Ander Izagirre
Kazetaria

Munstro ehiza Donibane Lohizunen

Baionako gobernadoreak horrela azaldu zion Luis XIV.a erregeari: «Harrapatutako ontziak elkarri lotuta daude portuan, bata bestearen ondoan. Eta oinez pasa liteke, Donibane Lohizunen berorrek ostatu hartu zuen palaziotik, Ziburuko itsasertzeraino, ontziz ontzi».

Horixe izan zen, mendetan, Donibane Lohizuneko industria nagusia: itsaso zabalean etsaien ontziak abordatu, portura ekarri, harrapatutako marinelen truke ordainsariak eskatu eta lapurtutako azukrea, kotoia, burdina, olioa, zura eta abarrak Baionako eta Bordeleko merkatariei saldu. Erregeak baimena ematen zien itsaslapurretak egiteko, kortsoan aritzeko, harrapakinen zati baten truke.

Lohizundarrek bazeukaten kortsario beldurgarrienak izateko eskarmentua. Ternuko kosta esploratu zuten lehenengoetakoak izan ziren, XVI. mendearen hasiera-hasieran. Bakailaoa arrantzatzera joan ziren, balea mordoa aurkitu zuten eta negoziorik oparoenari ekin zioten: balearen olioa garaiko petrolioa zen, eta lohizundarrek (euskaldunek, oro har) urtero ehunka balea ehizatu eta milaka tona olio ekartzen zuten, Europa osoko portuetan saltzeko. Ehizak behera egin zuenean, lohizundarrek euren trebetasuna birziklatu zuten: arpoiaz eta lantzaz baleak hil ordez, herrialde etsaietako marinelak hiltzen hasi ziren. Gaur egungo enpresa hizkeran, kortsario haiek «ekintzaileak» eta «berritzaileak» direla esango genuke.

Eta Donibane Lohizungo badia, puntako berrikuntza gunea. Zokoako portuan lotzen zituen ontziak Johanes Suigaraitxipi kortsarioak. Artikoraino joaten zen baleazale holandarrak jazartzen, eta ehun itsasontzi baino gehiago harrapatu zituen. Donibanen bertan hasi zen Michel Le Basque bukaneroa, gero negozioa nazioartera zabaldu zuen aitzindaria: Dortokaren Irlan ezarri zuen egoitza, Karibean ontziak harrapatzen ibiltzen zen, Marakaibo arpilatu zuen eta, Cartagena de Indiasko gobernadore espainiarrak bera harrapatzeko fragata bat itsasoratu zuenean, Michel Le Basquek fragata hura abordatu eta atxilotutako marinelak bueltan bidali zituen mezu batekin: «Eskerrik asko, gobernadore jauna, halako ontzi politarengatik».

Aberastasuna eta boterea islatzeko, armadore lohizundarrak jauregiak eraikitzen hasi ziren portu ondoan: XVII. mendeko Manhattan txiki bat. Hantxe dauzkagu Joanoenia palazioa, Betbeder Baita edo Luis XIV.aren Etxea, Baionako gobernadoreak enperadoreari aipatzen zion hura.

Jauregi horren jatorrizko izena Lohobiage Enea da. Luis XIV.ak bertan hartu zuen ostatu 1660an, Maria Teresa infanta espainiarrarekin Donibane Lohizunen ezkondu zenean, Pirinioetako Hitzarmena burutzeko. Lohobiagetarrak armadore boteretsuak ziren, Ozeano Artikoan baleak hiltzen, zatitzen eta urtzen aritzetik, erregeari etxea uztera igarotakoak.

Erregeak eta erreginak ez zuten agian balearen odol eta koipe kiratsik nabarituko palazio haietan, baina armadore aberatsek ondo gogoan zeukaten. Adibidez: Joanenia etxeari Infantaren Palazioa ere deitzen zaio, Maria Teresa bertan egon zelako ezkontzaren aurretik, eta oso dekorazio bitxia dauka. Habeetan pintura harrigarriak ageri dira, izaki mitologikoak, fruitu exotikoak, izar multzoak eta itsasoetako deabru eta munstroak. «Des monstres et prodiges» liburutik ateratako irudiak dira. 1575eko liburu horretan, Ambroise Paré zirujauak munduan diren munstroen katalogo zehatz eta ikaragarria osatu zuen... eta Donibane Lohizunen baleak nola ehizatzen zituzten ere kontatu zuen atal batean. Eta Luis XIV.aren Etxean ere, Lohobiage Enean alegia, zetazeoen ehizaren irudiak ikus daitezke. Habe batean Jonas ageri da balearen ahotik ateratzen.        
 Oso gogoan zeukaten, eta harro erakusten zieten enperadoreei euskal kostaldeko oparotasuna nondik zetorren: munstroen   ehizatik. •

www.anderiza.com