GB1984-EH2026
David Peaceren “GB84” irakurtzen -berrirakurtzen- ari naiz. Ingalaterra, Gales eta Eskoziako meatzariek beren lanpostuen alde urtebete luzez Margaret Thatcherri nola egin zioten aurre kontatzen du, maisuki. Ezagutu ez zutenak harrituko ditu borroka haren dimentsioak: 200.000 langile inguru batu ziren grebara eta era oso bortitzean erantzun zuen Gobernuak (piketeen aurkako errepresio basatia, eremuaren militarizazioa, zigor bereziak, infiltrazioa)… Tresna guztiak -legalak, alegalak eta ilegalak- baliatu zituen Thatcherrek mugimendu sindikala lehenengo ahultzen hasi eta azkenean menperatzeko. Gerra zibilaren kutsua hartu diote zenbait analisigilek orduko talkari, eta ez da gehiegikeria: ikatz ekoizpena handia bazen ere, meategien etorkizuna baina askoz gehiago zegoen jokoan, gerora frogatuko zenez. Grebalarien porrotak bidea erraztu zien kaleratzeei, pribatizazioei, murrizketei, prekarizazioari. Gaur arte.
Geroztik 42 urte pasa dira eta gauzak nabarmen aldatu dira, asko. Edo, akaso, ez hainbeste? 1980ko hamarkadako industria jardun klasikoaren “eraberritze” haren ostean beste batzuk etorri dira arrapaladan: trantsizio informatikoa, trantsizio digitala, trantsizio energetikoa, laster adimen artifizialarena eta errobotizazioarena. Langileen izaera bera eraldatzen joan da. Meatzarien greba hark ikatz meategiek bezain “exotiko” dirudi gaurko talaiatik begiratuta. Hamarkadotan eskubide batzuk lortu dira, eta, beste batzuk, bidean galdu. Azken urteotan lan jarduna murriztu egin da, eta “produktibitate” deitzen den hori, biderkatu.
Kontrako lubakira begiratzen badugu, Trumpen lotsagabekeriak txiki utzi du Thatcherrena. Autoritarismoaren ikur zirudiena erraz gainditu dute. Ultraeskuina langileen babeslez mozorrotuta ageri da, pentsaezina zena, eta hauteskundeetan oparo ateratzen ari zaio. Errepresio bide berriak sortu dira, batzuk sotilagoak, beste batzuk basatiagoak. Baina itxuraldatze horren guztiaren azpitik sakoneko talka ez da hain ezberdina.
Euskal sindikalismoaren gehiengoak aldaba jo zuen duela hilabete batzuk oinarrizko euskal soldataren aldeko greba orokorra deituz. Argumentario zabal, ulergarri eta oso zentzuduna aurkeztu zuen, nire irudiko. Edozein kasutan, orduan ulertu ez zuen edonori begiak irekitzeko aukera etorri zaio gero. Aberastasunaren banaketa bidegabekoago bati ekin diote han eta hemen, eta bide bortitzenetik egin dute, gainera: gerrak abiatuz. Urrezko aroan dira, beste behin, arma saltzaileak eta energiaren jauntxoak. Eta krisi berri baten pean gainerakook, baina ez neurri berean: pobretutako herrialdeetan bereziki hasi dira atzaparkada nabaritzen, energia erreserba murritzagoak dituztelako, eta gurean gogorrago astinduko du 1.500 euro baino gutxiagoko soldata dutenen poltsikoa.
Sindikatuen jardunaren inguruko zalantzak nahiko zabalduta dauden garaian etorri da hau guztia: langile guztiak ordezkatzen ote dituzten, herritar arrunten onerako jokatzen ote duten, kontrabotere huts gisa jokatzen ari ote diren, beren arteko lehiak ulergaitzak ez al diren… Bolo-bolo dabiltzan usteak dira horiek guztiak, kontuan hartu eta aztertu beharrekoak. Greba honek berretsi du, ordea, horren guztiaren gainetik iraganari begira jarrita, galdu ezinezko borroka erreferentzia direla sindikatuak; orainaldia aztertuta, neoliberalismo ultraeskuindar eta gerrazalearen aurkako ezinbesteko lubaki; eta etorkizunari so eginez, gizarte eraldaketarako funtsezko eragile. Eta asmatzen dutenetan, atzo, gaur eta beti, egiazko iparrorratz. Zalantzarik balego, gomendio bat apaltasunez: Peaceren liburua irakurri, National Union of Mineworkers sindikatuaren gainbehera gogoratu, eta geroztik izan diren Thatcher guztiek egindako aurrerakadari erreparatu. •



