2014/03/22

Erreportajea
 
Sei begirada Palestinatik

Palestina bisitatu ondoren, egileak honako artikulua idatzi du. «Ondorengoa ez da kazetari baten erreportajea, ezta abenturazko bidaia baten kronika ere, palestinarren begiradetan irakurritakoaren kontakizuna baizik; keinuz jasotakoa hitzetara ekarria», esplikatu du.

Miren Amuriza
P007
Sei begirada Palestinatik

Orain aste batzuk, iragan otsailean, Palestinan izan ginen euskal kulturgintzan dihardugun zenbait kide eta kazetari bi Biladi eta Bakea eta Duintasuna elkarteek antolaturiko bidaia batean. Gazak eta Zisjordaniak osatzen dituzte egun lurralde palestinarrak. Lehena erabat blokeatuta dauka Israelek eta bigarrena hiru gunetan banaturik dago: A-n Palestinar Aginte Nazionalak (PAN) du agintea; B-n kontrol zibila palestinarrena da eta militarra Israelekin partekatzen dute; C gunean, aldiz, okupatzaileenak dira botere zibila eta militarra.

Egoerak erabat gainditu zituen gure irudimenaren eta arrazoimenaren mugak: amesgaitz bat bizi izanaren irudipenaz itzuli ginen, baina berriz etxean esnatu eta egunak pasa ahala, errealitatea are gogorragoa dela ohartzen ari gara. «Israelgo Armadak gazte palestinar bat hil du Zisjordanian» zioen aurreko astelehen batean GARA egunkariak berak. Ondorengoa ez da kazetari baten erreportajea, ezta abenturazko bidaia baten kronika ere. Palestinarren begiradetan irakurritakoaren kontakizuna da; keinuz jasotakoa hitzetara ekarria.

1• Berriz hasi behar

Palestinaren eta Israelen arteko gatazkaren erdigunean dago Jerusalem, musulman zein juduen (eta kristauen) lur santua izanik, beren hiriburutzat baitaukate biek ala biek. 1967ko Sei Eguneko Gerraren ondoren, Israelek palestinarrena zen Jerusalem ekialdea okupatu zuen eta egun hormigoizko murruak bereizten ditu mendebaldetik. Bihotza erdibiturik duen gorputzak nekez egingo du aurrera.

Ekialdeko auzuneetan gero eta bizilagun gehiago dago, baina palestinarrentzat ia ezinezkoa da etxeak egiteko baimenak lortzea, beraz legez kanpo eraikitzen dituzte beren bizilekuak. Baina usterik gutxienean, han agertzen dira militar israeldarrak bulldozer ikaragarrien gainean. Burrunbada sumatu orduko gerturatzen dira auzotarrak asaldatuta; borrokarako marjina txikia dago, ordea, harri koskor bat duen eskuaren eta metrailetari eusten dion eskuaren artean. Bata bestearen atzetik eraisten dituzte etxeak dominoko piezatxoak bailiran. Soldaduek atzean utzitako hauts hodei eta oihuen artean saiatzen dira orduan bizilagunak hondakinen artetik zerbait berreskuratzen: iragan txatalak, lan-tresnaren bat, esperantza hondarrak… Kale gorrian geratu eta berriz hutsetik hasi behar. «Betazalak altxatzeko baino nekatuago eta minduago nago» pentsatu du, baina berriz hasiko da.

2 • Gerra aspaldi bukatu zen

Aldirietako tiroen oihartzunak erdialdera iristerako difuminatzen dira haizetan. Jerusalemeko alde zaharrak lau auzo ditu (musulmana, armeniarra, kristaua eta judua), baita erlijio bakoitzeko tenplu ikusgarriak ere. Antzinako elkarbizitzari eutsi izan baliote, kultur aniztasunaren eredu nagusietako bat izango zen agian, baina mapen puzzleak gutxi batzuen esku egon izan dira beti eta piezak horizontalki barik, indar bertikalen arabera kokatu izan dituzte. Hamaika herri daude harrezkero munduan, elkarren ondoan egon arren enkajatu ezinik.

Hainbat sarrera dituen harresiak inguratzen du alde zaharra eta Lehoien Atea izenekoa da turisten ohiko jomuga. «Atera argazki bat» diotso gaztelaniaz emazteak gizonari, «Atea ikusi dadila ondo!». Begirada tinko eta erlaxatua du; on egin dio oporraldiak. Azokan erositako souvenirrak banatuz, Jerusalemera joateko gomendatuko die lagunei: «Ondo jaten da, denda eleganteak daude, jende kuriosoa…». Bakanen batek galdetuko dio agian: «Ez al zenuen beldurrik izan?». Eta berak: «Bai zera! Hiri normal-normal bat da. Gerra aspaldi bukatu zen».

3 • Bat bera ere ez

Baina bakerik ez dago. Israelek ez dauka bakerik palestinar guztiak banan-bana euren etxe eta lurretatik kanporatu arte. Apartheidaren adibide esanguratsuenetakoa da Zisjordania hegoaldeko Hebron; 1997az geroztik H1 (palestinarrena) eta H2 (Israelen kolonia) eremuetan banatua. Kolonoen asentamenduak hiriaren erdigunea izan zena hartzen du eta palestinarrek debekatuta dute sarbidea. Bertan dago Shuhada kale nagusia, ekaitzaren osteko barealdian harrapatua: dendak itxita, espaloiak huts-hutsik, lantzean militarren jeep bat bidean eta inozentziak ematen duen ausardiaz, leihoetatik bisitarioi keinu egiten diguten bakarrak: haurrak.

Kalearen bestaldean sinagoga handi bat dago, jatorri ezberdineko ehunka judu sartu-irtenean. Liburutegi handi bat lirudike tenpluak, otoitzerako eta irakurketarako aretoz eta literatura edo matematikako irakasle itxurako gizonez betea. Hala lirudike (eta ondorengoa ez da metafora bat) bizar artean kamuflaturiko begirada fanatiko hauen jabeek liburuen azpian armak ostenduko ez balituzte. «Musulman bakar bat ere ez da geratuko» dio, «bat bera ere ez».

4 • Ez iezadazu begiratu, arren

Palestinako egunerokotasun nahasiaren barruan, parentesi bat da Ramallah, lehen begiratuan okupatzaileen presentzia ez baita hain nabaria. Bertan daude Mukata (PAN-ren egoitza nagusia) eta herri mugimendua osatzen duten hainbat elkarte (BDS kanpaina, preso politikoak babesteko taldeak…). Emakume ugari dabiltza kaleetan; zapi koloretsuz apainduta batzuk, beltzez estalita besteak, baina zapalkuntza bikoitza jasaten guztiak. Erresistentziaren zutabe izan dira beti emakume palestinarrak; Intifadetan parte hartuz, euren artean antolatuz, eta, batez ere, familia asko aurrera aterata. Eta, hala ere, begirada makurtu behar; ama, alaba, emazte izateaz lotsatu behar. «Ez iezadazu begiratu, arren!» esanez.

Bada Palestinan parekoari goitik behera begiratzen dion emakumerik ere, baina ezin izan genien argazkirik atera: militarrak. Neska gazte eta militarrak, rimmela ondo emanda eta arma eskuan. Errazagoa zen etsaia gorrotatzea gizonezko helduaren irudiarekin lotzen genuenean.

5 • Palestina begietan

Hiriguneetako zalapartatik urrun, isiltasuna da nagusi Palestinako ekialdean dagoen Jordan haraneko desertuan. Horizontean bat egiten dutenean, elkarren koloreak biziagotzen dituzte lur gorri eta zeru urdinak. Errealitatea, ordea, ez da inoiz postaletan kabitzen: azken hilabeteotan, hainbat kanpamendu altxatu dituzte palestinarrek Jordaneko basamortuan beraienak diren eremuak berreskuratu asmoz, baina militar israeldarrek banan-banan eraitsi dituzte.

Irrintzi bat entzun da dunaren tontorrean eta inguruko herrixkaren bateko beduinoak agertu dira. Bizpahiru mutiko gerturatu zaizkigu korrika. Batek burua bueltatu eta atzera begiratzearekin batera, denbora gelditu da. Basamortua bezain begirada sarkorra eta zabala du, aldi berean hain mugagabe eta hain mugatu. Ilaran hasi dira haren begi marroietan islatzen checkpoint-ak, gameluak, suge erraldoi baten formako hormatzarra, dunak, istiluak… Palestina du begietan.

6 • Borroka bai, jolasa ere bai

Basamortuko haize eta irrintziek ez daukate lekurik Balatako errefuxiatuen kanpamenduan (Nablusen iparraldean), bizilagun bat ozta-ozta kabitzen den kalexka estuetan eguzki izpirik ere apenas sartzen baita. Zisjordaniako kanpamendurik handiena da eta Jaffatik etorritako errefuxiatuak (5.000 lagunentzako lekuan, 28.000) bizi dira bertan 1952tik. Okupazioaren ondoren behin-behineko neurri bezala sortuak, amaibako itomen bihurtu da eta, egun, milaka palestinar daude beren etxeetako giltzak gordeta sorterrira noiz itzuliko zain.

Koloreak koloreago dira zementuzko hormen artean, irribarreak irribarreago. Ramallahn argi esan zigun Omar Barghouti BDS-ko eragileak Israelen aurkako boikotaz mintzo zela: «We are not here to have fun, we are here to win!» (ez gara hemen ondo pasatzeko, irabazteko baizik). Arrazoia. Baina bien bitartean, Palestinako haurrak haur izateko eskubidea galtzen ari dira, eta bestelakoa diote euren begiradek: «Borroka bai, baina jolasa ere bai!».