Antton Izagirre

Ikastolen alde

Garai nahasiak eta gatazkatsuak bizi ditu irakaskuntzaren munduak Euskal Herrian. Hori aitortzea ez da gauza berria, izan ere, noiz ez da egon irakaskuntza sistema jopuntuan gure lurraldearen luze-zabalean.

Garbi dago gure gizarteak irakaskuntzari funtzio anitzak aitortzen dizkiola eta badirudi zenbaitetan han eta hemen sortzen diren arazo, gabezia, ezintasun eta gatazka sozial, politiko, kultural askoren erantzukizuna eskola bidezko heziketan jartzen dugula.

Euskal hezkuntza sistemaren adar nagusietakoa osatzen duten ikastolek ere erronka hori dute. Historikoki funtzio aitzindaria bete izan dute Euskal Herriari nazio gisa dagokion hezkuntza sistema propio, euskalduna defendatu eta eraikitzeko eginkizunean eta gaur egun ere funtzio bera dagokie. Eginkizun horretan izan dituzten eta aurkitzen ari diren oztopoak, trabak eta erasoak ez dira gutxi, bai frantses eta espainiar estatuen aldetik, bai lurralde desberdinetako administrazioen aldetik.

Azkenaldi honetan ere ikusten ari gara, administrazioak ezartzen dizkien oztopoekin batera, badirela eskuin kutsuko eta ezker usteko sektoreak, ikastola kontzeptu modura, proiektu, erakunde edo mugimendu modura desagerrarazteko jokoan ari direnak. Ez dira falta komunikabideetan edo sare sozialetan haien desagertzea irudikatzen dituzten iritziak eta egitasmoak.

Ez dute sekula izan erraz baina orain bizi dituzten eta datozen garaiak ere ez dira errazak izango. Banaketa administratiboak ezarritako lege, dekretu edo debekuen bidez irakaskuntza arautuaren muga zurrunetan kateaturik, historikoki eraikitzen joan diren ezaugarriak –euskalduntzeko murgiltze eredua, Euskal Curriculuma, autonomia, nazio mailako antolaketa–, Euskal Herria erreferente duen eredu propioa eraikitzeko egindako apustua zapuzteko ahaleginetan ari diren asmo eta iritzi korronteak ez dira gutxi.

Horren aurrean, garai batzuetan ikastolen mugimenduak izan duen kemena apaldua, indarge eta kikildua dagoelakoan nago.

Dagoeneko, ez da gutxi, baina ez da nahikoa Kilometroak, Herri Urrats edo Nafarroa Oinezen jendetza biltzea. Bada garaia, Euskal Eskola Nazionalaren eta Euskal Hezkuntza Burujabearen zutabeetako bat izan behar duen ikastola, kontzeptu gisa, proiektu, sare eta mugimendu modura lehen lerrora ekarri eta “Ikastolak aurrera” aldarrikatzeko. Bada garaia. •