Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Hiztegi bat

Ez dakit eskoletan oraindik erabiltzen ote diren. Hiztegiak, alegia. Animalia gizen horiek. Gurean gela ertzeko apaletan gordetzen genituen. Euskarazko bizpahiru modelo izaten ziren, gaztelerazko pare bat, ingelesezko bat eta frantsesezko beste bat. Adin batetik aurrera ikasle bakoitzak bana jaso genuen; senide, auzoko edo ezagunen batek oinordetzan utzia.

Hiztegi gizenduen paper finezko orriei eusten zien kola desegin egiten zitzaigun erabiltzearen poderioz; azaleko kartoia hautsi eta kontrazaleko hizkiak letra-zopa egosiegien piezen moduan urtu. Bazirudien hiztegi barruko hitzak lotura eta itxituren kontra altxatu eta ihes egin nahian zebiltzala. Eta guk, irakasleen azalpenak gure kontzentrazio ahalmenaren gainetik luzatzen zirenean, hiztegiko orriak arakatzen genituen, hitzez hitz ibiliko ginen, norabide argirik gabe, ea letra lodiz idatzitako hitzak ondoan zetorren azalpenarekin bat egiten ote zuen jakin nahian. Hitz ezezagunen bat edo, are hobeto, bere lekutik kanpo zegoen hitzen bat aurkitzeko itxaropenetan.

Eta gure buruari galdetuko genion ea nor ote zen hiztegiak idazten zituen pertsona hori, talde edo argitaletxe baten sinadurapean ezkutatzen ziren izen-abizen horiek, dauden hitz guztiak ezagutzen dituen jakintsu hori. Ba ote dagoen hiztegietan kabitzen ez den hitzik eta, hala balitz, nork erabaki duen zein hitz sartu eta kanpoan zein utzi. Eta nola erabakitzen den ze hitzi ze esanahi dagokion; nork erabaki zuen, esaterako, gorria «odolaren, mitxeletaren kolorekoa, ostadarraren lehen zerrendako kolorekoa» dela eta ez beste kolore bat. Ba ote dagoen hiztegigile daltonikorik eta, hiztegigilea daltonikoa izateak ea hiztegigileak bisturiz ebaki eta ehunka orritan josi duen hizkuntza horren gainerako hiztunak ere daltoniko bilakatzen ote dituen.

Piztia bitxiak baitira hiztegiak, oinez ikasi zutenak eta, batzuetan, leku batean gotortu eta arantzak ateratzen dituztenak. Zauriak kontatzeko baino, zauriak sortzeko balio dutenak.

Behin eta berriz aipatzen ditugun arren, hitzak ez dira mugitzen, bertan goxo geratzen dira; ez dira iritsi behar dutenengana iristen.

Gatazkaren errelatoaren gatazka bere isatsari hozka eginda dabilen suge bat bilakatzen da. Ez baitago hiztegirik gabeko errelatorik, ez baita posible, eta gure hiztegiak mina-zelaiak baitira.

Badira zanpatu ezin diren bide lokaztuak eta baita derrigorrean zeharkatu beharreko galeriak ere. Esan ezin diren hitzak, kontatu ezin diren esaldiak eta nahitaez esan beharrekoak.

Eta hala gabiltza, bakoitza bere hitzekin, eskolako hiztegi hautsiekin, epikaren etikaz eta etikaren epikaz eztabaidan. Agian, hiztegia zakarrontzira bota eta beste bat sortzeko garaia dela ahaztuta. •