Juantxo EGAÑA

CHARLES CHAPLIN ATHARRATZEKO FRONTOIAN, PILOTAN ETA BERTSOTAN

1931ko abuztuaren 17an, “La Gazette de Bayonne” egunkariak Charles Chaplin aktore eta zinema zuzendariak Zuberoako Atharratze herrira egindako bisitaren berri eman zuen bere lehen orrialdean. Izenburu nabarmenduaren arabera, Chaplinek frontoiaren aurrean dantzatu eta euskarazko kanta bat abestu zuen. Beste hedabide batzuek, tartean “Le Figaro”-k, esan zuten Chaplinen lagun Harry d 'Abbadie d' Arrastek, euskal jatorrikoa eta "The Gold Rush" filmean haren zuzendari laguntzailea izan zenak, pilotaren gaineko euskarazko bertso batzuk erakutsi zizkiola eta Chaplinek lagunen aurrean kantatu zituela Atharratzeko frontoian. “Le Figaro” egunkariak berak zioenez, “City Lights” filmak bost hilabete zeramatzan zinema aretoetan. Argazkian Charles Chaplin ageri da, 1931ko abuztuaren 16an, Atharratzeko frontoian zesta-punta partida bat hasi baino lehen, xistera bat eskuan argazkilariari begira.