Maider Eizmendi

InFraganti: Mikel Sanjuan

Egurra lantzen maisua da imajinatzerik ez dauden irudiak sortzeko gai delako. Aitarengandik jaso zituen tailagintzaren sekretuak, eta lanbidea gozatzen eta maitatzen ikasi zuen gero. Garaietara egokituta, pieza txiki eta bereziak egiten ditu; esaterako, gaur Azkoitia-Azpeitia lasterketan irabazleek etxeratuko dituzten garaikurrak.

 InFraganti: Mikel Sanjuan
InFraganti: Mikel Sanjuan

Bere tailerreko ateak ez ditu ixten. Burua zirrikitutik gerturatu bezain laster atzematen zaio lekuari bere funtsa. Egur usaina, txirbilak, tresneria desberdina han eta hemen... Lan egiteko mahaietako baten gainean, amaitzear dauden hainbat garaikur. Gaur bertan egingo den Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiko garaileek euren etxeetara eramango dituztenak dira, hain zuzen. «Hauek dira, nik esaten dudan moduan, kanpotik datozenek eramango dituztenak», kontatu du barrez; beste mahai batean ditu lehen azpeitiarrari, lehen azkoitiarrari... banatuko dizkietenak. Lanak denborarekin amaitzea gustatzen zaio, azken ukituak emateko denbora gehiago behar badu ere, «baina oraingo honetan lanak pilatu» zaizkio. Azken egun hauetan, beraz, buru-belarri aritu da garaikurrak fintzen eta bere gustura goxatzen.

Trofeoen ondoan du pertsona bati oparitan egiteko egurretan zizelkatutako liburuxka bat, bertso eta guzti. «Lehen taila beste modu batean egiten zen; batez ere, altzariak zizelkatzen ziren, gaur egun taila artistikoagoa egiten da; banakako lanak egiten dira», kontatu du.

Gaur egun altzariak oso gutxi lantzen dituzte, «besteak beste, modak ere aldatu direlako eta gaur egun modan dagoen estiloa askoz ere soilagoa delako, apenas altzaririk ere izaten ez duena». Joera hori aldatu bitartean ez du uste altzarigintzan behar handirik izango duenik, eraberritu nahi dituzten eraikin garrantzitsuetatik iristen zaizkion enkarguak kenduta. Moldez egiten ziren lanen enkarguak ere gero eta gutxiago jasotzen ditu. «Lehen, nolabait esateko, mekanikoagoak ziren lanak egiten ziren eta tailagilea horretara mugatzen zen, taila egitera; gaur egun diseinatu, egurra prestatu, tailatu eta bernizatu ere egin behar izaten dugu», ohartarazi du.

Hori hala, piezak balio duten adina kobratzea zaila dela uste du. «Lan bakoitzaren atzean ordu mordoa dago; horiek guztiak ezin dira dirutan eskatu, lana erosi nahi duenarentzat gehiegi delako». Egiten dituen lanekin maitemindu egiten da, izan ere. Horregatik, hain justu ere, kosta egiten zaio «amaitu dut» esatea. «Lan batekin harreman berezi hori garatzen badut, burutik kendu ezinik ibiltzen naiz eta beti ikusten dut hobetu daitekeen zerbait», onartu du.

Krisiaren eragina antzeman badu ere, lanik ez zaio falta, berea bezalako espezializatutako tailerrik ez dagoelako.

Aitaren semea

Aitarengatik jaso zuen ofizio honen eskarmentua eta elkarrekin egin dute lan, hark erretiroa hartu arte. Oraindik ere mantendu egiten du, ordea, haren mahaia tailerrean. «Oraindik ere arraro egiten zait aita tailerrean zehar ez ikustea; ia egunero gerturatzen da tailerreko martxa ikustera eta dagoeneko berak zekien adina dakidala esaten jarduten du», aipatu du barrez.

Hamazazpi urterekin hasi zen serioski zizelkatzen aitaren babespean lehenik eta pixkanaka gero eta askeago geroago. «Berezkoa izan behar da zerbait eta gero gustatu egin behar zaizu egiten duzun hori», hausnartu du.

Eguzki loreen moda

Inork esan izan balio ez lukeen sinetsiko, baina eguzki loreak zizelkatzen ordu asko ematen dituela nabarmendu du. «Lehenengoz eguzki lore bat egiteko eskatu zidatenean, ez nuen jakin ondo zer eskatu zidaten ere, inoiz ez zitzaidan bururatu ere egin halakorik egitea», kontatu du. Gaur egun esan daiteke nahi beste egiteko aukera duela. «Zalantzarik gabe gehien saltzen dudan produktua da, bai bertako jendeari, bai eta kanpotik deitzen eta eskatzen duen jendearen artean ere», nabarmendu du. Deigarria da, baina, zizelkatutako paparrekoak egiten ditu eguzki lore formakoak eta arrakasta itzela izan zuten Durangoko Azokaren bueltan. Bestelako lantxo ugari egiten ditu: kutxatxoak, tabernetarako kartelak, omenaldietarako egurrezko plakak...

Egur mota desberdinak baliatzen ditu lan mota bakoitzerako, baina zalantzarik gabe gaztaina da gehien baliatzen duena. «Ez da gehien gustatzen zaidana, aukeratu beharko banu gereziarena hautatu beharko nuke eta; oso egur berezia da», aipatu du. Gaztainak, ordea, tonuekin jokatzeko aukera handiagoa ematen dio. Intxaur beltza da, halaber, oso estima handian duen beste egur mota. «Dagoen garestiena da, baina jendeak ez dio, beharbada, horrenbesteko garrantzirik ematen egurraren marrazkiari eta ez da horrenbeste erabiltzen», nabarmendu du Sanjuanek. Bestelakoan ere ez du egur kantitate handirik behar izaten eta konfiantzazko zerrategietara joanda lortzen du.

Ibilbide luzean pasadizo ederrak bildu ditu: «Urrestillan egin zen txapelketa batean, bigarren lekuan sailkatu zena niregana etorri zen eta lehenengoarentzat prestatu nuen garaikurra egingo ote nion galdetu zidan asko gustatu zitzaiolako eta etxean apaingarri gisa jarri nahi zuelako». Emozio handiz eta harro gogoratzen du bitxikeria hura.

Irakasle lanetan

Zizelkatzen ikasi duen guztia helarazten ere saiatzen da, eta hori dela eta urteak daramatza Arte eta Diseinu elkartean eskolak ematen. «Jendea ez da ofizioa ikastera etortzen orain, zaila delako ezerezetik izena egitea eta jendearen enkarguak lortzea; afizioagatik bertaratzen da jendea gehiago». Adin guztietako jendea joaten da bere ikastaroetara, bai 13-14 urteko gaztetxoak, baita erretiroa hartu eta beti buruan izan duten afizio hori ikasteko beta hartzen duen jendea ere. Hala ere, horretan ere krisia igarri dela aipatu du, jendeak ez duelako halako ikastaroetan dirua gastatzeko «freskotasun» bera.

Jendea aise sartzen da bere tailerreko atetik barrena. «Herrian izaten dira informatzaileak eta ni halako bat naizela esan daiteke –aipatu du barrez–; jendea tertuliara sarritan etortzen da». Gogoan du, gainera, betidanik izan dela joera hori. «Ni txikia nintzela ere tailerra jendez beteta gogoratzen dut; izatez, gaur tailerra dagoen tokia gehiago zen elkartu eta txikito batzuk hartzekoa eta erakusleihoa dagoen tokian egiten zen lan».

Lan bat amaitu behar duenean ez da ordutegi eta astebururik izaten, baina onartzen du bere aita ez bezala saiatzen dela ahalik eta gehienetan tailerreko ateak itxi eta handik kanporako bizimoduari denbora eskaintzen. Etorkizunerako bestelako pentsamendurik ez du, besteak beste, ez duelako bere burua egurraren bueltan ez den «beste ezertan» imajinatzen.

Lan kuttunak

Gogoan ditu egindako lan asko, baina baten bat aukeratu beharko balu Azpeitiko eraikin batean dagoen ate bat aukeratuko luke: «Inor ez da konturatzen hori lehenik eta behin egurrez egina dagoela eta gero hura eredu hartuta brontzezkoa egin zela». Donostiako Aquariumeko atea, «duen lekuagatik eta ikusgarritasunagatik», da, zalantzarik gabe, Sanjuanek gogoan eta estimu handian duen beste enkargu bat: «Jendeak gehien ikusi duen lana da akaso; inondik ezagutu gabe telefonoz deitu gaituzte lan horrengatik zoriontzeko eta hori asko eskertzen da».

Lan handiak harrotasunez gogoratzen ditu, baina mimoz egin dituen lan txikiak biziki bete izan dute: «Badira lan asko amaitu eta enkargua egin didanari penaz eman dizkiodanak. Gustura sentitzen naiz saldu dudalako, baina, aldi berean, niretzako gordetzeko tentazioa izaten dut; egitea eta amaitzea asko kostatu zaidalako», azaldu du. •