Jon GARMENDIA

Agurretan

Getxon, lehenengo faseko lehen saioko agurrean kantatu zuen Alaia Martinek «baina nik gogoko dut hormak pitzatzea/ patuaren aukerak amortizatzea/ bilatzen zailak diren hitzak ehizatzea/ ideiak su motel ta goxoz gixatzea/ olatuak kostari ez abisatzea/ ez al da hori bizitza inprobisatzea?», galdera nori bota zion zalantza gelditu zitzaidan. Hitzak ehizatu eta doinua jarrita finalera merezita ailegatu dela ez dut zalantzarik. Gotainen agurtu zituen zaleak Nerea Ibarzabalek, «maskaratuta daude gugan milaka hitz/ haien larru labainkor atzapar eta mintz/ baina adi bagaude lasai tentu handiz/ jaiotzen ikusiko ditugu lehen aldiz» kantatuta, eta hiltzen bezala sortzen, biziberritzen ikusi dugu bera txapelketan, gaztea izanagatik zein bertsolari heldua den gozatuz. «Lehorte garai hauetan buru askorik ez da lugorri/ sormenak lana ta esfortzua izaten ditu jatorri», bota zuen lehen bertsoa Joanes Illarregik Elizondon, eta Picasso iruditu zitzaidan inspirazioa existitzen dela erranaz, baina lanean atzeman behar zaituela azpimarratuz. Gaztetasuna dakar leitzarrak, bertsoa hori da, zer izango den ez jakitea zehazki, baina disfrutatuko duzula jakinda. «Orain pluraltzat dauzkagun hontan plazak ta bertsolaritzak/ nor gaude eta nor falta dira zer hartzen dugu herritzat/ mezu ezkorren udazken hontan/ mundua omen dago kolokan/ ta hara hemen argi printzak/ orain nahasten zaizkigun hontan zuriak beltzak ta grisak», Durangon Beñat Gaztelumendik agurrean berean erakutsi zigun zenbat konplexutasun datzan bere barnean eta konplexurik gabe zeinen ongi taularatzen dituen. Saio berean agurtu gintuen Aitor Mendiluzek «ni naizena ekarri nahi nuke ahora/ tarteka lortzen badet zerbait izango da/ ia zer kontatzen den gidoitik kanpora» kantatuz, baina bera plan seguru bat da, ideiak guduan ezarri eta neurri eta metrika perfektua duen zelaira ekarriz. Sustrai Colinak Baionan agur hau bota zuen: «Nahiz ur tanta bihurtzen den artean laino/ Aturri ailegatzen den Kantauriraino/ nik itsasora salto egitea baino/ nahiago ibaian gora jo zuenganaino/ heltzeko emozioen iturbururaino». Hala egin du, eta ilargira begira jarri gaitu, erdi betea badago, txapelaren punta dela sinets dezagun. Ametsek berriz, Donibane Garazin agurrarekin sintesi bat egin zigun, zuzen goazen jakin genezan «Ta bide batez nondik joaten da Garazitik Iruñara/ erromes batek esan dit handik Arnegi ta Orreaga, ta Xalbadorrek hobe Esnazu Kintoa ta Urkiaga, baina onena ta ederrena izango da beharbada, sekula inor pasa gabeko bidetik joaten bagara».

Eta bide horretan, Maialen Lujanbioren agurraren zain nago. •