Itzea URKIZU ARSUAGA

Hordigarri

Kulturak horditutako aje-egun batetik bestera doan denbora da abendua. Gandua leihoetan, txapa berokian, minberatutako behatzak abarketan. Hilabete zirraragarri bezain estresagarria, agendak errenkadan jartzen dizkigun hitzorduak merezi bezala gorpuzteko.

Inon pasio kolektiboei idatzitako odarik baldin bada, ez da urruti ibiliko gure abenduaren deskribapenetik. ‘Gure’ diot, nahiz eta ez dakidan lehen pertsonako plural horretan denok tokirik ba ote dugun; batzuek tokia egin izanak beste zenbaiten azkura sortu ote duen. Baina aitortuko dut neroni naizela euskaltzale finaren abenduari oda idatziko liokeena, erromantizismo gehiegizkoz bizi baitut urte amaiera.

Pentsa, beraz, Durangoko Azokaren barrunbeetara estreinakoz gerturatzea zer izan den: zurrunbilo ederra. Imajinatzea euskarazko milaka hitz nola irakurriak, gozatuak, azpimarratuak eta tolestuak izango diren. Edo, ikustea, nik lehen bulkadan sekula aukeratuko ez nituzkeen liburuei askok bigarren ilaratik besoa luzatu dietela.

Irudi hori memorian izozten, otu zitzaidan denbora daramadala, ia erabat, idazle emakumeen literatura irakurtzen. Nire burmuin emozionalak behar duela haien ahotsetara, kontatzeko moduetara eta gaietara jotzea; hautu bera egin duela burmuin arrazionalak ere. Sinplea bezain primitiboa baita norbere errealitatea beste inoren ahotsean entzuteak sortzen duen lasaitua: haien unibertsoetan kabitzen da nirea.

Halakoz josia izan da aurtengo BTN. Pandemia osteko txapelketa berantiarra izatera zetorrena, bertsolaritzaren paradigma-aldaketa lekukotuko duen txapelketa izango baita egiazki. Eta ez naiz hiru emakume finalistaz ari: ari naiz begirada berriez, kode aldaketa batez. Aspaldi urratzen hasitako bidea zabaltzen ari diren guztiez.

Lotsa pixka bat ematen dit azken urteotan gutxien jarraitu dudan txapelketaz idazteak. Baina, tira, bertso saioak nahieran ikustea salbazio jainkotiarra da ia, bi urteko haurraren ama ere baden emakume okupatuarentzat. Eta hori ere kabitzen da ‘gure’ unibertsoetan.

Hordi gaitzala finalak! •