2014/03/22

Itsas gaineko Azart antzokiak Trintxerpen hartu du egoitza 2016. urtera bitartean

Europa Iparraldean tradizio luzea duen Zoroen Itsasontziari egiten dio omen itsas gaineko antzokiak. Urte osoan eskaintzen ditu emanaldiak. Uda partean nabigatuz eta neguan portuan bertan. Pasaiako Trintxerpen du egoitza orain. 2016ra arte egongo da bertan, Donostiako Kultur Hiritartasuna hasi bitartean.

Xole Aramendi
P017
Itsas gaineko Azart antzokiak Trintxerpen hartu du egoitza 2016. urtera bitartean

Ontzia urrutitik ikusten da. Kolore berde eta horiak nabarmen egiten du portuan. Kubiertara sartu bezain pronto antzematen zaio ez dela euskal portuetan aurki dezakegun ohiko arrantza ontzia.

Sutan galdaran erre eta itsasontzia berotzeko baliatzen dituzten egur zatiak ikus daitezke izkina batean, lehortzen. Eszenatoki txikia dago alboan. Udan erabiltzen dute, publikoa moilan jarritako harmailetan eserita dagoela. Neguan, berriz, ontziaren barruan eskaintzen dituzte emanaldiak, aterpean.

Bazkalosteko kafea hartzen harrapatu ditugu August Dirks kapitaina eta Bea Insa tripulaziokidea. Eguzki gozotan, kubiertan duten mahai handiaren bueltan.

Makina bat tramankulu ikus daitezke han-hemen, urte luzetako ibilien lekuko. Izan ere, 25 urte daramatza Europako itsas bazterretan joan-etorrian Azart ontziak. Bere gidari, August Dirks holandarra. 36 urte zituen ontzia erosi zuenean. Bitxia da, orduan ez baitzen ez marinel, ez aktore. Errusiar Filologia eta Literatura ikasketak egina, artista herbeheretarren eta errusiarren arteko elkartrukea sustatzen zuen agentzia zeukan.

Dena utzi eta itsasoratu egin zen. Europako iparraldeko kulturan tradizio luzea duen Zoroen Itsasontziari omen egiten dio ontziak. Sebastian Brandtek 1494an “The Ship of Fools” liburua idatzi zuen eta Boschek izen bereko margoa egin zuen. Europa iparraldeko Inauterietan ere ohiko irudia da Zoroen Itsasontziarena.

Ipar Itsasoan XX. mende hasieran eraikitzen zen ohiko ontzia da Azart. 1916an eraikia, guztira 500 ontzi berdin egin ziren. «Dena burdinazkoa da, errematxeekin. Laurogei bat gelditzen dira orain. Denei motorra jarri zitzaien eraiki eta 20 urtetara. 1915etik 1960ra, itsasoan ibili ziren», kontatu du Dirksek. Bizipen asko ditu itsasontziak, arrantzan aritu ondoren II. Mundu Gerran alemaniarrek konfiskatu eta ingelesen aurka erabili baitzuten.

2016an ospakizun handia izango dute. Batetik, Boschen heriotzaren 500. urteurrena izango da. Bestetik, 100 urte beteko ditu Azart ontziak. Eta hori gutxi balitz, antzerki konpainiak 25 urte egingo ditu. Hori guztia behar bezala ospatzeko proiektu berezia dute esku artean: Australiara doaz.

Bizpahiru urtez luzatuko den bidaia izango da. Ilusio handiz ari da prestakizunekin August Dirks. «Beste amets guztiak bete ditut, hauxe geratzen zait», aitortu du.

Betidaniko irrika izan du Dirksek nederlandar nabigatzaileen itsasbideak berriz egitea. «25 urtetan amestu nuen baina ez nuen dirurik. Orain arte Europan ibili gara –Errusia, Islandia, Israel...–, ez gara beste inora joan. Orain Australiara goaz tripulazio berria osatuta», dio.

Boschen margolanean ontziak duen estetikari jarraiki itxura aldatuko diote itsasontziari. Horretarako Hendaiako ontziolara eramango dute datorren abuztuan. Ondorioz, aurtengo udan ez dute antzezlanik eskainiko.

Europa iparraldeko Inauterietan gurpil gainean ateratzen da Zoroen Itsasontzia eta Azart ere horrelaxe ibiliko da behin Australiara iristean, han egingo duten festa berezian. Ondoren, berriz itsasoz jarraituko du bidea.

Gustura sentitzen dira Trintxerpen August Dirks eta Bea Insa. Dena den, bada iritsi bezain pronto ontziko kapitainak harriduraz hartu zuen zerbait: uraren zikinkeria. «Eskandalua da, Europan oso toki gutxi ikusi ditut hain zikinak! Ezinezkoa da hemen igerian egitea...», dio.

Lantoki ez ezik, bizitoki ere badute ontzia. Neguan hiru dira tripulaziokideak: Dirks eta Insarekin batera Angel Dueñas bizi da bertan. Udan familia handitu egiten da. Urtero aldatzen da. «Iaz Italiako hiru kide batu zitzaizkigun. Eszenografiaz eta jantziez arduratzen ziren bi eta aktore bat», kontatu du Insak. «Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrera gonbidapena luzatu genuen. Interesgarria iruditu zitzaigun ikasle batek itsas antzokian aktore profesionalekin prozesua bizitzea. Bi ikasle etorri ziren», gaineratu du.

Bartzelonatik itsaso zabalera

Bea Insak ia hogei urte daramatza interpretazioari lotuta. Castellonen jaio zen. Antzerkia, musika eta dantza ikasi zituen. Horiei eskaini die bere bizitza. Antzerki irakaslea eta zuzendaria ere bada.

Ontzia ezagutu eta erabat lotu zuen. Duela zortzi urte izan zen. «Egun batzuetan eurekin nabigatzeko aukera eskaini zidaten. Uharte galdu batera ontzi antzokia iristea zer den bizi izan nuen eta lotu egin ninduen», dio.

Bizimodua eta lanbidea Bartzelonan erabat errotuta zituen. Dena utzi eta ontziratu egin zen. Gauza bera egin zuten Bartzelonan bizi ziren beste bi aktorek eta musikari bikote batek.

Grezian izan zuten geltokia. Oroitzapen politak ditu. «Ehunka portu daude eta antzerkiaren inguruko antzinako tradizioa dute. Hiri handietan lan egitea oso bestelakoa da. Aukeratu duzun antzezlana ez dela komertziala... Eskaintza hain da handia, zaila dela nabarmentzea. Aldiz, ontzi hau itsasoan distira egiten duen harribitxia bezalakoa da. Greziara iritsi eta bat-batean denak hartzen du zentzua! Ederra da ikusleak zu ikusteko irrikan egotea. Magia handia du», dio Insak.

Ondoren, Marseillara. 2013an kultur hiria izendatu zuten. Baina arazoak izan zituzten han porturatzeko. «Ez ziguten baimenik eman, sekulako dirutza eskatzen ziguten. Azkenean Port Saint Louisen egon ginen», dio.

Eta handik Pasaiara. Urte t’erdi daramate Trintxerpen. «Bizpahiru urte egiten ditugu herri bakoitzean. Ordurako bertakoak ezagutu dituzu eta proiektuak landu dituzu», esan du.

Gurera iritsi aurretik Tesalonika (1996) eta Reykjavik (2000) kultur hiriak ezagutu dituzte. «Inguruan bagabiltza baliatu egiten dugu», azaldu du kapitainak.

Bizitzaren eskola

Bizitzaren eskola da ontzia Insarentzat. «Zenbat artista ezagutu ditut... Zenbatekin haserretu naiz, zenbatekin gozatu dut...», dio aktoreak. «Itsasoan hainbeste ekaitz –izan emozionalak, profesionalak edo naturak eragindakoak– igarotzen dituzu, lurreratzean dena oso erraza iruditzen zaizula. Horrek indar handia ematen dit. Itsasontziak berak segurtasun eza du, planak egun batetik bestera aldatzen direlako eta guk geuk horretara moldatu behar dugulako. Eta lurreko arazoak hobeto kudeatzeko gai zara», aitortu du.

Lan bisualak, ikusgarriak eskaintzen dira Azarten. «Arte komedia eta clown lantzen dugu eta musika asko erabiltzen dugu. Ez hitz egiten saiatzen gara, baina keinuen antzerkia oso zaila da. Normalean ez dugu aurkitzen egingo duten aktore nahikorik. Hizkuntzari dagokionez, antzezlanetan bertako hizkuntza ere erabiltzen dugu, ahal dugun neurrian».

Aurtengo neguan eguraldi txarrak aterpea bilatu beharra ekarri du. Auzoan entseatzeko tokia eskaini diete: San Pedroko antzokia eta Kontadores. «Udako ikuskizuna kubiertan entseatzen dugu normalean, baina eguraldi txarra zela eta ezinezkoa zen. Egoerara moldatuz ari gara beti. Denborarekin errutinak sortzen dituzu, baina hasieran zerotik sortu behar duzu», nabarmendu du. Horixe da konpainiako kideentzat zailena.

Elkarlana

Aktorearen esanetan proiektu honek daukan berezitasuna da kanpotik datozen artisten eta bertakoen arteko elkarlana sustatzen dela. «Horrek kolore handia ematen dio emaitzari. Kaosa handiagoa da agian. Izan ere, lanerako, batetik antzerki lengoaia eta bestetik komunikaziorako hizkuntza komuna aurkitu behar da».

Insak berak erabakitzen du zein lan taularatu. «Neguan lan garaikideak egiten ditugu, antzerkiaren alorrean gehiago ikertzen dugu. Baina udan publiko guztiari eskainitako eskaintza dugu. Edozeinek goza dezala antzerkiaz; ez du zertan ulertu gure antzokira etortzeko. Artearen komedia ere horixe zen, herriko azoka zegoen plazan eskaintzen zuten antzezlana. Proposamen desberdina da gurea, aire libreko antzerkia bezalakoa da», dio.

Iaz “Le Bourgeois gentilhomme” aukeratu zuen, Mikhail Bulgakov errusiarraren bertsioa. Oso emanaldi gutxi egin zituzten, ezin izan baitzuten nabigatu baimen kontuengatik. «Lege berri bat onartu zuten eta haren arabera ezin genuen nabigatu. Orain jakin dugu ontziari ez diola eragiten legeak eta, ondorioz, nabiga genezakeela». Burokrazia, horixe egiten zaie gogorrena. Udalekin baino, portu agintariekin izaten dira harremanak malkartsuenak. Halaxe dio Dirksek: «Lehorrean jasan ditut ekaitzik handienak, itsasoan baino latzagoak».

Neguan atera dute arantza. Larunbatero egiten dituzte saioak ontzian. Baina orain Marseillan daude. Bi asterako joan dira antzerki soziala lantzera. «Oso polita da; izan ere baztertuenak bizi diren auzoa da. Bertako bizilagunekin antzerki tailerra prestatu dugu». Aurrera begira, Pasaiako emakumeen memoria historikoa ardatz hartuta ari da beste lan bat prestatzen. «Herrian emakumeek egin dituzten bilkura guztietara joan naiz eta oharrak hartu ditut. Pasaiako emakumeek eurek parte hartzea da asmoa», aurreratu digu.

Apirilaren 5ean Esther Carizo eta Blanca Inesen “Clown-Cierto Poético” ikuskizunarekin ekingo diete berriz emanaldiei. Azart Zoroen Itsasontziaren kultur programazioa  www.azart.org helbidean aurki daiteke.