Oier Gorosabel
Fisioterapeuta eta osteopata

Zaharren egoitzen alde ezkutua

Guraso zaharrak egoitzara sartzen dituzuen senideen ohizko kezka da ea ondo zainduta egongo diren. Ezin dut egoitza guztiei buruz berba egin, jakina (denetik baitago munduan), baina nire lanaren zati bat bertan egiten dudanez, nire esperientzia azaldu nahi nizueke.

 Zaharren egoitzen alde ezkutua
Zaharren egoitzen alde ezkutua

Lehenengo inpresioan, zaharren egoitzek atzeraka eragiten dute: inorekin bertako zerbait komentatzen dudanean (sekretu profesionala urratu barik, noski), ikustekoa da aldartea nola iluntzen zaion. Jendeari gogorra egiten zaio nonbait, mundutik pixka bat aparte bizi diren zaharrekin gogoratu beharra; batez ere Gabon, urtebetetze eta fetxa seinalatuetan. Gainera, kontuan hartu behar da gehienetan halabeharrez sartzen dela jendea egoitzetan, batzuetan baita gogoz kontra ere. Gehienak egoera latz hori bizitzan estreinakoz sufritzen ari dira; guretako, berriz, ohizkoa da. Ez: zaharren egoitzetakoa ez da Disney mundua. Hau hala izanda ere, langileok egunero aurkitzen dugu motibazioa bertara joateko. Dramatismoan kateatuta geratu barik, bertako egoera errealak (bizitza bezain errealak) kudeatzen ikasi beharra dago, egoiliarrendako, senideendako eta guztiondako modurik praktikoenean. Izan ere, zaharren egoitzaren muina eta funtsa praktikotasuna da: gehienetan, bertako zerbitzu bateratuei esker (osagileak, gaueko zaintza, elikadura egokitua...) zuen senidea etxe partikularrean baino hobeto jagoteko aukera dago. Hau gogoan izanda, egoera gogorrak ez dira hain gogor egiten.

Senideei, eta are gehiago “kanpoko” jendeari, hau ulertezina egiten zaizue. Hain egoera gogorretan lan egiten dugunok lur jota bizi beharko ginatekeela uste duzue. Gehiago esango dut: batzuk haserretu ere egiten zarete, hala ez dela jakitean. Baina bizitzaren legea da: eta esango nuke heriotzarekin buruz buru lan egiten dugun guztioi gertatzen zaigula antzeko zerbait. Bai: zaharren egoitzetako beharginok, ehorzleek, asistente sozialek, Zainketa Intentsiboetako Unitateetako osagileek... ere alaitasunez lan egiteko eskubidea dugu. Beharko, lantokian iraungo badugu! Gainera, zalantzarik ez izan maitasunez egindako lana zuen senideen mesedetan dela, egoera gogorrenetan bereziki.

Alaitasun honek ez du inondik inora esan nahi festan gabiltzanik; ezta zaharrei entzungor egiten diegunik ere; ezta haien lepotik barre egiten dugunik edo senideen minari ez ikusia egiten diogunik ere. Zaharrekin atsegin jokatzeari buruz ari naiz: ederra da behargin batzuk haiekin jolasean eta dantzan ikustea... Senideen aldetik ere irudi eredugarriak ikusten dira: gurasoak maitekiro laguntzera etortzen diren seme-alabak... Burua behin eta berriro joaten denean ere pazientzia agortezina duen jendea dago: hauek ere oso estimatuak dira gure artean. Laburbilduta: zaharren egoitza batean, egoera larrienean umoreari eusten dakien jendea aurkituko duzu. Zorionez..., ezta? •

http://fisiolantaldea.blogspot.com