Nagore Amondarain
Hezkuntza teknikaria

Umorearen kode etikoa?

Umore sena bizitza pozez bizitzearekin lotua dago eta bizitza horretan gertatzen dena poztasunez hartzearekin. Umoreak barrea dakar eta ziur barrearen etikari buruz ere asko esan daitekeela. Duela bi aste Kontxako hondartzan txakur batekin gertatu zenak, adibidez, umorearen aldaera batzuk azaleratu ditu. Igandean grabatu eta gertatu zen gertakariak 17.000 ikustaldi zituen astelehen gauean, 66.000 inguru astearte goizean eta hau idazten ari naizen unean 462.856. Neureak ere hainbat izango dira hor ageri den zenbaki luzeko ikustaldiak, hainbat alditan ikusi baitut eta hainbat gonbidatu ditudalako ikustera. Argi dago ikustaldi bat baino gehiago behar dituela bideo honek irribarrea, barrea edo algara sortarazteko. Horixe izan zen nire hurrenkera, gutxienez. Hala ere, esan dudan moduan umorearen aldaera asko azaleratu zaizkit inguruan azken asteotan eta ez dakit oso ondo non dagoen umorearen benetakotasuna. Inkongruentzia bat egon daiteke irudi/audio hauen eta barrearen artean. Agian erantzun emozional bat da, eta aztertu beharrekoa umore sen irrazionala da edo moralki ez-zuzena dena.

Aste berdinean jakin izan dugu Donostia bisitatuko duela Joaquin Reyesek martxoan. Muchachada Nuiren hiru ordutako esketx segida batek baino barre gehiago eginarazi dit bi minutuko Kontxako grabazioak. Eta inguruan partekatu dudanen artean, jabetu naiz batzuek ez diotela umorerik ikusi grabazioari. Kasualitatez, umore surrealista edo absurdoaren zaleak izan dira bideoari mespretxuz begiratu diotenak. Eta beraiek izan dira Joaquin Reyesen ikuskizunerako sarrerak erostera abiatu diren aurrenekoak; hogei eurotan egin ahal izango dute barre.

Pantailaren aurrean, bakarrik zarela, algara batean barre egitea ekarri du txakurraren bideoak, ez baitut uste delituaren atzetik froga bila ibili direnik 460.000 pertsona Youtube-n, jabearena edo txakurrarena den delitua jakin nahian, alegia. Barreak beti du komunitatearen pentsamendu subkontzientea. Bakarrean barre egiten dugunean, gurekin batera, gure modu berdinean barreka irudikatzen ditugulako ingurukoak eta horrek gainera barregarriago bihurtzen du unea. Taldean elkartzean, asko izan dira bideoaren barre egin dutenak, eta une gorenak kontatzen, bakoitzari rolak egokitzen eta giza lubakia zelan doan apurka osatzen birgogoratzeak beste barre saio luze bat ekarri du. Endorfina eta dopamina dosi handiak jariatzen ibili dira gure burmuinak etenik barik.

Edonon gerta daiteke, egunerokotasuneko edozein unetan, gertakari batek ezezagunak barreka jartzea eta barreak ezezagunen arteko konplizitatea sortzea. Muturren aurrean dugu umorearen leherrarazlea, baina izango da zailtasunen bat nonbait, barrearen ariketarako hezkuntza ere ari delako sortzen, hortik azkenaldian ugaritu diren “barreterapia ikastaro”en iragarkiak.

Bideo biral bihurtu da Kontxako hondartzakoa. Modu berean esan dezakegu barrea ere birala dela; nahikoa da bat barrez hastea, inguru guztiak barrez hasteko. Umorea konstante antropologiko unibertsal eta komuna da kultura guztietan. Baina argi dago kodigo desberdinak mamitu ditugula kultura berean ere. Ahal den neurrian, beraz, egin dezagun irri, debaldekoa da eta. •