuloa egitera. Batek, beti berak, zulatu egiten zuen, beste bik lagundu egiten zioten, batek lurra zakuan sartzen eta besteak gela itsura eramaten, eta goikoek soka batekin zakuak igotzen zituzten.

«Egun haietan guztietan pasatutakoa geuk bakarrik dakigu». Errutina nagusi zen, gauez hainbat orduz lan egin eta egun osoan isilik eta geldi egon behar zuten, tailerretik entzun ez zitzaten. Hala ere, zenbait gorabehera ere izan zituzten; esate baterako, zuloa urez bete zitzaienean. Bestalde, hainbat tresna egin zituzten, hala nola olio lanparatxoak. Beraiekin eraman zuten jana amaitu zitzaienean, beren lagunek zelularreko zelda bateko leihoan uzten zietena hartzen zuten. Preso politiko gutxi ziren kartzela hartan, ordea, eta lanaldi luze eta gogorra egiten zuten bost lagunentzako jana lortzea ez zen samurra izango.

Zuloa, agerian; zulatzaileak, ez

«Zuloa aurrera zihoan, eskuak urratuta, erabat minduta». Eta hilabetetsu igarota, kartzelako harresiraino iritsi ziren.

«Urtarrilaren 14ko goizean, etzanda geundela, kolpe bat entzun genuen. Zer zen ikustera altxatu ginen eta kamioi bat tunelaren gainean harrapatuta zegoen; ‘ai, ene! erori gara!’. Ziztu bizian, gauza konprometituak ezabatzen hasi ginen. Gero funtzionarioak tailerrera iritsi ziren eta haien solasak entzun genituen. Gela itsuaren sarrerako zuloa estaltzen zuen mahaia kenduta, kolpeka hasi ziren eta zulora sartzeko tranpola aurkitu zuten. «¡Mira qué agujero!», entzun genuen, «esto seguro que lo han hecho los que fueron trasladados hace tiempo, no parece de ahora». Han zegoen guztia atera zuten: latak, ontziak, arropak, eta abar. Fluoreszente bat ere ikusi zutenean, harrituta geratu ziren nola arraio instalatu genuen argia. Goitik, dena entzuten genuen. Egun osoa eman zuten zuloa bisitatzen».

Ganbarako maizterrek ez zuten amore emateko aukera aztertu ere egin, ordea: «Txo, oraindik ez gara jausi». Eta berehala hasi ziren pentsatzen non egin beste zulo bat. «Kartzelako zurrumurruaren arabera, behekoa antzinako zuloa zen eta gu, beraz, pozik».

Hurrengo egunetan hainbat saio egin zituzten sokarekin. Burdinazko eskailera luze bat ere egin zuten, harekin eta sokarekin, laino itxiaz baliatuta, alde egiten saiatzeko. Beste aukera bat egunero kartzelara sartzen zen kamioian ateratzea zen, eta beste bat emakumeen departamentuan zulo bat egitea. Han PC (r)-ko militante bat zegoen, gizonen moduluan zegoen beste baten emaztea, eta kontaktua zuten harekin. Zuzendariaren autoan alde egitea ere pentsatu zuten, garajeraino iritsita. Aste luze bi eman zituzten ahalegin haietan.

«Egia esan, aurkitu gintuzten arte kontu asko eta benetan bitxiak gertatu zitzaizkigun, batzuk barregarriak, eta, beste batzuk, berriz, ez hain barregarriak. Esate baterako, domeka batean beste zulo bat egin eta garbitegira jaitsi ginen. Bertatik manta batzuk hartzen ari ginela, emakume preso batzuek ikusi eta ‘¡tíos buenos!’ hasi zitzaizkigun oihuka, ‘¡venid aquí!’. Gixajoek ez zuten imajinatu ere egin alde egin zutenak ginela».

Beste behin, zerbitzuburuaren bulegora joan, giltzak hartu, ganbaran berriak egin eta goizeko laurak aldera originalak itzuli egin zituzten. «Ezin duzu imajinatu ere egin zelako tentsioa bizitzen zen horrelako egoeretan», dio Iñakik, eta beste pasadizo bat gogoratu zaio: «Kamioia zuloan trabatu baino lehenago, zuloa egitera jaisteko eta lur zakuak jasotzeko erabiltzen genuen gela itsuan geundela, funtzionarioak tailerrera sartu ziren eta guk ez genuen ganbarara igotzeko astirik izan. Bertan geratu beharra izan genuen».

Bitartean, gauza asko gertatu ziren kalean, eta eurek haien berri jakiten zuten; esate baterako, Villaescusa eta Oriolen bahiketa, Estatu espainoleko Erreforma Politikorako erreferenduma...

Ihesaren amaiera

Urtarrilaren 31 egun normala izan zen, harik eta iluntzean teilatuan gordetzen zuten eskailera falta zela ohartu ziren arte. «Handik gutxira, tailerretan zarata baino ez zen entzuten, funtzionarioak histeriko, oihuka. Berehala konturatu ginen gureak egin zuela eta ganbaran gauza konprometituak ezabatzen hasi ginen. Bat-batean, ilunpetan, teilatuko berezko tranpoletik, gugandik hurbil, hanka bat ikusi genuen, ganbarara sartu nahian. Orduan, argia piztu eta ‘¡estamos aquí!’ oihukatu genuen. Ikustekoa izan zen gizon hark gorantz egin zuen jauzia. ‘¡Aquí están, los hemos encontrado!’. Beldurrez, guardia zibilei deitu zieten. Haietako batek esan zuen: ‘¡Venga, salid de ahí!’. Eta guk ezetz, ordu erdiren buruan aterako ginela, eta nahiz eta hasieran ezezkoa jaso, azkenean onartu egin zuten, zer erremedio. Izan ere, sartzekotan banan-banan sartu behar zuten, lehenengo hanka bat, gero bestea eta azkenean gorputza. Zein ausartu lehenengo sartzen?».

Ordu erdia igarota, ateratzeko esan zieten, «eta guk handik ez ginela aterako. Eurek: ‘por dónde, por la lavandería?’, eta guk, ‘no, por el taller’. ‘Joder, todavía tenéis otro agujero?’». Korrika hasi ziren teilatuetatik, baina tailerrera jaitsi zirenerako, gu behean geunden. Horretara, ez zuten gu sokatik jaitsi bitartean zigortzeko aukerarik izan. Gero, patioko horman jarri gintuzten. Guardia zibil asko ziren, txakur eta guzti. Hain zeuden urduri, ezen haietako bati tiro batek ihes egin zion. Guk Basajaun ematen genuen ia bi hilabeteko bizarrarekin! Biluzarazi, miatu eta zelda banatan bakartu gintuzten».

Zeldetan itxi eta ordubetera, zuzendaria eta zenbait funtzionario joan zitzaizkien zeldetara, epailearen aurrean egin beharko zuten deklarazioan euren aldeko datuak emateko eskatuz. «Funtzionarioen eta guardia zibilen artean kristoren zalaparta zegoen, ihes saioaren erantzukizuna elkarri egozten baitzioten. Aztertuko genuela esan genien: ‘Al menos que no nos metan 40 días de celdas’. Urduri zeuden, oso, batez ere zuzendaria, hainbesteraino non elkarrekin biltzen utzi ziguten. Azkenean, dutxetan erabaki genuen amnistia aldarrikatzeko protesta bat izan zela esatea, aste batzuk lehenago agertutako zuloa ez zela gurea, eta amnistia emandakoan pankarta batekin agertuko ginela. Ez ziguten sinistuko, baina guri bost axola. Biharamunean, gosaldu egin genuen, eta, gero, azterketa medikoa egin, dieta berezia jarri eta ilea moztu ziguten».

Handik bospasei egunetara kartzelaz aldatu zituzten ihes saio luzean parte hartu zutenak. Iñaki Puerto de Santamariako presondegira eraman zuten. «Han, zigor zeldetara sartu bezain laster, funtzionario bat etorri zitzaidan kafe bat eta liburu batekin. Nik esan nion: ‘Jode, menudo recibimiento’, eta berak: ‘el recibimiento es de los compañeros que tiene usted aquí’. ‘Pues diles que eskerrik asko’».

 

«Egiazko gertakari batean oinarritua ei da ‘Ihesaldia’ telesaila, baina ez du errealitatea islatzen»

Urte bi eta erdi pasatxo emana zen giltzapean Iñaki Aramaio Basauriko kartzelatik ihes egiteko ganbara batean gordetzea erabaki zutenean. 1974ko apirilean atxilotu eta kartzelatu zuten, soldadutza egiten ari zela. Ihes saioaren ostean, Puerto de Santa Mariako presondegira eraman zuten eta handik irten zen 1977ko apirilean aske, Madrilgo Gorteek onartu zuten Amnistia Legea zela-eta. 1979ko martxoan, berriro atxilotu eta kartzelatu zuten, urte bereko urrian Soriako espetxetik irten zen arte. 1980eko apirilean hirugarrenez harrapatu zuten eta, besteak beste, Soria eta Herrerako kartzeletan izan zen. 1987an, euskal presoen sakabanaketa hasi zenean, Almeriakora eraman zuten. 1988ko apirilean irten zen.

Arretaz ikusi du “Ihesaldia” telesaila. Dirudienez, filmaren arduradunek ihes saioan parte hartu zuten lagun birekin hitz egin zuten. «Nirekin ez, behintzat», dio Iñakik, «orain dela gutxi arte ez dut haren berri jakin. Basauriko espetxeko ganbaran idatzitako egunkari bat ere erabili omen dute filma egiteko, nik zegoenik ere ez nekien egunkaria».

Filma fikzioa da, eta ez zaio gaizki iruditzen benetako gertakari batean oinarritutako fikziozko film bat egitea; hala ere, telesail honek benetan gertatu zenarekin ez daukala zerikusirik dio, eta tratamendua kritikatzen du. «Ez du islatzen nola gertatu zen, ezta haren inguruko jendearen izaera eta jokaera ere. Zer da fikzioa eta zer errealitatea?».

Dioenez, telesailak erakusten dituen gauza batzuk pentsaezinak ziren. Esate baterako, ganbaran isilik egon behar zuten tailerrean jendea lanean ari zenean, eta ondoren eurek zuloan lan egin behar zuten; horregatik, sinestezintzat jotzen ditu telesailak erakusten dituen ganbarako zalapartak. Edo bisean biseko bisitak, amestu ere egiten ez zituztenak.

Edonola ere, okerrago iruditzen zaio protagonisten eta oro har presoen irudia: «Harroputzak balira bezala agertzen dira sozialak, eta ez zen horrela. Han denok elkar errespetatzen genuen. Filmean etengabeak dira euren eta politikoen arteko sesioak, denak oso erasokor agertzen dira, eta hori ez da inondik inora horrela. Preso sozialen eta politikoen artean ez zen inolako arazorik izan. Funtzionarioekin ere normaltasunez hitz egiten zen garai hartan, gaur egun ez bezala, eta Basaurin ez zuten preso sozial bat ere jotzen preso politikoak ginen bitartean behintzat. Bazekiten bestela salaketa jarriko genuela eta arazoak izango zituztela».

Euskal preso politikoen eta haien erakundearen irudiari dagokionez, normalago eta alaiago egoten zirela dio, ez beti bekozkoa zimurtuta; kartzela barruan erakundeko lider bat agertzea, erakundeak amnistia eta ondoren erakundea bera arriskuan jarriko zutela esatea eta oro har haren jokaera, berriz, «haluzinagarria» iruditzen zaio. «Argi utzi nahi dut gauza bat: gu ez gintuen inork presionatu, ezta kontrolatu ere, are gutxiago erakundeak. Ez dakit zein den filmaren helburua, ikusleak esan dezala, baina errealitatea erakustea behintzat, ez».

Laburbilduta, filma bestela eginda izan zitekeena ezerezean geratu izana pena handia dela uste du.

Badago Basauriko ihes saio haren gaineko liburu bat, baina argitaratu gabe, Iñakik berak idatzia. «Sarrik [Joseba Sarrionaindia] eman zidan aholkua nola egin. Euskara ondarrutarrean grabatu eta gero idazteko esan zidan. Horixe egin nuen, orduak eta orduak grabatu eta gero folioetara pasatu».