2014/03/22

Xabier Mikel Errekondo
Sukaldean ala ohean

Sukaldea eta ohea, jakina, biak ditugu gustuko. Eta, zeinen ongi ditugun lotzen sukaldea eta ohea egunerokoan. Bazkaritik siestara; afaritik lotara, edo ez; ohetik gosaltzera, edo alderantziz…

Baina, non duzu pertsona bat benetan ezagutuko, agian erraietako atea zeharkatzeraino, ohean ala sukaldean? Ohean! erantzungo genuke gehienok. Izan ere, ba ote dago biluztea baino ariketa gardenagorik elkar ezagutzeko… Larru jotzean ohekidearen biluztasuna azalean geratzen da ordea eta, gainera, errepikatzen diren hainbat arrisku ere baditu. Adibidez, goritasunak itsutzea gehiago ezer ezin ikusteraino. Edo bada ohea ilunpetan nahi duenik, pertsiana jaitsi behar badu ere, dena beltz. Edo, gizonon abilidade esklusiboa, hasperenik estuenak amaitu ahala loak hartzea. Edo, baten ala bien goreneko plazer planta amaiezinezkoaren saioa…

Oheratzea ez da kontu bat, artea baizik. Pittinka trebatzen dena, baina etengabe arituz gero soilik. Zenbatu ditzagun orduak, bestela. Horregatik ote dugu Aturri eta Ebro artekook ohean baino sukaldean ospe dezentez hobea… Sukaldean lasaiago ezagutu ahalko duzu ohekidea. Orduak eta orduak ematen baititugu bertan eta sutako beroa eramangarriagoa baita. Errezetekin asmatu behar. Janariak bezala edariak lagunduko dizu, esaterako chardonay ardo txuri bustiak, erlaxatzen eta inspiratzen, finean hurbiltzen. Sakonago ezagutzen.

Nik, dena den, argi dut bikotea bene-benetan ezagutzeko menu orok errezeta ezinbestekoa duela ohea. Asmatuko duzu baldin eta aholku biok jarraitzen badituzu: Ilunperik ez, igo pertsianak, gehienez ere gortinak; hartara, begiak parez pare dituzuenean, ohekidearen erraiek diotena sentitu ahalko duzu. Eta, hau ere gero eta garrantzitsuagoa dena, biharamunean zure alboan esnatuko dena zurekin oheratzen den berbera izan dadin… Larru jotze osteko zigarroaren ke arteko hitz sakon eta pausatuei egin kasu. Begi itxietatik entzun, begi itxietatik askatu barruak. Hurrengoa goxoagoa izanen da. •