Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea
{ KOADERNOA }

Lope de Vegak ez zuen bat-batean bota bere sonetoa

Poema bilduma bat plazaratu berri du Harkaitz Canok, “Pozaren erdia”. Bilduma osatzen duten 64 poemetan ezohiko egitura baliatu du: sonetoa. Ezohikoa baina ez ezezaguna. Konposizio poetiko hori maiz asko metapoesia egiteko erabili izan da, eta Canok ere bere zenbait piezatan hala egin du («Rolls Royce auto bat da sonetoa, alajaina...»). Horixe egin zuen Felix Lope de Vega poeta espainiarrak “Un soneto me manda hacer Violante” ezagunean, metapoesia eta jolasa, sonetoa nola egin azaltzeko sonetoa.

Orain aspaldi ez dela irakurri nuen saiakeratxo batean Jorge Leon Gusta katedratiko katalanak dioenez, “Lope” filmak pentsarazten duen arren soneto hori lagun artean bat-batean bota zuela, ez da inprobisazioa, ezta originala ere. Eta badirudi ez dela, ez, inprobisazioa; izan ere, 1617an argitaratutako komedia batean errezitatzeko idatzi zuen. Originaltasunari dagokionez, haren jatorria, Leonen ustez, Pieraccio Tedaldi poeta florentziarraren beste soneto bat da, XIV. mendekoa. «Haren antza hain da nabaria, ezinezkoa ematen baitu Lopek ez ezagutzeak», dio katedratikoak. Eta XVI. mendeko beste soneto oso antzeko biren berri ere ematen du. Edonola ere, ez dio meriturik kendu nahi poeta madrildarrari, hura bere testuinguruan kokatu baino. Espainiako Urrezko Mendea delakoan imitazioaren printzipioa nagusi zela dio, egileek ez zutela hutsetik abiatuta asmatzen, tradizio baten barruan baino, eta bertan ahots propioa bilatzen zutela.

Neurriari dagokionez, Canoren sonetoek hamalau silabako lerroak dituzte, eredu alexandrinoaren arabera; Shakespearek hamarrekoak idazten zituen; soneto frantsesak hamabi silabako lerroak ditu, eta espainiarrak hamaika silabakoak. Hamaikakoak ditu Lope de Vegak Violanteri egindakoak... eta hamaikakoak Gabriel Arestiren biek, Durangoko Azoka zabaldu orduko ezagutarazi zituztenek. Beharbada, hizkuntza dela-eta, 1953ko poema bi horiek ez dira Durangorako egokienak, baina erlijio liburuan idatzi zuen jabetza-oharra edonorako aproposa da, hizkuntza gorabehera: «Liburu hau Gabriel Aresti Segurolarena da, bere gogoz kontrako arrazoiak direla eta».

Durangoko zurrunbiloa igarota, euskal kulturaren hurrengo bilgunea Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala izan zen astebeteren buruan. Finala baino lehen eta Arestiren sonetoen berri jakin aurretik, Bilboko saioan haren beste poema baten aipua egin zuen Saioa Alkaizak bere ganbarako lan bikainean, finalerako moduko bertsolaria dela erakutsita; “Nire aitaren etxea” poemarena, hain zuzen. «Ez otso, ez lukurreri», biak batera baizik: «bankuaren abixua».

Eta joan den igandekoaren gainean, zer esan. Iruñean, hiru emakume oholtza gainean, batez beste bertsolari gaztexeagoak... ez zegoen gehiago eskatzerik. Nik ere finalerako zerrenda egina nuen, baina ez nuen asmatu. Launa sartuko zirela espero nuen, eta hala nahiko nukeen, baina sartu zirenetatik inor kanpoan geratu gabe. Edonola ere, hogei baino gehiagoko finalista taldean ez nuen huts egin.

Bertsolaritzak, Lope de Vegak ez bezala, ohikoa du bat-batean egitea. Baita, bertsolariek joan den igandean ez ezik urtean zehar ere erakutsi izan duten moduan, tradizio bat oinarri, berritu eta ahots propioa bilatzea ere. Eta hura aurkitzea. •