Dabid LAZKANOITURBURU
BIPARTIDISMOARI «BYE BYE»

Britainia Handiko sistema politikoa irauliko dute maiatzaren 7ko hauteskundeek

Ehun urte luzez «tory» edo laboristek irabazi izan dituzte beti hauteskundeak Britainia Handian, gehiengo osoarekin gainera, gehiengo sinplearen sistemari esker. Hori, baina, pikutara joan da azken urteotan. Maiatzeko hauteskundeetan sei alderdi daude lehian eta SNP eskoziarrak izan dezake etorkizunaren giltza.

Bipartidismoaren adibiderik borobilena izan da betidanik Britainia Handiko sistema politikoa. Tory eta laboristak, kontserbadoreak eta «britainiar erako sozialdemokratak» boterean tartekatu dira 1929tik hona, batez ere Bigarren Mundu Gerraz geroztik. Winston Churchill politikari kontserbadoreak 1951n Downing Street kaleko 10. zenbakira itzultzea lortu zuen hauteskundeetan, adibidez, bi alderdiok bozen %96,8 eskuratu zituzten.

Maiatzaren 7rako deituta dauden bozetan, ordea, botoen bi herenak ere ez omen dituzte bilduko. Eta ez da gaurko kontua, azken hamarkadotan nabaria izan baita bipartidismoaren krisia erakusten zuen joera. Duela bost urte, 2010ean, David Cameron egungo lehen ministroak hauteskundeak irabazi zituen, baina gehiengo osotik urrun geratu zen eta liberal-demokratekin osatu behar izan zuen gobernu koalizioa; «naturaren aurkako» akordiotzat hartu zuten askok. Akaso zerikusia izango zuen horretan 1945ean Bigarren Mundu Gerra bukatu zenetik Britainia Handian izandako lehendabiziko gobernu koalizioa zela.

Hain zuzen ere, maiatzaren 7ko hauteskundeen aurretik ere, koalizioan gobernatu beharrak eragiten du bi alderdi nagusien nora eza. Kontua ez da bakarrik ez dakitela bietatik zeinek irabaziko dituen hauteskundeak, baizik eta dagoeneko jakin badakitela irabazita ere ia ezinezkoa izango dutela gehiengo osoa lortzea (Wetsminsterreko 650 eserlekuetatik 326 lortu behar dira). Normala, beraz, bi alderdi historikoen agintariak nerbioak jota egotea. Inkestek botoen %32 inguru ematen dizkiete biei, puntu bat gora edo behera. «Kasino batean gaudela ematen du», azaldu du Stephen Fielding Nottinghameko Unibertsitatean Historia Politikoko irakasleak. Horrela ulertzen da bai David Cameron lehen ministro kontserbadoreak bai Ed Miliband hautagai laboristak Barack Obamaren kanpainak zuzendu zituzten aholkulariak kontratatu izana. Izan ere, mirari bat behar dute bai murrizketa sozialak egin dituen lehen ministroak bai hautesleen artean onarpen eskasa duen Milibandek.

Sei alderdi, sei

Ez da gutxiagorako. Inkestek diotenez, sei alderdik dute parlamentura iristeko eta beren botoekin etorkizuna baldintzatzeko aukera. Liberal-demokratekin batera, lehiakideak sortu zaizkie tory eta laboristei bai eskuinetik bai ezkerretik. Eskuin muturrean, UKIP Erresuma Batuaren Independentziaren Alderdia azaleratu da indar handiz, Europar Batasunaren aurrez aurre uhartearen izaera aldarrikatuz Nigel Farage demagogoaren gidaritzapean. UKIP alderdi bozkatuena izan zen Britainia Handian iazko europar hauteskundeetan. Bozen %27 eskuratu zituen, Europaren aurkako botoa bereganatuz eta bide batez egoera ekonomikoaren ondoriozko britainiarren haserrea aprobetxatuz. Egia da parte hartzea oso urria izan zela, hauteskunde europar guztietan bezala, eta 4 milioi boto «besterik» ez zituela behar izan Faragek irabazteko. Estatu frantsesean, adibidez, gauza berdina gertatu zen FN Fronte Nazionalarekin.

Irakurketak irakurketa, ukaezina da emaitzon garrantzia. Izan ere, 1929tik, lehen aldia izan zen alderdi berri batek, kasu honetan UKIP, hauteskundeak irabazten zituela. Depresio Handiak baldintzatutako 1929ko hauteskunde horiek urte gutxi batzuk lehenago sortutako Alderdi Laboristak irabazi zituen. Esanguratsua oso, egun Europa jasaten ari den krisi gordina gerra arteko egoerarekin alderatzen duenik badelako.

Bestalde, laboristen ezkerrera ere badira aldaketa haizeak. Berdeak indarberrituta azaltzen dira aspaldiko partez. Ingurugiroaren defentsa egiteaz aparte, ezkerreko politikak aldarrikatzen dituzte, Tony Blair lehen ministro ohiak bultzatutako Hirugarren Bidearen ondorioz laboristek erabat albo batera utzi zituztenak. Berdeekin, UKIPekin eta gobernu koalizioan izandako liberal-demokratekin batera, SNP alderdi eskoziar independentistaren gorakada izugarria ere aipatu behar da.

Londresetik gero eta urrunago

Britainia Handiko politikak egun bizi duen ziurgabetasuna ulertzeko, 60ko eta batez ere 70eko hamarkadan alderdi abertzaleek lortutako lehen garaipen elektoralak kontuan hartu behar dira, bai Eskozian bai Galesen ere, laboristen gotorleku historikoak biak. Horri Irlandan gertatutako fenomeno bat gehitu behar zaio: Irlandako iparraldeko unionistak eta oro har britainiarzaleak kontserbadoreengatik aldendu egin ziren. Ordura arte, bi alderdi nagusiek gestionatzen, edo, hobe esanda, izozten zuten, Britainia Handiko estaturik gabeko herrien auzia –Ipar Irlandaren kasuan, berezko estatutik indarrez banatutako herriarena–.

Eskoziako auziak argi uzten du aurrerantzean gauzak ez direla berdinak izango ez Londresen ez Londresek «periferiara» begiratzeko duen moduan. Izan ere, independentistak autodeterminazioaren aldeko erreferenduma irabaztekotan izan ziren iragan irailaren 9an SNPren eta bere kideen bultzadari esker. Emaitzak emaitza, zalantzarik ez dago jada ezer ez dela berdina izango aurrerantzean, eta ez soilik lurralde antolamenduari dagokionez edo estatuaren –edo estatuen– egituraketan. Bozetan ere berebiziko garrantzia izango du SNPk azken hamarkadotan egindako lanak; pentsa, erreferenduma galduta ere, alderdi independentista gero eta indartsuago azaltzen da inkestetan.

Maiatzaren 7ko hauteskundeetan Eskoziak 59 diputatu aukeratuko ditu Westminsterrerako. Ez dirudite asko. Baina erabakigarriak izan daitezke. Laboristak beldur dira, Eskozian bertan gal ditzaketelako hauteskundeak. Egun Eskoziako barrutietan hautatutako 41 legebiltzarkide dituzte laboristek. Inkesten arabera, 30 eta 36 artean galtzera irits daitezke, 5 eta 11 eserlekuren artean geratuz. Laboristek, beraz, sekulako jipoia paira dezakete euren gotorleku historikoan, are garrantzitsuagoa dena kontserbadoreek uneotan Westminsterren aukeratutako sei legebiltzarkide bakarrik dituztela kontuan izanik. Pentsa, Eskozian tory legebiltzarkide baino hartz panda gehiago daudela esan ohi da txantxetan –Eskoziako Parlamentuko 127 legebiltzarkideetatik bakarra da kontserbadorea eta Glasgow hiriko zoologikoan bi hartz panda daude–.

Gero eta politika ezkertiarragoak defendatzen dituen SNPk, laboristak ahultzea eta berdeek Eskozian indarra hartzea du helburu (auzi nuklearra pil-pilean da). Aurreikuspenak betetzen badira, gainera, laboristen gainbeheraren etekina SNPk jasoko du, Westminterren hirugarren indar politikoa bilakatuz 50 diputatu ingururekin, tartean Alex Salmond lehen ministro eskoziar ohia. Erreferendum historikoa egitea lortu zuen Salmondek, parlamentari eskoziarren aldarrikapenak Londresen entzunaraztea du orain helburu. Bertan ez dira oso lasai egongo.

Eskoziakoa arazo larria da Erresuma Batuaren aldekoentzat. Baina arazoa etxean bertan dute. Izan ere, XIX. mendearen bukaeran eta XX. hasieran eratutako sistema politikoak XXI. mendean arazorik gabe funtziona dezakeela uste izatea da arazo iturri nagusia.

Alderdi kontserbadorea lur jabe handiek eratu zuten XIX. mendean, lur jabe handien eta Eliza Anglikanoaren interesak defendatzeko. Kapitalismoa gailendu zenean kapitalisten defentsa sutsua hartu zuen bere gain, eta, klase ertainaren eta patriotismoa ikur egiten duten langile klaseko kideen babesarekin aise irabazi ditu hainbat hauteskunde azken ehun urteotan. Laboristak, ordea, XX. mendearen hasieran jaio ziren sindikatuen eskutik, langileen interesak parlamentuan defendatzeko asmoz. Laster gailendu zitzaizkien liberalei. Erlijio kontuetan aurrerakoia zen liberalen diskurtso sasiprogresista zaharkituta geratu zen laboristek klase ezberdintasunak, aberastasunaren banaketa eta jabegoa bezalako auziak mahai gainean jartzean.

Horrela bada, boterean tartekatu izan dira orduz geroztik tory eta laboristak. Kontserbadoreak gehiagotan nagusitu zarren, ezkerrak ere izan du bere indarra. 1945 eta 1951 arteko gobernu laborista Ongizate Estatua antolatzen saiatu zen, NHS Osasun Zerbitzu Nazionala martxan jarriz. Ordutik kontserbadoreak ez dira ausartu sistema hori bertan behera uzten, gogor salatu izan duten arren.

Eskozian, Galesen eta Ipar Irlandan erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrerak eta Londresekiko mesfidantza handitzen ziren bitartean, britainiar bipartidismoak beste krisialdi bat pairatu zuen, baina sistemaren barne-barnetik. 1960ko hamarkadan kontserbadoreen eta laboristen hautesleen asperdura sumatzen hasi zen, eta liberalak izan ziren haserrealdi horren onuradunak.

Ingalaterra erdialdeko eta hego-ekialdeko hautesle kontserbadore asko liberalei botoa ematen hasi ziren. Mugimendu horrek laboristen garaipena suposatu zuen 1964ko hauteskundeetan. Baina, hurrengoetan, alderantziz gertatu zen; hala, laboristen gotorlekuetan, Eskozian, Galesen eta Ingalaterra iparraldeko hiri industrializatuetan, bozak eskuratzen hasi ziren liberalak. Laboristentzat arazoa larritu egin zen Alderdi Liberalak eta laboristen zatiketa batetik sortutako sozialdemokratek itun bat sinatu zutenean. Ituna izenarekin hauteskundeetara aurkeztutako kolazioa laboristengatik bi puntura geratu zen kontserbadoreek irabazitako 1983ko bozetan. Hori bai, gehiengo sinplean oinarritutako hauteskunde sistemari esker, laboristek 209 eserleku eskuratu zituzten, eta, Itunak, 23.

Margareth Thatcherren aroa zen eta bipartidismoa ez zegoen oraindik arriskuan. Bere ondorengo John Mayorrek, gainera, sekulako emaitzak lortu zituen 1992an, Komunen Ganberan gehiengo oso aise eskuratuz. Kontserbadoreek ez zuten sumatu ere egin azken aldia izango zela. Antzeko zerbait gertatu zitzaien laboristei, Tony Blairrek hiru hauteskunde irabazi zituen jarraian, urtetik urtera sostengua galtzen joan arren. Kontuan izan behar da sistemak laboristei mesede egiten diela sarri, herrialde osoan hedapen orekatuena eurek baitute, eta, hala, tarte txikiarekin eskuratzen diren eserleku gehienen borrokan izaten baitira.

UKIPen agerraldi indartsua

2010ean, azkenik, bipartidismoaren porrota agerian geratu zen. Liberalek 59 eserleku eskuratu zituzten eta indar hori Cameron kontserbadorearen gobernuan sartzeko baliatu zuten. Baina horrek egonezina sortu du bere hautesleen zati handi batean: establishment-aren alderdi bilakatu dira eta maiatzaren 7ko hauteskundeetan porrota iragartzen diete inkestek. Gobernuan gehiengo sinplearen sistema aldatzen saiatu dira, baina kale egin dute, eta horrek ere Parlamentuan laugarren indarra izatera zigortuko ditu.

Berdeei eta UKIPeko eskuindarrei ere ez die mesede egiten sistemak. Eskuin muturra botoetan hirugarren indarra izango da, bozen %15arekin, baina horrek ez dizkio bost eserleku baino gehiago emango (agian gutxiago). Berdeek ere botoen %10 espero dituzte, baina gehienez ere bi diputaturekin konformatu beharko dute.

Kontuak kontu, britainiar sistema politikoa errotik aldatzeko ordua iritsi dela argi dago. Orain arteko bere onuradunen egonezina ulergarria da, baina gero eta gehiago dira sistema itxi eta zahar horretatik irteteko beharra ikusten dutenak. Leihoak ireki nahi dituztenak. Agian, ordea, beranduegi da jada. Eskoziar independentistak datorren legegintzaldiko giltzarri bilaka daitezke. Eta, nahiz eta diputatu gutxi eskuratu, Europatik aldentzeari buruzko hausnarketa indartu egingo da UKIPen emaitzekin. Eta ehun urteko eskemak mantentzen tematu direnak izango dute horren erantzukizuna, ez beste inork.

 

SNP, Londresko «kanpo eragile» nagusia bilakatzeko bidean

Iragan irailaren 18an Eskoziako independentzia erreferendumean unionismoa gailendu zenetik, subiranistek 2015eko maiatzaren 7ko data ezarri zuten mugarri moduan euren agenda politikoan. Orduan ospatuko dira Erresuma Batuan hauteskunde orokorrak eta denek ziurtzat dute SNP alderdi independentista eskoziarrak toki garrantzitsua hartuko duela Londresko Komunen Ganberan, hirugarren indarra bihurtzeraino.

Westminsterrerako hauteskundeek prozesu independentistaren bidea markatuko dute, eta alderantziz.

Azken urteotan Eskozian gertatutakoak eta iazko erreferendum kanpainak zuzeneko eragina izango dute Londresko eserlekuen banaketan. SNPk independentismoak 2014an izandako hazkundearen inertzia balia dezake, eta, Alderdi Laboristak, berriz, kontserbadoreekin batera kanpaina egitearen ondorioak jasan ditzake. David Cameronen eskutik joateak haustura handia suposatu du eskoziar laborismoaren baitan, eta inkestek boto galera handia aurreikusten dute.

Atzera begiratuta, 2010eko maiatzaren 6an egindako hauteskundeetara, orduko hartan Westminsterrerako Eskozian hautatutako 59 eserlekuetatik 41 izan ziren laboristentzat, SNPk 11 besterik lortu ez zituen bitartean. Kontserbadoreek sei eserleku bereganatu zituzten eta azkena Alderdi Liberal Demokrataren eskuetara joan zen. Bost urte geroago, aldiz, banaketa goitik behera aldatuko dela argi dago. Hala egiaztatzen dute kaleratutako inkesta guztiek ere. “The Times” egunkariak otsailean argitaratu zuenaren arabera, adibidez, eserleku guztiak bereganatuko lituzkete SNPk eta laboristek, baina proportzio oso desberdinetan. Laboristek 30 eserleku galduko lituzkete, 11 soilik eskuratuz; gainontzeko 48 eserlekuak SNPk hartuko lituzke.

Emaitza historikoa litzateke, Eskoziaren estatusaren gaineko eztabaida Londresera eramanen lukeena. Ildo horretan, kontuan izan behar da orain arte Londresek kanpo arazo bat moduan planteatu duela beti gaia. Zaila dirudi azkenean horrelako legebiltzarkide banaketa bat ematea, baina ziurtzat jotzen da Westminsterreko «kanpo eragile» garrantzitsuena bilakatuko dela SNP.

Eskoziatik beti iritzi izan dute Londresek «iparraldean ahaztuta» zituela, eta, egia esan, hegoak ardura gutxi erakutsi du Newcastletik gora gertatzen zenaren inguruan. Haatik, dirudienez, oraingoan hauteskundeetan gertatzen denak inpaktu berezia izango du. “The Times” egunkariak argitaratutako zenbakiak egiaztatuko balira, edo emaitzak horretatik gertu geratuko balira, Britainia Handian gobernu laborista bat izatea ezinezkoa litzateke. Izan ere, Alderdi Laboristak berak esan du noiz edo noiz ez lukeela inoiz koalizio gobernu bat osatuko SNPrekin. Kontua baina honakoa izan daiteke aurrerantzean: SNPren laguntzarik gabe ezinezkoa bihur daiteke laboristentzat gobernura iristea. Eskozia betidanik izan da laboristen indar eremua, laboristen emaitzak indartu dituen gotorlekua. Egungo egoeran, baina, Ed Milibandek oso zail dauka Downing Streeteko 10. zenbakira iristea.

Hain da handia independentziaren aurkako “No” kanpainak laborismoari oraingoan pasako dion faktura, ezen Jim Murphy eskoziar laboristen liderrak ere bere kanpainan “Yes” hitzaren indarra baliatu nahi izan duen. “Yes” hitza independentismoarekin dago lotuta uneotan Eskozian, baina hauteskunde orokorretan aurreikusitako galera dela eta, mugimendu estrategiakoa egitea erabaki zuen Murphyk. Modu horretan Alderdi Laboristatik SNP edo Alderdi Berdera ihes egingo duten botoak ez galtzea zen asmoa. “Yes for Labour” marka erregistratuta,Murphyren estrategiak 2010ean Alderdi Laborista bozkatu baina iaz independentziaren alde egin zuten ia 200.000 eskoziarrak zituen jomuga.

Behin marka erregistratuta, otsailaren amaieran Murphyk berak kanpaina aurkezteko asmoa zuen. Hala ere, aurretik hainbat hedabidek zabaldu egin zuten kanpainaren edukia eta “Yes” hitza bereganatzeko ahaleginak kritika ugari jaso zituen. Hori dela eta, kanpaina bertan behera utzi zuen Murphyk, iragan urtarrilaren 14an hainbat webgune erregistratu ondoren “Yes for Labour”, “Yes for Scottish Labour”, “Yes Scottish Labour” edo “Yes Labour” bezalako izenburuekin. Polemikak polemika, argi geratu da laborismoak “Yes” hitzak transmititzen duen baikortasuna bereganatu nahi izan duela, erreferendumaren kanpainan erabilitako mezu negatiboari aurre egin asmoz.

Laboristek euren gotorleku historikoetako batean zuten indarra ez galtzeko ahaleginak egiten dituzten bitartean, kontserbadoreek Eskozia albo ondorio moduan ikusi dute. Sekula ez dute indar handirik eduki irlaren iparrean, eta euren politikak hegoan zentratzeak galerarik ekarriko ez diela jakitun, Eskozia ahaztuta utzi dutela esan daiteke. Are gehiago erreferendumaren ostean. Esandakoa ezer baino hobeto azaleratzen du Gobernu kontserbadoreak planteatutako “Boto ingelesak lege ingelesentzat” egitasmoak.

Proposamenaren erabat kontra agertu dira Eskozian, baina kontserbadoreei Erresuma Batuko hegoaldean botoak emango dizkio segur aski, hau da, kontserbadoreen garaipenak oinarritzen diren lurretan. David Cameronek bultzatutako neurria, azken batean, Eskoziarentzako botere gehiagoren eskariari erantzun zuzen moduan uler daiteke. Azken finean,alderdi guztiek egin dituzte euren kalkuluak eta guztiak bat etorri dira Alderdi Laborista independentzia erreferendumaren biktima nagusi moduan eta Alex Salmond gehien indartutako buruzagi gisa azaltzerakoan. Salmond berak, erreferendumaren emaitza jakin eta ordu gutxira, bere kargua utzi zuen Londresera bidean jartzeko. Izan ere, Salmonek argi du independentziaren erreferendumaren bigarren zatia Londresen jokatuko dela maiatzaren 7tik aurrera.