Isidro Esnaola

Azeriak oilategia zaintzen

Nahiko harrigarria egiten zait nola barneratzen ditugun politikoki zuzenak kontsideratzen diren jarrerak eta ohiturak. Zerbait kritikoa esan behar badugu, aldez aurretik zerbait positiboa esaten dugu ondorengo hitz kritikoak leuntzeko. Adeitasun jarrera horrek buruz buruko elkarrizketan kritikak onartzea, edo, gutxienez, solaskideak egindako aipuak kontutan hartzea laguntzen du.

Baina iritzia modu publiko eta orokorrean ematen denean, hori bera lekuz kanpo gelditzen da. Modu horretan aritzeak bakarrik balio du estereotipoak indartzeko eta aldez aurretiko iritziak finkatzeko. Esate baterako, Europan oso ohikoa da norbaitek Errusiari buruz hitz egiten duenean, batez ere kritikoki hitz egiten ez badu, berehala hastea Vladimir Putin presidentea kritikatzen, agintari autoritario dela esanez, adibidez. Egia da Errusiako sistema politikoak hutsune asko eta nabarmenak dituela, baina baita Europako beste estatu askok gabezia demokratiko handiak dituztela ere: botere politikoaren menpekotasuna, botere ekonomikoaren nagusitasuna, duda-mudako prentsa askatasuna, ustelkeria, eta abar luze bat. Baina gabezia horiei buruz inork ez du ezer esaten, edo, aipatzen direnean, ez da zalantzan jartzen estatu horien izaera demokratikoa. Eta, horrela, sortzen joaten da irudi bat, bai Putinena bai Errusiarena berarena ere: Putin pertsona arriskutsua da eta errusiarrak ez dira fidagarriak. Batzuetan, goi mailako karguek ere gezur horiek barneratzen dituztela iruditzen zait. Ahaztu egiten zaiela Putinen atzean estatu bat dagoela eta hartzen dituen erabakiak ez direla inondik inora pertsona baten harrikadak.

Batzuekin horrela jokatzen den bitartean, beste batzuekin, aldiz, kontrakoa gertatzen da: pertsona publiko jakin batzuek izan dituzten jokabide itsusiak, txarrak edota deitoragarriak aipatzea bera ere gustu txarrekoa dela dirudi. Kasu horietan isilean gordetzen dira aipu horiek. Pertsona horiek orbangabe agertzen dira iritzi publikoaren aurrean. Horri esker beraien hitzek pisu handia hartzen dute. Horrela gertatzen ari da azken bolada honetan Greziarekin zerikusia duten bi pertsonarekin. Alde batetik dugu Europako Banku Zentraleko burua den Mario Draghi. Kargu hori hartu aurretik, Goldman Sach International bankuko lehendakariordea izan zen. Banku horrek esku hartuta bukatu zuen krisi finantzarioan jokatutako paperagatik. Europan zuen arduradunetako bat Draghi jauna zen. Postu horrek ahalmen exekutiboak ematen zizkion, eta, hori dela eta, garai hartan Greziako lehen ministroa zen Kostas Karamanlis berari aholkuak eman zizkion. Karamanlisekin tratatu zuen gaia ez zen inolaz ere orbangabea: gerora jakin den moduan Greziako zorra ezkutatzeko bideak aztertu eta gauzatu zituzten. Beraz, banka pribatuan lan egiten zuen bitartean, Europako instituzioak engainatzera dedikatu zen Draghi. Ematen du hori Europako erakunderen bat zuzentzeko curriculum bikaina dela; antza, bere garaian iruzur egiteko aholkatutakoak presionatzeko hautagai ezin hobea bihurtzen zaitu. Zeregin horretarako zuzeneko jakintzarik ez zaio faltako behintzat...

Beste alde batetik, Europako Batzordea zuzentzen duen Jean-Claude Juncker berak ere baditu ezkutatzeko moduko kontuak. Luxenburgoko lehen ministroa eta Finantza ministroa zela, nazioarteko multinazional esanguratsuenekin isilpeko hitzarmenak sinatu zituen. Hitzarmen horien bidez, enpresek ez zuten apenas zergarik ordaintzen, ez Luxenburgon ez inon. Hau da, Europako Batzordeko egungo burua denak enpresa handiek iruzur egiteko isilpeko sistema bat martxan jarri zuen. Edozein ikuspuntutatik eskandalagarria den jarduera horrek ez du inolako ondoriorik izan. Junckerrek bere postuan jarraitzen du. Are gehiago, berak zuzentzen duen Europako Batzordeak programa bat proposatu du enpresek zergak saihesteko erabiltzen dituzten bideak mozteko! Zuzeneko jakintzarik ez zaio faltako Junckerri ere horrelako proposamenak egiteko, baina borondatea? •