Joseba Otondo

Banderak eta gorbatak

Banderak trapu bat izateaz harago sinboloak direla onartzen badugu, modu berean, ttattarrak edo gorbatak ere sinbolo bat direla onartu beharko dugu. Ez dut denboran gorbatari egozten ahal zaizkionak zer izan diren aztertuko, horiek nola aldatu diren... Gaur den egunean erran nahi duenaz jakitun, Gipuzkoako Diputazioko ahaldun nagusia horrekin ikusteak eragin didan harridura bertzerik ez dut hizpide. Hasteko, bistakoa dena, gorbataren sinboloaz ari naiz, ez pertsonaz, bere izaeraz, jardunaz edo dena delakoaz. Gorbata, oro har, klase pardaidetza batekin harremantzen dugu, kasta politiko jakin batekin, herritarrengandik bereizirik dagoen posizio politiko, ekonomiko eta kultural batekin. Hala, Gipuzkoako ahaldun nagusia enpresen nazioartekotza bulkatzeko hitzarmenaren sinaduran halako ehunkiarekin ikusteak zer pentsa eman dit. Izan ere, enpresen nazioartekotzearena alde batean utzita, herritarra eta herrikoia izan nahi duen gobernu baten aitzindaria Euskal Herrian halako kutsu sinbolikoa duen ttattarrarekin agertzeak, guttienik, ez ulertzea eragiten du, eta hortik goiti, norberak dakusakeena. Krisiaren gorrienean, langileen eta herri sektoreen kontrako neurriak bat bertzearen gibeletik josten direlarik, klase etsaiaren sinboloekin agertzea nahasgarria da. Eta garbi dut Gipuzkoa hamaika gauzetan aitzindari izaten ari dela eta babes soziala bermatzeko egiten ari den lana, baina langile klaseak eta herri sektoreek bizi duten deskonposizio ideologiko-politikoko garai hauetan gure identitate sozial eta politikoaren aurkaria den klasearen sinboloarekin agertzea ez da lagungarria. Batzuen begietara, zentzuzkotasuna eta zentraltasuna, heldutasuna iradoki dezake horrek, nolabait, deabru adardun eta buztandunaz harago homologarria den gobernu aurrerakoia. Alta, hori baino gehiago, inongo legek eta epaik horretarat derrigortu gabe herritarren zanpatzailea den klasearen sinboloa dakusat. •