Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Arimak eta sinesmenak, libre

Lammert Kamphuis filosofo holandarrak kontatzen du Indiara egin zuen bidaian zur eta lur gelditu zela Varanasiko hoteleko leihotik hildakoak errausten ikustean. Herritarrak ondotik pasatzen ziren eta beren martxa segitzen zuten, senideek maite zuten pertsonaren gorpua sutan nola desagertzen zen begiratzen zuten bitartean. Sogyal Rimpoche Tibeteko maisu espirituala ere harritu zen Londresera ikastera joan zenean bertakoek heriotzarekin zuten harremanarekin. «Jendeari heriotza ukatzen erakusten zaio, eta erakusten zaio ez dela ezereza eta galera baizik», idatzi zuen.

Erlijioa sinesmenaz ere jabetu zen: zerua eta infernua ezarri zituen, sufrimendua eta etorkizuneko promesak, damuak eta barkamenak, zigorrak eta sariak. Aunitz horietatik aldentzen joan gara, baina ez gara heriotzaz patxadaz solastatu, ez ditugu sortzen dizkigun sentimenduak konpartitu eta landu. Ez balego bezala egin dugu... hurbilean tokatu arte. Eta hagitz gogorra da hori. Hotza da amaiera hutsa. Lasaigarria, sendagarria, aldiz, sinestea, benetan sinestea, zerbaitetan, libre. Eta sinesmen horiek partekatzea.

Bizi garen bitartean gure gorputza ez da gorputz soil bat izanen, gure izaera, arima eta kontzientzia baino. Esaldi hori irakurri nuenean, lehen aipatutako Kamphuis filosofoaren “Filosofía para una vida única” (Maeva, Inspira) liburu izugarri interesgarrian, sentitu egin nituen hitz horiek. Eta inspirazio une horretan ezberdin ikusi nuen dena. Arimak gorputza uzten duenean segituan hartzen du lurrak gorpua. Arima nora doan? Nik ez ditut arimak toki zehatz batean irudikatzen baizik eta hemen, gure artean, libre.

Bizitza ez da laburra, gu gara denbora galtzen dugunak, erran zuen Senekak. Nire ustez, hasi eta bukatzeak ematen dio zentzua biziari; umiltasuna ere bai. Gorrotoa gutxitzeko eta kidetasun gehiago sentitzeko ere balio behar luke, heriotzaren gaian denok goazelako tren berean. Zirkulua itxiz, hasierara itzuliko naiz. Jaio aitzinetik ere arimak badirela erranen nuke, edo hori sinestea gustatzen zait. Jaiotzea zorte handia da, eta aukera handia. •