Josu Ozaita
Antropologoa
{ GASTRONOMIAREN ANTROPOLOGIA}

Azken-aurreko koilaragilea

Bixente Saez de Vicuña Gauna koilaragilea, bere lantokian.
Bixente Saez de Vicuña Gauna koilaragilea, bere lantokian. (Josu OZAITA)

Poteoan gabiltzanean, arau ez idatzia da “azken tragoa” ez esatea. Azken-aurrekoa, beti. Azken hogei urteotan, koilaragile edo cucharero bakarra dago Kanpezun. Ez azkena, ordea. «Egun on» esan, eta irribarre batekin erantzun dit: «Bixente naiz eta Kanpezun bizi naiz». Gustatzen zaio tarteka euskarazko hitzak sartzea elkarrizketan, euskaltegian bi urtez ikasitakoa ez herdoiltzeko.

TXIRRI-TXIRRI, HERRIARI NORTASUNA EMANEZ

Bixente Saez de Vicuña Gauna (1951) hurbila da, txirri-txirri, bizi eta mugimenduan ibiltzea gustatzen zaiona, saltsan. Bere tailerreko ateak ireki eta tertuliarako tartea hartu du, zulatzeko makina itzalita, oraingoz. Kanpezuarrak “koilaragile” edo “txirrikero” bezala dira ezagunak, hori da beraien goitizena. Koilarak egiteaz gain, duela hamarkada asko, baleontzientzako poleak egiten omen zituzten, eta, poleak egiten zuen “txirri-txirri” soinua dela eta sortu zen “txirrikero” terminoa. Kanpezuko auto gehienetan, bertan egindako koilaratxo eta sardexka txiki bat daude barruko atzerako ispiluan zintzilik.

Koilaragileen herrian, herri nortasun eta identitate hori bizirik mantentzen du Bixentek. Gaixotasun larri bat izan zuen pizgarri egurrezko tresnak egiten hasteko. Ia 50 urte zituen, eta, behin euskara ikasita, bere herriko izaera horri eusten saiatu zen, eskulangintza hori praktikatuz. Espejora lehen azokara joan, eta tresna guztiak saldu zituen. Seinale bat izan zen hura.

Gaixotasunak kolpe bat eman dio azken urtean, eta urtebete geldirik egon da. Hala ere, berriz indarberrituta, biltegia betetzen hasi da berriro: «Bizitzeari ez diot beldurrik».

KOBAZULOETATIK TAILER TXIKIETARA

Belaunaldiz belaunaldi igaro den jarduera izan da, noiztik ez dakigula. Diotenez, lehengo tailerrak kobazuloetan zeuden. Etxetik astoarekin atera eta bertara joaten ziren lanera. Egurra txikitu eta bertan egiten zituzten koilarak. Gau aldera etxera jaitsi eta bertan amaitzen zituzten egunean egindako piezak. Pobrearen irudimena eta bizitza aurrera ateratzeko gaitasuna ederrak baitira.

Kobazuloak atzean utzitakoan, tailer txikiak egin zituzten herrian, eta, hala, makina bat pertsona bizi ziren koilaragintzatik Kanpezun, milaka koilara eginez. Garai batean, Patricio Echeverriaren enpresetan egiten zituzten bihurkinentzat kirtenak ere egiten zituzten. “Garai modernoak” etorri arte. Bixente hasi zenean, galtzear zegoen jarduera zen jada. Jendeari galdezka, praktikatuz, milaka pieza egin ditu gaurdaino. «Galdetuta iristen da Erromara, galdetuta ikasi dut ofizioa».

Bixente Saez de Vicuña Gauna koilaragileak Arrea jatetxearentzat egindako piezak. (ARREA)

Xarma du tailer txikiak. Argazkiz josita dago Bixenteren txoko kutuna. «Nire jendea» dio, bere bizitza hormetan zintzilik ikustean: Alavesen posterra, San Fermin santua... eta lanerako erremintak. Bertan sartzera gonbidatzea, bere bizitza elkarbanatzeko atea irekitzearen parekoa da. «Koilarak soilik egiten dituzu, Bixente?», galdetu diot. Irribarrea atera zaio. Ezer esan gabe, kartoizko kutxa handi bat atera du mahaiaren azpitik, kalera irten eta, Doraemonen sabela magikotik bezala, tresna mordoa atera ditu. Azken urte hauetan egin dituen makina bat lanabes, tresna, erreminta edo apaingarriren ereduak dira. Bixenteren ikerketa eta garapen partikularra, memoria altxor forman.

Laneko botak errazago kentzeko asmakizun bat erakutsi dit lehenik. Eta, ondoren, sorkuntza guztiak: argizaiolak, arrano beltza, eguzki-loreak, zintzilikarioak, belarritakoak, haurrentzako jostailutxoak, azkura kentzeko egurrezko behatzak... Jakina, sukaldaritzarako hainbat tresna ere erakutsi dizkit: egurrezko irabiatzaileak, sardexkak, motxilan eraman eta txorizoa mozteko taula txikiak, entsalada nahastekoak, gurina zabaltzekoak, latak irekitzeko laguntzaileak, espatulak, eta bai, dozenatik gora koilara desberdin.

«Eta hau, zer da?», galdetu diot nik, ume txikia bizilagunaren etxera jolastera joaten denean bezala. Zoketa edo kaixuleta da, igitaiarekin garia moztean, beste eskuko behatzak ez ebakitzeko babesa.

«Eta beste hau, zer da?». Parrilla bat da, bertan egiten dituzte babarrunak, edo, haragia erre; lagunartean, txoko berezi hartan bazkaltzeko. Gitarra eta harmonika jotzea maite ditu, eta hartarako giroa sortzen denean, ez du momentua alferrik galtzen uzten, eta musika joz eta abestuz bizitza bera ospatzen dute: «Ederki bizi gara herri txikietan!». Beste irribarre bat.

EZPEL ZATI HURA

«Zer nahi duzu, koilara edo sardexka?», bota dit boteprontoan. Ezpel zati bat hartu du kanpoan duen egur pilatik. Lehenago, egur zati horiek egosi egiten ditu bidoi batean, zenbait orduz, izerdi guztia bota dezaten, inoiz ez zartatzeko. Lehortzen uzten ditu zenbait hilabetez. Ezpela da gehien erabiltzen duena: «Egur gogorra da, altzairu herdoilezina».

Tailer txikian sartu eta tornuzilean ipini du, bi egurren artean, goxo. Eredu bat hartu eta arkatzarekin markatu du egurra. Zerran moztu du ondoren. Belarriak soinu txirrikero batek hartu dizkit, tinpanoak zartatu dizkit zulatzeko makinak. Gelditu eta irratia piztu du: «Horrela hobeto, musika entzunez». Gorka Urbizu entzuten da irratian: «Gauzak ez dira horrela, gauzak horrelaxe daude...».

Ez da lan oso fisikoa, baina pazientzia eskatzen du. Behin trukoa harrapatuta, erraz ari da. Lixarekin forma ematen dio, zakarkeriak leundu. Di-da batean, ezpal zatia koilara bilakatu da. Harritu egin naiz. «Ttipi-ttapa, korrika», esan du barre artean. Orduan, mahaitxoan eseri eta espartzuarekin laztandu du. Bere azala behatzekin ferekatuz.

Koilaragilea, bere tailer txikian lanean. (OZAITA)

Basozainekin ondo konpontzen da Bixente. Basozainak Bixentez oroitzen dira ezpel bat kendu behar dutenean. Jendearekin egoten da, mendira joan eta kirola egiten du egurra jasotzeko, sormena lantzen du pieza bakoitzarekin, ezpel zati bakoitza interpretatzen du: «Egurra bizirik dago». Pieza bakoitza bakarra da, bizitza propioa du. Aurrerantzean ere bizirik jarraituko du, gure inguruko edozein sukaldetan. Gure basoetako puska bat biziberrituta.

Eta ez, sukaldeko tresna guztiak ez dira berdinak. Badaude, fabriketan, milaka errepikapen, berdin-berdin egindakoak. Eta badaude eskuz landutakoak ere, bizirik daudenak eta gure bizitzan eragiten dutenak. «Ez naiz aspertzen, eta errutinak jaten banau, Edortarengana joaten naiz ardo gorri bat hartzera. Eta orduan, pieza berriren bat eskatzen dit, konpondu beharreko arazoren bat planteatzen dit nire sormena probatzeko», bota du.

HAUSNARKETARAKO PERRETXIKOAK

Amaieran, Edorta Lamori deitu eta bazkaltzeko geratu gara. Arrea jatetxeko burua bera, gustatzen zaio inguruko artisauekin elkarlanean aritzea: Bixenteren laguna da dagoeneko. Done Bikendi Haranera joan gara biok. Lehenik, “Vito” denda-tabernara. Xarma berezia duten eta sartu orduko maiteko duzun txoko horietako bat da: ardo bat hartzen ari den bizilaguna, lixiba erostera doan gaztea... Dendariak zigarro paketea ematen dio bati eta, jarraian, umeen meriendarako urdaiazpiko egosia mozten dio beste bati. Bidaia atzerantz, nostalgia zirraragarria gorputzean. Garagardo bat botilan eta olibak erosi ditugu, eta, alboko jatetxean, perretxikoak gozatu ditugu, basoa ahoan sentitu. Edortak maite du sorpresarekin jolastea.

Berriketan hasi eta koilaragileen etorkizunaz hitz egin dugu. Edortak sinetsi nahi du Bixente ez dela azkena izango, ofizio duina iruditzen baitzaio, herrian bizi eta lan egiteko aukera aparta. Adimen artifiziala agintzen hasi den garaiotan, horrelako lanek protagonismoa har dezaketela komentatu dugu, berriro itzul daitezkeela. Izan ere, atzera egiteak ez du beti esan nahi beti okerrera egitea.

Adi! Edorta jende arrunta baino hamar urte aurrerago bizi da-eta!