Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad
«GURE ALDETARA»

Nafarroako emakume bertsolariak saretzen eta taldea indartzen ari dira

Luzia Goñiren esapide batetik dator diskoaren izenburua, «Gure aldetara». Plazetan kantari ibili zen lehendabiziko emakumeetakoa izan zen aizaroztarra. Bada hari bat berarengandik aurreneko txapelketa probatzen ari den Ekhiñe Zapiainengana doana. Tartean, bertsolaritza bizitzeko hainbat modu, Nafarroako bertsolariak adina.

Kopuruan zein mailan, inoizko egoerarik onenean daude Nafarroako emakume bertsolariak. Baina plazaratzeko zailtasunak dituzte. Saioetan dabiltzanak bertsolarien %20 dira, eta egunotan jokatzen ari den txapelketan 24 partaideetatik sei bakarrik dira emakumeak.

Bertsozale Elkartean talde feminista bat sortu eta tiraka ibili dira Joana Ziganda (Oskotz, 1981), Irati Majuelo (Iruñea, 1993) eta Alazne Untxalo (Ituren, 1989). Azken biekin mintzatu da GAUR8 eta, kontatu digutenez, «oraindik ere inertzia asko sumatzen dira bertsolaritzan», nahiz eta azken hamarkadan erreferentziak ugaritu diren eta hori «oso positiboa» den.

Plazara ateratzea ez da erraza, eta hori ikusarazi beharko litzatekeela uste dute: «Jendearen aurrean jartzea, lotsak eta beldurrak kudeatzea, zure buruari ideiak plazaratzeko ematen diozun zilegitasuna… Kontu horietan genero aldaerak eragin handia du eta mahai gainean jarri beharko genuke auzia».

Halaber, «bertsoa ulertzeko eta bizitzeko modu ugari daudela erakusten digute neska gazteek, gure diskoan oso ongi islatzen denez, eta haiengandik ikasi beharko genuke».

Mugarri garrantzitsua

“Gure aldetara” diskoa gauzatzea bera erreminta baliagarria izan dela azaldu dute, elkar ezagutu, entzun, zaindu, baloratu, saretu eta batez ere gai direla sinesteko. CDa grabatua egotea eta zabaldu izana «mugarri garrantzitsua» izan da haientzat. Lan hori hor geldituko da betirako.

«Parte-hartzaileen artean, badira bertso eskolan abestu arren plazara salto egin ez dutenak, egun batean plaza utzi eta bueltan direnak, txapelketan eta plazaz plaza gabiltzanak… eta denak gara bertsolariak». Bakoitza bere modura edo, Luzia Goñik erraten zuen bezala, «bere aldetara», bertsolaritza bizitzeko hamaika era daudelako.

Talde feministak proposatu zuen diskoa grabatzea. Eta, CDa egiteaz gain, “Gure aldetara” saioak antolatu dituzte. Euren artean saretzea, ezagutzea, eta taldea indartzea ekarri du horrek. Proiektua gauzatzea «urteetako lanaren aitortza moduko bat» dela ere sentitzen dute.

Nafarroako emakume bertsolarien aniztasuna dago obraren muinean. Belaunaldi, eskualde eta ibilbide desberdinetako pertsonen ahotsak dira. Historia ere islatzen da harilkatzen dituzten 14 bertso sortetan.

Gai librekoak badira ere, genero ikuspegitik eta feminismotik idatziak dira. Emakumeek bertso eskoletan nahiz oholtzan dituzten errealitateek, gorputzari edo sexualitateari buruzko kezkek eta bertsolaritzaren inguruan egindako hausnarketek zeharkatzen dituzte sorta guztiak.

Hariari tiraka

“Gure aldetara” kantu feminista bat da: «Nire aldetara ibiltzen naiz, ez zait axola bertzeek zer erraten duten». Emakume batzuek hari-muturrak sortu zituzten, matazan dihardute bertzeek, eta korapiloak lotzen eta deslotzen jarraituko dute ondorengoek. Hariari tiraka ari dira denak.

Maddi Ane eta Kristine Txoperena ahizpen “Gure belaunaldiari” kantuak irekitzen du diskoa. «Ez ginenak gatazkaren/ gordinenean jaio/ baina atzera so egin/ behar dugunak soraio/ Ezer ez jakitearen/ epaiaren garraio/ Etorkizunaren porrot/ iraganen ensaio», dio bigarren bertsoak.

Azken abestiak bertsolaritzaren historiaren berreskurapenari keinu egiten dio, eta emakumeek izandako parte-hartzea eskertzen du. Plazetan kantari ibili zen lehendabiziko emakumeetako bat izan zen Luzia Goñi. 2020an hil zen. “Zuentzako” berak idatzitako bertso bat da, zeinek eta Estitxu Arozenak, Nafarroako aurreneko emakume txapeldunak, abestua. Hala dio: «Zuentzako egin dittut/ nere bertso umilak/ holaxe urte askotan/ laguntxo maitiak/ kanta zaharrak oroittuz/ baita ere berriak/ beti elkarturikan/ zahar eta gaztiak».

Taldea txapelketan ere

Haria Goñirengandik egunotan aurreneko txapelketa probatzen ari den Ekhiñe Zapiain (Bera, 2002) eta bere belaunaldiarenganaino doa. Zapiainek elkarrizketan aipatu digun bezala, «ilusioa eta batzuetan presioa» ere sentitzen du beraien izenak katearen puntan ikustean. Zortzi urteren ondotik plazara eta txapelketara bueltatu den Erika Lagomak, berriz, katebegi bat “igo” eta «karga banatzeko» ekarpena egin du. 40 urterekin, bera da txapelketako emakumeen artean beteranoena.

Dagoeneko aipatu ditugun Untxalo eta Zapiainez gain, Sarai Robles, Idoia Granizo eta Saioa Alkaiza aldarrikatu nahi ditu lesakarrak, berarekin txapelketan ari diren emakumezko kideak. Nafarroako bertsogintzaren mailaren igoeraren testigu izan da Lagoma bere itzuleran eta horretan zerikusia izan dute izen horiek.

Adibidez, Untxalo 17 urte zituenetik hutsik egin gabe ari da txapelketetan parte hartzen, bakarkakoan eta Bardoetan. Berriozarren kantatuko du gaur, bigarren finalaurrekoan. «Ibilbidea oso polita ari da izaten –agertu du–. Lagun giroan elkartzen gara prestatzeko. Espazio eroso eta segurua da. Prestaketaz gozatzea eta ongi pasatzea ezinbertzekoa da niretzat. Talde baten parte zarela sentitzea ere bai. Txapelketa banaka den arren taldeak badu bere garrantzia».

Estilo aldetik ere aberatsa

Estilo ugari jaso dira diskoan: ahots hutsez bertsoaren biluztasuna erakusten duten kantak, pianoa, gitarra edo biolontxeloa bezalako instrumentuen bidez lagundutako pieza klasikoagoak eta baita bertsoaren eta raparen nahasketa egiten dutenak ere.

Konposizioa ere askotarikoa da, koplatik hasi eta Argentinako payadoreen egituretaraino. «Sortak zeri eta nondik idatzi, zein doinu erabili… norberak hautatu du askatasun osoz», adierazi dute Joana Zigandarekin batera koordinazio lanak egin dituzten Irati Majuelok eta Alazne Untxalok.

Egitasmoaren aurkezpen publikoa ekainaren 11n egin zen, Barañaingo Kultur Plazan. Bertan diskoan parte hartutako bertsolarietako batzuk bildu ziren; egitasmoaren aurkezpenaz gain, bertso sorten emanaldia eta bat-bateko bertso saioa ere eskaini zieten bertaratuei. Horren ondotik udan hiru bertso saio antolatu zituzten, Lizarran, Iruñean eta Lekarozen. «Oso pozik» daude jendearen erantzunarekin eta txapelketaren ondotik berriro biltzekoak dira Nafarroako emakume bertsolariak.

2019ko topaketa

Diskoaren jatorria 2019an Lesakan egindako topaketa da; sormen unea, konfinamendua. Koordinatzaileek kontatu digutenez, haien lana erraza izan zen. «Bertsozale Elkarteko Batzorde Feministatik mezu orokor bat bidali genien bertsoaren bueltan dabiltzan Nafarroako emakume guztiei, eta gonbidapen ireki horri erantzun ziotenekin batera egin genuen aurrera. Herri desberdinetakoak izaki, agian zailena denok denboran kointziditzea izan zen, ezin izan genuen egun bakarrean denok bildu. Diskoa egiten ari ginen bitartean oraindik ere zenbait neurri murriztaile bazeuden indarrean, eta ezin izan genuen gustatuko litzaigukeen ospakizun festarik egin. Hala ere, sortu dira elkartzeko eta ospatzeko aukerak, eta pozik gaude, beraz».

Diskoa, azken emaitza gisa baino, Nafarroako emakume bertsolarien sorkuntza ikusarazteko eta elkarren arteko sarea sendotzeko tresnatzat hartzen dute.

Sortak material pedagogiko gisa erabiltzen ari dira eta, hartara, erreferente berriak atera dira argitara: bertsolari emakume eta nafarrak. Gainera, tradizionalki landutako bertso idatzien aldaera horrek gaur egun ere lekua baduela erakutsi dute.

Gaur egun, 2.800 ikaslek jasotzen dute urtero bertsolaritza programa Nafarroako hezkuntza sarean eta, horretaz gain, 300 haur eta gaztetxo inguru elkartzen dira astero bertso eskoletan.

“Gure aldetara” diskoa Lesakako Arranon, Erratzuko Altxuko dendan, Iruñeko Karrikirin eta Nafarroako Bertsozale Elkartean lor daiteke. Horrez gain, txapelketako saioetan ere salgai jartzen dute leihatilan.

EKHIÑE ZAPIAIN ARLEGI

 

«Hasieratik nire hain berdinak ikusi ditut bizipenetan, badakit ulertuko nautela»

Ekhiñe Zapiain Arlegi (Bera, 2002) Antropologia ikasten ari da Donostian. Nafarroako Bertsolari Txapelketa probatzen ere ari da eta sentsazioa du lehendabizikoa izateko ez dela sufritzen ari. «Egia da hagitz formatu desberdina dela. Txapelketan kantatzen duen jendearekin kantatu izan dut lehia horretatik kanpo eta aldatzen da pertsona. Hala ere, hagitz giro ona dago. Bertzalde, sailkapenaren eta horrek ematen dizun oihartzunetik aparte, txapelketa pertsonalki hobetzeko aukera gisa hartzen ahal da, eta sentsazioa dut ez ote naizen hori ongi probesten ari», aitortu du.

Aldaketa handia bizitzen ari zara, eskolartekoetatik bertze plazetara.

Pandemian tokatu denez, arraro samarra izan da trantsizio hori. Probatzen ari naiz, ea zer gustatzen zaidan, zer ez… Jaialdiak ezagutu ditut, bertso afariren bat... Gustura. Oraingoz ez dut deusekin sufritu.

Aitarengandik jaso duzu bertsotarako zaletasuna.

Ttikitan elkarrekin kantatzen genituen bertsoak. Ikastolan bertsolaritza ikasgai bezala sartu zen, gustatu zitzaidan eta bertso eskolan izena eman nuen 8 urterekin. Bertan kuadrilla egin genuen eta horrek segitzera bultzatu ninduen. Duela bizpahiru urte helduagoen bertso eskolara joaten hasi nintzen. Hor nabil.

Salto hori bakarrik egin zenuen.

Beti sentitu izan naiz nahiko babestua eta beti izan dut harreman ona helduagoekin. Bertso udalekuak harremanak egiteko leku hagitz erosoa dira. Baina ez nintzen inoiz joan eta eskolartekoetan kantatzen hasi nintzenean ez nuen inor ezagutzen nire adintsukoa. 17 urterekin bertso udalekuetan apuntatu nintzen. Hamar egunetan kristoren lagunak egin nituen, orain ere lagundu didatenak.

Nafarroako emakume bertsolarien sare hau babes bat gehiago izan da.

Bertze arrazoi bat segitzeko. Txapelketan ere nabaritu dut. Oholtzan segurtasun gehiago nuen eurekin kantatuko nuela jakinda. Hasieratik ikusi ditut bertzeak nire hain berdinak bizipenetan, badakit edozein momentutan ulertuko nautela eta lagunduko nautela. Sare hau kristoren laguntza izan da horretan. Airean zegoen, baina egin da eta badakizu babes hori hor dagoela edozertarako.

Nola oroitzen duzu 2019an Lesakan egin zen topaketa?

Eguna bera hagitz ongi egon zen. Aunitz lagundu zidan ikusteak nituen sentsazio batzuk ez zirela nireak bakarrik, adibidez, gazte sariketetan sarri nuen sentsazioa: ‘Berriz deitu didate nafarra naizelako, neska eta gaztea’.

Emakume batzuek ez dute plazaratzeko pausoa ematen.

Hori ere nire segurtasun faltagatik zela uste nuen. Hasieran pentsatzen nuen: ‘Gaizki egin baino nahiago dut ez egin’. Poliki-poliki ari gara. Zorte handia dugu Estitxu Arozena irakasle izateagatik, halako egoeretan laguntzeko sekulako gaitasuna duelako.

Ibilbidean gorabeherak izan dituzu?

Hasierak beti dira zailak. Kosta zitzaidan eskolartekoetan, gero gustua hartu nion. Etapa bat egon zen nire buruari presio handia jartzen niona eta inoiz ez nintzena gustura gelditzen. Azken boladan gusturago nabil. Lagun aunitz ikusten ditut ailegatzen direnak erran nahi duten hori erratera bertso bidez, eta ederra iruditzen zait. Bertsoa probestea zure sormena plazaratzeko. Noizbait momentua ailegatzen bada bertsoak horretarako balio didana eta horretan gustura nagoena, kristorena izanen da.

ERIKA LAGOMA POMBAR

 

«Amatasunak desagerrarazi egiten zaitu eta izate hori faltan nuen»

Erika Lagoma Pombar (Lesaka, 1981) irakaslea da, Euskal eta Hispaniar Filologietan lizentziaduna. 2013an bertso plazetatik aldendu zen, eta bueltan da orain. Altsasuko lehen finalaurrekoan «hobekixeago egiteko gogoz baina kontent» gelditu zen. «Kristoren esfortzua egin dut eta ezin diot nire buruari gehiago eskatu», aitortu du.

40 urterekin itzuliko zinela promes egin zenuen.

2011n ama izan nintzen, eta pare bat urtez kantatu gabe egon eta 2013an txapelketara bueltatu nintzen. Saio batzuk hartzen hasi nintzen, baina haurrak, lana... ez nuen indarrik denari eusteko. Bestalde, falta bat sentitzen nuen eta 40 urte borobil horiei begiratu nien. Ez badiozu zure buruari esfortzua eskatzen dizun eginkizun bat jartzen, errazena ez egitea da.

Zerk ekarri zaitu bueltan?

Pila bat gustatzen zaidan ingurua da. Bertan mugitzen den jendea interesgarria izan zait beti. Hor dauden hausnarketak, ikuskerak... Jende batekin ditudan harremanek izugarri elikatzen naute eta hori falta nuen. Amatasunak desagertzera eramaten zaitu leku askotatik eta gogorra da. Jardun publiko samar bat egin baduzu, hori biderkatzen da eta izate hori faltan hartzen nuen.

Plaza aldatua sumatu duzu?

Txapelketan, maila izugarri goititzen joan da eta Nafarroako bertsolariak egiten ari diren lana aitortu nahi dut. Salto izugarri bat eman da eta horren seinale da zein garesti dagoen finala. Bide eta konpromiso handia ikusi dut, bertsolari askorena, lanean hobetzeko. Ez da erraza, gutti direlako X plazatik goiti egiten dituztenak.

Zer ematen ari zaizu emakumeen bilgunea?

Bertze motibazio bat eman dit ahizpatasun hori hain agerian ikusteak. Gazteagoa nintzenean ez nuen inguru hori izan. Beti egon naiz gizonezkoez inguratua; gustura, baina gerora konturatu naiz falta hori nabarmen nuela. Errealitate ezberdinak bizi genituen nik eta kantukideek, nahiz eta nafar izateak aunitz lotu [irriz dio]. Poz handi bat ematen dit, zerbaiten parte izateko gogoa.

Sei emakumetik bost pasatu zarete finalaurrekoetara. Azken finaletan ez da emakumerik izan.

Proportzioari begiratzen badiozu zaila da. Nire lehen finalean Estitxu Arozenarekin egon nintzen baina gainontzekoetan emakume bakarra izan naiz.

Zer egin daiteke?

Lana egin behar da, eta gustuko eremu bat sortu. Sentitu elkarrekin ari garela eta baduzula babes bat, baduzula jendea zure testuingurua bizi duena eta ulertzen zaituena. Eta onartu sistemaren parte garela. Bertsolaritza ez dago gure gizartetik at.

Horregatik, batzuek ez dute oholtzarako pausoa ematen.

Ulertzen dut. Esposizio handia da oholtzan egotea eta, gainera, gure jarduna soka gainean ibiltzea da: inprobisatzen ari gara. Txirikordaren txirikorda da, beti erakutsi digutenean: ‘Zerbait egiten baduzu, ongi egin’. Beste muturra da. Emakumezkoen kasuan badirudi soilik brillanteak egon daitezkeela, eta hori sekulako karga da.i

Zer behar da oholtzan irauteko, batez ere amatasuna tarteko?

Gustatuko litzaidake Oihane Perea entzutea horretaz. Alaia Martin, Oihana Iguaran eta Uxue Alberdi ere bai. Nik uste oholtzan irauteko motibazioa, gogoa, denbora eta gestio emozionala behar direla. Eta jendeak zu entzun nahi izatea.