Erika Lagoma
Bertsolaria
{ KOADERNOA }

Angel, Nasma eta Ana Dulce (III). Eusle proiektua

Hezkuntza sistemaren ezagutza selektiboa dugu, tokatzen zaizun hori ezagutzen dugu soilik. Ikasle etorkinen errealitatearen txatal batzuk ekarri nahi izan ditut lerro hauetara. Gaurkoa hirugarrena.

2019-2020 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko lau ikastetxe publikotako 60 ikaslerekin abiatu zuten Eusle ekimena. Eusle hizkuntza-murgiltze programa bat da, EAEko hezkuntza-sistemara etorri berri diren ikasleei eskolako komunikazio-hizkuntza, euskara, eskuratzeko prozesua errazteko pentsatua. 2025-2026 ikasturtean, 2.300 ikasle ari dira 133 ikastetxe publikotan programa honen aterkipean.

Urtearen joanean Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailetara eta Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailetara etorri berri diren ikasleek, eta urte batean HIPI laguntza jaso dutenek hartu dezakete parte programan. Bi ikasturtetan HIPI laguntza jaso dutenek ezin dute parte hartu. Eusle programak 24 hilabeteko iraupena du, baina 36 hilabetera arte luzatu daiteke. Helburua A2 maila eskuratzea da. Murgiltze-gelan ez daude hamabi ikasle baino gehiago, taldea osatzeko gutxienekoa sei ikaslekoa da.

Eusle gelak bere irakaslea du, egunean bi-hiru ordu pasatzen dituzte Eusle gelan, astean, gutxienez, hamar ordu, eta gehienez, hamabi. Horretarako lehen orduak erabiltzen dira. Arratsaldeko saioak ezin dira erabili. Badago eskola guztietan espazio egokirik Eusle gelak kokatzeko? HIPI irakasle asko gelarik gela ibiltzen dira deslai leku bila.

Integrazio politikak diseinatzeko esparru teorikoan hiru dira ardatz nagusiak: inklusiorako ikuspegi integratua, aukera berdintasuna ziurtatzea eta hizkuntza-laguntzatik harago joatea. Ikasleen premietara egokitu behar da laguntza eta behar den denboran luzatu. Eusle programak, aldiz, iraupen mugatua dauka.

Programa honekin apustu bat egin da. Metodologia jakin batekin egiten da lan, ordu gehiagoz. Tamalez, ez dira ikasle etorri berri guztiak aintzat hartzen. Kanpo-ebaluazioek erakusten dute ikasle etorkin ia guztien emaitzak bertako ikasleenak baino nabarmen okerragoak direla konpetentzia guztietan. Hizkuntza ikasi eta aldi berean jakintza-arloak landu behar dituzte. Badute irakasleek tarterik materialetan ikasle hauek behar dituzten hizkuntza egokitzapenak egiteko? Umetan iristen direnek ibilbide luzeagoa dute aurretik, baina nerabeek denbora mugatua dute.

Zenbat Eusle ikasle izango dira gai bi urtean A2 maila lortzeko? Utziko al diote hezkuntza-errendimendu apalagoa izateari? Eskola lehenago ez uzteari? Lehen edo Bigarren Hezkuntzako ikasturte bat errepikatzeko ikasle ez-etorkinek baino hiru-lau aldiz joera handiagoa izateari? Datuek erakutsiko digute. •