Jose Angel Oria
LEE KUAN YEW

Giza eskubiderik gabeko arrakasta ekonomikoaren ereduaren sortzailea

Langabezia, pobrezia eta etnien arteko liskarrak nagusi ziren herrialdea, Asia osoko lekurik aurreratuenetako bat bihurtu zuen Lee Kuan Yew hil berri den agintariak. Baina irudi argi horrek badu iluntasunik atzeko aldean: giza eskubideak sistematikoki urratzen dira Singapurren eta oposizioa betidanik isilarazita eduki du aginteak.

Orain aste pare bat eskaini zioten azken omenaldia Lee Kuan Yew Singapur diseinatu zuen gizonari. 91 urte zituela hil zen, biriketako gaitz batek jota, martxoaren 23an, eta hurrengo igandean egin zitzaion omenaldi ikusgarria.

Eguraldia lagun izan ez bazuten ere, milaka lagunek eta bazter guztietatik iritsitako agintariek esku hartu zuten ekitaldian, 31 urtez Asiako hiri-estatu horretako agintari izandakoari sekulako arrakasta ekonomikoa leporatzen baitzaio, bidean baztertuta utzi zituen giza eskubideei ezertarako erreparatu gabe.

Langabezia, pobrezia eta etnien arteko liskarrak nagusi ziren herrialdea, Asia osoko lekurik aurreratuenetako bat bihurtu zuen Lee Kuan Yewek. Egokia litzateke Singapur gaur egun herrialde aberats bat dela esatea, baina berehala gogora ekarri beharko litzateke oso erregimen autoritarioa dela nagusi bertan, eta ustezko arrakasta ekonomiko horrek ez duela eragin singapurtarrak zoriontsu izatea, inkestek aditzera ematen dutenez. CNN telebista katearentzat Gallup konpainiak munduko 148 herrialdetan egindako Happy Planet indizearen arabera, Singapur ageri zen orain bi urte zoriontasun gutxieneko herrialdeen artean, Irak eta Armeniarekin batera, garai hartan GAUR8n idatzi genuenez.

Mundu osoko agintariak

«Urte askotan gure herria gidatu zuen argia itzali egin zaigu», nabarmendu zuen Lee Hsien Loong lehen ministroak, hildakoaren semeak. Singapurko Unibertsitatean egindako ekitaldian egon ziren ere Bill Clinton AEBetako presidente ohia eta Henry Kissinger estatu idazkari ohia, Shinzo Abe Japoniako lehen ministroa, Park Geun-Hye Hego Koreako presidentea eta Tony Abbott Australiako lehen ministroa, bertan bildutako agintari ezagunenak aipatzeagatik.

Unibertsitateko bidean milaka lagunek egin zioten azken agurra. Familia osoak bertaratu ziren: batzuk negarrez aritu ziren; besteak, hildakoaren izena oihukatzen, eta, bakarren batzuk, gorpua zeraman autoari loreak botatzen.

Lee Kuan Yewek 1990ean utzi zuen lehen ministro kargua, baina ez zuen inoiz Gobernua utzi, berak beti baitzuen eserleku bat gordeta, berarentzat propio sortutako kargu bati esker. Parlamentari ere hil arte izan zen.

1923an jaio zen Singapurren bertan, Txinatik etorritako hakka etniako familia batean. Garai hartan uhartea Britainia Handiaren kolonia bat zen. Bertara joan zen Leeren birraitona, XIX. mendeko azken urteetan, Lee Kuan Yewek bere biografian kontatu zuenez.

Ama hizkuntza, ingelesa

Malaysieraz eta kantoneraz (Txinako hegoaldean erabiltzen den txineraren dialektoa) egiten bazuen ere, ingelesez egin zituen ikasketak uharteko Raffles ikastetxean, bertako familia aberatsenetako umeak joaten ziren lekuan alegia.

Ingelesa zuen ama hizkuntza. Britainia Handiko Cambridgeko Unibertsitatean egin zituen Zuzenbide ikasketak, oso nota onekin gainera.

Unibertsitatean hasi aurretik japonieraz egiten ere ikasi zuen. Bigarren Mundu Gerran japoniarren propaganda bulego batean egin zuen lan, aliatuen aldeko espioitza lanak egiteko. Gerra amaitzen ari zela, okupatzaileek ia-ia exekutatu egin zuten.

Leeri ez zitzaizkion gustatzen ez britainiar kolonizatzaileak ez japoniarrak. Hala ere, onartzen zuen kolonizatzaile horiek ere bazituztela gauza onak: eraginkortasuna eta elitismoa, «gizarte bateko elitearen alde eta eliteak sortzearen alde egiten duen sistema», hiztegiaren arabera.

Britainia Handitik itzultzean, ordura arte gehien erabili zuen Harry Lee izena utzi eta jaio zenean jarri zioten Lee Kuan Yew hartu zuen. Gainera, Txinako beste hizkuntza batzuetan trebatzen saiatu zen, eta herrialde erraldoiko kultura eta baloreak hobeto ezagutzeko ahaleginak egin zituen.

Txinarekiko lotura beti zaindu izan zuen Singapurren sortzaileak. Gainera, Txinako agintari komunistekin oso ondo konpondu izan zen.

Xi Jinping presidenteak berak «txinatar herriaren aspaldiko laguna» deitu zion hil eta berehala. Nazioartean estatuburu eta estratega moduan zuen ospea nabarmendu zuen Xi Jinpingek.

Eragin handia Txinan

Hala ere, bi herrialdeetako agintarien artean izan ziren liskar batzuk ere, batez ere singapurtarrak Txinan nekazari askori lurrak kendu izana salatu zuenean. Malaysian eta Indonesian 1960ko hamarkadan altxamendu komunistak izan zirenean ere harremanak gaiztotu egin ziren.

Edonola ere, Willy Lam adituaren ustez, «zilegi da Singapurko ereduak Txinaren garapen ekonomikoan sekulako eragina izan duela esatea». Lamek erantsi du Singapurrek ere alderdi politiko bakarreko estatu baten ezaugarriak dituela, Txinak bezala alegia. Kontuan hartu behar da Lee Kuan Yewek sortu zuen PAP Herritarren Ekintzarako Alderdiak egin diren hauteskunde guztiak irabazi egin dituela.

PAP alderdia 1954an sortu zuen, komunistekin bat egin ondoren. Baina ezkertiarrak kanpoan utzi zituen gero, agintarien laguntzarekin: atxilotu egin zituzten ekintzaile komunista gehienak. Eta 1959an bihurtu zen Singapurko lehen ministro. Garai hartan autonomia zuen uharteak, baina independentziarik ez. Singapur Malaysian sartzeko ahalegina egin zuen Leek, baina esperimentuak porrot egin zuen, uhartean sortu ziren etnien arteko borroken eraginez.

Oposizioa isilarazi

Malaysiarekin bat egiteko aukera baztertu ondoren, Singapur bera aldatzen hasi zen. Txinatar jatorrikoa da Singapurko gehiengoa, baina malaysiar eta indiar gutxiengo handiak ere baditu. Testuinguru horretan hasi zuen ustelkeriaren aurkako borroka, meritokrazia (merezimenduan oinarritutako gobernatzeko era) bultzatzen zuen bitartean. Bi oinarri horien gainean eraiki zuen Asiako itsas garraioaren eta finantzen hiriburua. Hori bai, hedabideak eta oposizioa oso zorrotz markatuta eduki zituen beti, eta agintarien lana kritikatzera ausartzen ziren herritarrak isilarazi egiten zituen, epaitegietako salaketen eta isun izugarrien bitartez.

Era horretan lortu zuen Singapur «Asiako lau tigreetako bat» bihurtzea (besteak Hego Korea, Hong Kong eta Taiwan izan ziren).

«Ezin da Lee Kuan Yewek Singapurren garapen ekonomikoan izan duen eragin ikaragarria kinkan ipini, baina hori lortu zuen giza eskubideak sistematikoki urratuta», esan du Phil Robertson Human Rights Watch erakundeko adituak. «Erabat mugatutako adierazpen askatasuna, autozentsura eta alderdi anitzeko demokrazia ahula ere, Singapurrek orain gainditu behar duen ondarearen zati dira». Benetako demokrazia helburu, alegia.

 

7.000 multinazionalen egoitza

Singapurren azalera ez da iristen 700 kilometro koadrora eta 5,3 milioitik gora pertsona bizi dira bertan: hiri-estatuko populazioaren dentsitatea munduko handienetakoa da, hirugarren handiena Wikipedia entziklopediaren arabera.

Munduko hiririk seguruenen artean ageri da Singapur sailkapen ezberdinetan, eta bertako egonkortasuna, aberastasuna eta arrakasta ekonomikoak mundu osoko 7.000 konpainia multinazional erakarri ditu bertara. Ustelkeriari buruzko sailkapenetan ere posturik onenetan egoten da, eta gauza bera gertatzen da Justizia Administrazioaren eraginkortasunari dagokionez ere. Baina eskubide politikoei dagokien sailkapenetan atzeko postuetan bilatu behar da Asiako estatu txikia. Esaterako, bost lagun baino gehiago kalean elkartzeko Poliziari baimena eskatu behar zaio. Herritarrek protesta eremu jakin batzuetan baino ezin dute egin. Ulertzekoa da Singapurrek negozio borobilenak egin nahi dituzten enpresariak erakartzea. Uhartea paradisu fiskala izateak ere lagunduko du zentzu horretan.

Atzerriko langileentzat, berriz, infernu itxura hartzen du uharteak. Honela genion GAUR8n 2013an: «Singapurrek lehen aldiz bizi izan du langileen greba bat. Atzerritarrek egin dute, txinatar jatorriko autobus gidariek, kobratzen dituzten soldata txikiak handitzeko exijitzeko. Paradisu fiskalaren kontraesanak mahaiaren gainean ipini ditu gidarien gatazkak».