Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Txapelketako istorio batzuk

Txapelketa batean ezagutu nuen gerora urtero bisitatu nuen landetxe goxoa. Jabea etxeko zapatiletan etorri zitzaidan bila. Bertsozaleak dira haiek ere eta saioak komentatzen genituen. Bertze txapelketa batean, mendi punta batean amaitu nuen, kotxeko gurpilak lohi tartean trabatuta. GPSari segika, gero eta bide estuago eta aldrebesagoetan bueltaka harrapatu ninduen gauak, oinak dardarka pedaletan. Argiekin keinuak egin nituen eta baserritar bat hurbildu zitzaidan bere linternarekin. Konpainia egin zidan, eta erreskatatzera etorri zen lagunari argibideak ematen lagundu. Oraindik senti dezaket lagunaren besoetan bilduta hartu nuen lasaitua.

Puntuazioa eta agurrak aditu eta frontoi eta kiroldegiak husten direnean tap-tap-tap teklatuan gelditzen nintzen kronika idazten, bertze lau katurekin batera, desmuntatze guztiaren eta bat-bateko tenperatura jaitsieraren lekuko, batzuetan eskuak hotzez motelduak eta normalean ezpainak txokolatez bustita.

Entzule gisa, berriz, lasterka ibili izan naiz BECeko pasilloetan, lehen lerroetan jartzeko, eta eskuak erre zaizkit txaloka. Buelta eman dit bihotzak. Burua kargatu zait tentsioagatik, bertsolariekin batera sortzen saiatu naizelako.

Bertze batzuetan, sofan, manta eta berendua magalean barneratu naiz gaietatik tiraka asmatutako mila eta bat istoriotan.

Gertakari handia izan da niretzat aspaldian txapelketa, udazkena alaitu dit. Aurten, zatika baino ezin izan dut jarraitu, etxetik, Gheko apoarekin eta Masha eta hartzarekin tartekatuta. Ohartzen naiz semeak eta biok berdina nahi dugula, ipuinak entzutea, eta biok antzera hunkitzen garela. Unax bularrean, Alaiaren ganbarakoarekin bete-betean identifikatu nintzen, eta berekin kantatu nuen «hartzazu lasai titia eta lasai egin negar/ ta nahi dugun erritmoan askatuko dugu elkar», indartuta, momentu horretan nagoelako orain. Norbere bizipenen arabera tekla batekin edo bertzearekin ukituko gaituzte gehiago, baina niretzat txapelketa, eta zabalago bertsoa, beti da ikasketa iturri atsegin eta lagun. •