2014/03/22

Erreportajea
 
Antonio Lekuona «Matxio», Xenpelarri aurpegia jarri dion oiartzuarra

Juan Frantzisko Petriarena «Xenpelar» oso gazte hil zen, 34 urte zituela. Bizitza laburrean ibili zuen bertso bide aberatsak askorako eman du. Baina, nolakoa zen? Ayalderen Xenpelar margoa betiko geratuko da euskal ikonografian. Lan horretan ageri dena ez da Xenpelar, Antonio Lekuona «Matxio» oiartzuarra da.

amagoia.mujika@gaur8.info
P015
Antonio Lekuona «Matxio», Xenpelarri aurpegia jarri dion oiartzuarra

Gazterik hil zen Juan Frantzisko Petriarena «Xenpelar» (1835-1869), 34 urte zituela eraman baitzuen baztangak. Garai haietan arrunta zen gaixotasunak eta izurriteak hedatzea. Orduan ez zegoen oraingo garbitasun, sendabide eta txertorik eta jende asko hiltzen zen gaitz kutsakorren ondorioz. Horietako bat etxean sartzen zenean, ez omen zegoen ezer egiterik. Horrelakoetan etxeak ixten zituzten eta barruan zeudenek ezin zuten bertatik atera, gaitza gehiago zabal ez zedin. Kontatzen dute barrukoen eta kanpokoen arteko komunikazioa leihotik behera zintzilikatzen zuten saskitxo baten bidez egiten zutela.

1869an baztanga zabaldu zen Errenterian eta Xenpelarren etxeraino iritsi zen. Emaztea eraman zuen lehenbizi. 1869ko urriaren 25ean hil zen Maria Josefa, 35 urte bete berritan. Bertsolaria ez zen gaitzaz libratu. Bere azken egunetan bere arreba Maria Luisak zaindu zuen. Bere lau urteko alaba Joxepa Antoni senarrarekin utzi eta anaia eta haren hiru alabak zaintzera joan zen Maria Luisa. Erabaki potoloa izan zen Maria Luisarena, bazekielako etxe hartara joanda bere bizia eta sabelean zeraman haurrarena arrisku bizian jarriko zituela. Anaia eta ilobatxoak zaintzea lehenetsi zuen, ordea. Xenpelar 1869ko abenduaren 8an hil zen, 35 urte bete gabe, eta egun berean jaio zen Daniela, Maria Luisaren alabatxoa. Egun gutxi egin zituzten bizirik ama-alabek. Daniela abenduaren 17an hil zen, eta Maria Luisa, 18an, biak baztangaz. Harrigarria da baina Xenpelarren hiru alabatxoak bizirik atera ziren izurrite hartatik.

Bere bizitza laburrean egin zuen bideak arrasto handia utzi du gerora. Baserrian sortua bazen ere, fabrikako langile izan zen eta esaten da XIX. mendeko bertsolari fabrika-langile kaletartua izan zela. Bi munduren arteko zubia zela, alegia.

Horrez gain, bere garaiko bertsolarien lekuko izateko aukera izan zuen. Plaza eta sagardotegi giroak gertutik ezagutu zituen; lehia, desafioa, herrietako jaiak eta halakoak. Horrez gain, doinuak sortzeko gaitasuna zuen. Berak sorturiko doinu asko garaiotara iritsi dira bizi-bizi.

Ahozkoan ez ezik, idatzizkoan ere dotore aritu zen. Ez zekien idazten eta ez da jakin zeini idatzarazten zizkion, baina bertso paperetan bide oparoa egin zuen. Gizarte gaien eta politika gaien kronista ere bazen, bere bertsoek balio baitute garaiko kontuen berri izateko.

Bertsoak egiteko modu neurtua eta soila zuen, baina indartsua. «Bertso sendoak eta akats gabeak», Zabalaren esanetan. Hizkera ere bizia, irudiz eta metaforaz betea.

Nolakoa zen Xenpelar?

Oroimen ona, bat-batean asmatzeko gaitasuna, bizitasuna eta umorea berezko zituen. Bere bizitza laburrean ibilitako bertso bidea aditu askok aztertu dute gerora miresmenez.

Baina, nolakoa zen Xenpelar?

Elixabete Perez Gazteluk “Bidegileak” bilduman kontatzen duenez, «iritsi zaizkigun testigantzen arabera, txikia eta meharra zen, begi bizi eta bihurri samarrak zituen eta aurpegi kolore ‘berdexka’; ilun samarra. Besteek egindako bertsoen bitartez ere asma dezakegu oso handia ez zela izango. Olloki zaharrak Xenpelarri kantatutako bertso batean txikia zela dio: ‘Honoko txiki honek/ astinduko gaitik’. Musarrok ere Xenpelarren hezurrez honakoa botatzen du: ‘Hezur igarrak hautsitzen dizkik’».

Izan ere, bere lanaren berri iritsi da egunotaraino. Bere bertsoak, doinuak eta pasadizoak ezagutzeko aukera izan dugu. Baina, bere benetako irudirik ez dago. Gure ikonografian betiko geldituko da Antonio Valverde «Ayalde»k marraztutako erretratua. Hori da guregana iritsi den Xenpelar.

Ayaldek 1969. urtean margotu zuen erretratu hori Antonio Lekuona «Matxio» oiartzuarra eredu hartuta. Orduan 37 urte zituen Matxiok. Orain, 82 urte ditu eta begiak bustitzen zaizkio ordukoari buruz galdetu bezain pronto. Urteak joan dira, baina detaileak ondo bizirik dauzka oroimenean.

«Igande goizez bederatzietako mezatara joan ginen emaztea eta biok. Ayalde eta bere emaztea ondoko bankuan jarri zitzaizkigun. Bistaz ezagutzen nuen. Begira-begira egon zitzaidan meza guztian eta urduri jarri ninduen. ‘Marikoia’ zela pentsatu nuen une batean, eta gustuko ninduela. Bere begiratzeko modua arraroa iruditzen zitzaidan eta. Meza bukatu eta azkar asko atera ginen elizatik emaztea eta biok, eta Ayalde gure atzetik ‘hau da Xenpelar, hau da nire Xenpelar’ esanez oihuka. Ez nuen ezer ulertzen. Harrituta geratu nintzen».

Ayaldek bere buruan irudikatua

Antonio Valverde «Ayalde»k orduko Caja de Ahorros Municipal de San Sebastian bankutik enkargua jaso zuen egutegi baterako erretratuak egiteko. Gipuzkoako pertsonaia ospetsu zenbaiten erretratuak egin behar zituen, tartean Xenpelarrena. Lola Valverdek, Ayalde zenaren alabak, kontatu duenez, «gure aita oso ondo dokumentatzen zen erretratu bat egin aurretik. Artxiboetan arakatzen ibiltzen zen informazio bila. Xenpelarren irudirik batere ez zegoenez, beste bertsolariek egindako deskribapenak eta pistak biltzen jardun zuen eta pentsatzekoa da bere buruan era jakinean irudikatu zuela Xenpelar». Lola haurra zen bere aitak Xenpelar margotu zuenean. Gogoan du nola etortzen zen arratsaldero beren etxera Matxio. «Gu umeak ginen, baina oso gizon guapoa zela oroitzen dut».

Ayalde Oiartzunen bizi zen eta inguruan bilatzen saiatzen zen bere erretratuetarako ereduak. Lola Valverderen hitzetan, ohikoa zuen aitak lan egiteko modu hori, «esaterako, Juan Inazio Iztueta euskal dantzariaren erretratua egiteko Migel Mari Lasa Oiartzungo txirrindulari famatua hartu zuen eredu».

Hartara, Xenpelarren irudia buruan bueltaka zebilkiola, Matxio ikusi orduko ikusi zuen Xenpelar. «Ayalde Xenpelarren bila zebilen. Beste lau oiartzuarrekin probatuta zegoen; saiatu zen haiek marrazten, baina ez omen zen gustura geratu. Azaldu zidan nola zebilen Xenpelar marraztu nahian eta bere etxera joatekotan geratu ginen. Emaztea eta biok joan ginen hurrengo egunean bertan», gogoratu du Matxiok.

Berak Errenteriako paper fabrikan lan egiten zuen eta halaxe azaldu zion Ayalderi. «Goizeko seitatik ordubietara lan egiten nuela esan nion, eta arratsaldetan beste lau ordu estra. Berak Xenpelar marraztu behar zuela eta nire laguntza behar zuela esan zidan. Arratsaldetan lanean ematen nituen lau ordu estrak lantokian beharrean bere etxean emateko, eta berak ordainduko zizkidala ordu horiek lantokian ordaintzen zizkidaten prezio berdinean. Hamasei egunez jarraian joan nintzen Ayalderen etxera. Eseri eta han egoten nintzen, nahiko lasai. Jatekoa ematen zidan eta zato ardoa ondoan jartzen zidan. Eta bera isil-isilik aritzen zen lanean, musika suabe jarrita. Batzuetan, luze egoten zen niri begira eta, ttak, zer edo zer margotzen zuen, eta berriz begira». Matxio ondo gogoratzen da hain berezi egin zitzaizkion egun haiekin. Oso desberdina zen arratsaldea paper fabrikan lanean edo Ayalderen etxean eserita eta isilik ematea. «Orduan gaztea nintzen eta gehiago kostatzen zitzaidan geldirik egotea», gogoratu du umorez.

«Zer lan klase da hori?»

«Lau bat egun zeramanean begiratua eman nion koadroari eta nirekiko pentsatu nuen, ‘hau bukatzen ari duk’. Bosgarren egunean ja azken eguna izango zelakoan joan nintzen. Ayaldek bere emazteari galdetzen zion beti bere lanari buruz. Etorri zen emaztea, galdetu zion eta hari, nonbait, asko gustatu ez. Bat-batean, bere buruarekin haserre, Ayaldek papera hartu eta puskatu egin zuen. Eta berriz hasi zen hasieratik. ‘Honek ez dik bukatuko!’, pentsatu nuen egun horretan», kontatu du barrez.

Ayaldek Antonio Lekuona ikusi orduko esan zuen: «Hau da Xenpelar». «Argala nintzen oso eta Xenpelar ere hala omen zen. Ayalde denbora luzean aritu omen zen Xenpelar nolakoa ote zen pentsatzen eta ni ikusi orduko garbi zuela esan zidan. Ez dakit, niretzat ere bitxia izan zen. Gogoan dut paper fabrikan bulegoan lan egiten zuen lankideari nola kontatu nion Ayaldek proposatu zidana. Ea zer iruditzen zitzaion galdetu nion eta ‘Xenpelar eta kristoak! Zer lan klase da hori?’, esan zidan hasieran. Baina azkenean joateko baimena eman zidaten lantokian eta han joan nintzen, oso ondo zer egin behar nuen ez nekiela». Bulegoko lankide horrek gerora hala esan omen zion Matxiori: «Gu denak hil egingo gaituk, baina hire irudia betiko geratuko duk».

Paper fabrikako langilearen eta margolariaren lanak oso desberdinak dira. Matxiorentzat, Ayalderena lan gogorragoa zen, «pazientzia handia» eskatzen zuena. «Lauzpabost metrora jartzen zen, oihalaren aurrean. Nigana gerturatzen zen, begira-begira egoten zen, isilik, kontzentratuta, oihalera bueltatu eta ttak ukitzen zuen pintzelaren puntarekin. Eta handik tarte batera, ttak, berriro. Harrigarria egiten zitzaidan lan egiteko modu hura». Eta halako batean bukatu zuen Xenpelar margoa. «Antonioren igual-iguala, argazkia ematen zuen», esan du Matxioren emazteak ondotik.

Ayaldek Oiartzungo bere etxean pintatu zuen Xenpelar lana, Matxio bizi den etxetik oso gertu. Ayalderen etxe kanpoaldetik, Matxiorenetik bezala, Aiako Harriak ikusten dira. Baina Ayaldek etxe barruan pintatu zuen lan hori, eta gero margotu zituen Matxioren atzealdean Aiako Harriak.

«Altxatu eta martxa»

1969. urtean Xenpelar hil zeneko 100. urteurrena gogoan hartuz hainbat ekitaldi antolatu zituen Oreretako herriak. Tartean, Xenpelarri omenaldi bat Onbide zineman. Bertan aurkeztu omen zuen Ayaldek margoa. «Aitaginarrebarekin joan nintzen. Aretoa lepo beteta zegoen. Ni ikusi orduko han hasi zen Ayalde ‘Xenpelar hemen dago’ esanez. Eta jende guztia niri begira. Ba al dakizu zer egin nuen? Altxatu eta martxa, lotsa-lotsa eginda», kontatu du Matxiok.

Abentura berezi haren aurretik Matxiok bazuen Xenpelarren berri. «Bere bertsoak ikasten genituen eta bagenekien bertsolari bikaina izan zela. Gure osaba Manuel Lekuonak beti esaten zuen inoiz izandako bertsolari onena zela Xenpelar». Osaba Manueli poz handia ematen omen zion Xenpelarri aurpegia jarri ziona bere iloba Antonio izatea.

1970. urtean hil zen Antonio Valverde Ayalde, Xenpelar lana pintatu eta hilabete gutxira. Bere azkenetako lana izan zen, beraz, Matxio eredu hartuta pintatu zuen hura.

Gure ikonografian ondo txertatutako lana da Xenpelar izenekoa. Bertsolaria eta Ayalde garaikideak ez baziren ere, jende askok pentsatu izan du Xenpelar bera zela margolan ezagunean agertzen den gizonezkoa. Eta Matxiok diskrezio handiz bizi du kontua, normaltasunetik eta naturaltasunetik.

Donostiako San Telmon dago originala. Pontikako elizan ere badago irudi hori. «Esan zidaten Pontikako elizan ere bazegoela Xenpelarren irudia eta han joan ginen egun batean hura ikustera. Elizan sartu eta emakume talde bat ikusi genuen, belauniko, errezatzen. ‘Horko horri ari al zarete? Ederrari ari zarete orduan!’, esan nien. Ez zuten askorik ulertu», kontatu du umoretsu Matxiok. Gizon bizia da oiartzuarra, horretan Xenpelarren antzekoa behar du. Oiartzunen jende askok deitzen omen dio Xenpelar. Izan ere, bera da Ayalderen Xenpelar, eta beste guztiena.

 

MATXIO XENPELARREN JAIOTETXEKO SUTONDOAN ESERI ZUEN BASERRIK
 

Jose Luis Erkizia «Baserri», arraun munduan oso ezaguna den errenteriarra, eta bere familia bizi dira gaur egun Xenpelar baserrian. Badira hogei urte baino gehiago Senperelarre erosi eta berritzen hasi zirela. Baserri ederra da egun, dotorea hezur eta mami. Kanpoan irakur daiteke “Xenpelar” eta barruan igarri daiteke haren presentzia bizirik mantentzeko ahalegina. «Nik uste dut margo horren atzean Udalak Xenpelarren heriotzaren 100. urteurrena gogoratzeko egindako lehiaketa bat dagoela. Inguruko margolariei eskatu zien Xenpelarren margo bat egiteko eta iruditzen zait lehiaketa horretan parte hartu zuela Ayaldek», hasi da kontatzen Baserri. Dezente ikertu du Xenpelarren inguruan. Mahaiaren gainera atera ditu liburuak, jaiotze agiriak, errolda agiriak, egunkarietako berriak... Ez dira Xenpelar baserrian topatutako altxorrak –«hau erosi genuenean hemen ez zegoen ezer»– gerora Erkiziak bildutakoak baizik.

 Baserria erosi eta Xenpelarren irudi bakar horrekin atzera eta aurrera zebilela, bere emazteak esan zion Ayalderen margoan agertzen zena Matxio zela, oiartzuarra. «Emaztea oiartzuarra da eta Matxio bere etxetik oso gertu bizi zela esan zidan. Eta, nik, ‘Nola? Gizon hori bizi dela?’ Harrituta geratu nintzen eta elkarrizketa bat egin behar niola erabaki nuen». Matxio estropada zalea da eta Baserrirekin arrauna izan ohi zuen hizketagai nagusia hasieran. «Donostiako estropadetan urtero egiten genuen topo. Bi bat urtetan galdetu zidan, ‘Baserri, gaur zeinek irabaziko du?’. Nik esandakoari kasu egin, apustua jokatu eta sosa batzuk irabazi zituen. Eta zorretan bezala zegoen beti nirekin, beti gerturatzen zitzaidan kasu egitera eta arraunaz hitz egitera. Nik, ordea, ez nuen arraunaz hitz egin nahi, nik Xenpelarren margolan horri buruz hitz egin nahi nuen», kontatu du Baserrik. «Egun batean hizketan ari ginela esan nion, ‘ni orain arrauna utzi eta Xenpelar baserria konpontzen ari naiz’, ea lortzen nuen zirikatu eta gai horri buruz hitz egitea. Eta berak, umil-umil, ‘Ba al dakizu Ayalderen margolaneko Xenpelar hori ni naizela?’. Eta ni, pozik, ‘horra iritsi nahi nuen, Matxio, horra’».

Eta hitzordua jarri zuten, Xenpelar baserrian. «2009ko abenduaren 8an, Xenpelar hil zeneko 140. urteurrenean, egin genuen hitzordua. Gure familia eta berea elkartu ginen bazkaltzera. Eta bazkaldu eta gero elkarrizketatxo bat egin nion eta bideoz grabatu genuen. Hori zen nire helburua, Matxioren kontaketa hori gordeta gera zedila», jarraitu du. 

Handik hilabete pare batera, baserriaren bueltan lanean zebilela, Julian Albistur hurbildu zitzaion, Oreretako bertso eskolako kidea eta “Xenpelarri falta zaiona” ekimenaren bultzatzailea. «Bertsolari guztiek daukate eskulturaren bat edo bestelako errekonozimenduren bat, eta Xenpelarrek halakorik ez zuela eta, herritar talde bat horren alde lanean ari zela agertu zidan. Matxioren berri kontatu nion eta nik egindako grabaketa utzi nion. Handik hamabost bat egunera Elixabete Perez Gaztelu etorri zitzaidan, ‘Bidegileak’ bilduman Xenpelarri buruz ari zela eta. Eta hark ere ez zeukan Matxioren istorioaren berri. Egia esan azken urteotan Matxioren istorioaren berri ematen saiatu naiz han eta hemen, merezi baitu».

Izan ere, Matxioren berri Oiartzunen badute. Dagoeneko urte batzuk pilatuak dituzten oiartzuarrek badakite Xenpelarren margolan horretan ageri dena Matxio dela. Baina, hortik kanpo, ez da oso istorio ezaguna. «Pentsa, urte hasieran Udalak Xenpelarren eskultura inauguratu zuenean bertso munduko jendea bertaratu zen ekitaldira eta haiek ere ez zeukaten Matxioren berri. Gogoan dut nola harritu ziren istorio hori entzundakoan Xabier Amuriza eta Iñaki Murua, esaterako». 

Xenpelarri buruzko bitxikeria gehiago ere azaldu dizkigu Baserrik. Andoni Egaña bertsolariak eta Xabier Lizaso pianistak “Bi arreba” izeneko ikuskizuna sortu zuten duela bi bat urte, Chopinen eta Xenpelarren antzekotasunean oinarrituta. «Emanaldia ikustera joan eta beste datu bat eman nien. ‘Jerusalen de Oro’ abestia, 1967an Sei Eguneko Gerra deiturikoaren ereserki bihurtutako abestia, Xenpelarren abesti baten plagioa dela.  Nomi Shemer konposatzaile eta letragile israeldarrak hil aurretik eskutitz batean aitortu zion lagun bati hain famatu egin den abesti horren oinarrian euskal sehaska kanta bat zegoela. Eta badirudi kanta hori Xalbadorren ‘Salbatoreko ermitan’ dela».

Pasioz hitz egiten du Baserrik Xenpelarri buruz eta pozik dago azken urteotan Matxioren berri ere jakin delako Oiartzun eta Orereta inguruan behinik behin. «Ea denon artean merezi duen tokian jartzen dugun Matxio. Izan ere, erabateko umiltasunetik bizi du berak kontua. Ez dut uste askotan esan duenik Xenpelar bera dela. Ingurukoei esango zien, baina ez beste inori».

Irudi eskubideak eta halakoak ez dituela aldarrikatu inoiz, alegia.