Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Elkarrizketa
SARAI ROBLES VITAS

«Oinen pisua oholtzan dudala sentitu nahiko nuke, oso kontziente kantatu»

Barañain, 1996. Seigarren Nafarroako Txapelketa du aurtengoa eta bigarrenez heldu da finalera. Finalista berriaren zapatak erantzita, oinak lurrean finkatuta kantatu nahiko luke Nafarroa Arenan, finala kontzienteki zapaldu.

(Jagoba MANTEROLA | FOKU)
Mutiloa, Leitza, Iruñea. Hiru pauso finaleraino. Nolakoa izan da bidea?

Lehenengo saltoan, Mutiloakoan, nire sentipena izan zen ez nengoela oso zentratua. Bizitza pertsonalean gauza asko batu zitzaizkidan eta Mutiloara bizirautera joan nintzen. Leitzara oso-oso urduri joan nintzen, finalera ez sartzearen aukera oso presente neukan eta baneukan sentipena ez banintzen sartzen atzerapauso bezala biziko nuela. Presio horrekin joan nintzen Leitzara, baina egunean bertan inoizko aldarte onena izan nuen bertsotarako. Niretzat Leitzako saioa mugarri bat izan zen alde horretatik, saio osoan zehar oso kontzentratuta egotea lortu nuelako eta bertsoz bertso joan nintzelako. Mentalki oso aldarte onean nengoen eta horrekin oso pozik. Iruñekoa, ikusiko da. Gogotsu nago, baina errealista.

Bigarren finala zuretzat. Berriaren aulkia dagoeneko ez da zurea.

Duela bi urte nire helburua finala zen eta horretara joan nintzen itsu. Ez nuen asko pentsatu final bat zer den, zer suposatzen duen, zein helbururekin joan... Gauza horiei ez nien buelta handirik eman. Aurten daukadan sentipena da kokatuago noala finalera. Pixka bat ezagutzen dut, badakit zer izan daitekeen eta zer ekar diezadakedan ondoren. Niretik kantatzeko eta gauzak gehixeago pentsatzeko gogoarekin noa.

2023ko finalak zer ekarri dizu?

Bertsoen ekosisteman txapelketek sekulako pisua daukate eta baita finalek ere. Egia da beste toki bat ematen dizula mundutxo horretan. Horrek saio gehiago dakartza eta alde horretatik positiboa izan da. Baina, maila pertsonalean, duela bi urteko txapelketak leher eginda utzi ninduen, finalak batez ere. Denbora bat eman nuen bertsoekin pixka bat desmotibatuta eta aurten hori ez gertatzea saiatzen ari naiz. Nire burua prestatzen ari naiz txapelketaren ondorena lasaiagoa izan dadin mentalki eta emozionalki.

Aurten finala Nafarroa Arenan da. Ba al du eraginik?

Nik uste dut eragin positiboa daukala. Guk duela dezente bagenekien finalaren tokia aldatu egingo zela. Anaitasunak balio sinbolikoa dauka, baina bazituen gauza batzuk ez hain onak; adinekoentzat ez da erosoa, nahiko hotza da... Uste dut denok gogoz hartu dugula Nafarroa Arenarako aldaketa. Azpiegitura aldetik oso toki ona da eta badauka sona; Txapelketa Nagusiko finala bertan egin zen, pilota txapelketa asko bertan egiten dira, baita kontzertu handi asko ere... Ilusioa egiten du horren parte izateak egun batez behintzat. Oso ilusionatuta nago.

Zer findu nahiko zenuke finalera begira?

Ahalko banu Leitzako aldarte hori izan finalaren egunean, horrekin oso pozik nengoke. Oinen pisua oholtzan dudala sentitu nahiko nuke, ez nagoela hegan, ez naizela urruntzen ari bertsoetatik. Oso kontzienteki kantatu nahiko nuke. Uste dut duela bi urte ez nengoela sentipen horren bilaketan ere. Aurten hori da nire helburua.

Aurreko txapelketatik, ganbarakoa hasteko denboraren mamua jarraika al daukazu?

Ganbarakoan nire ahulgune handiena denbora da eta pixka bat jarraitzen nau, bai. Beldurra ere hartu izan diot. Denbora oso gauza neurgarria da, denboran sartzen zara edo ez. Badakit hobetu egin behar dudala, baina badaude mamu gogorragoak eta buelta ematen zailagoak.