Xole Aramendi
berdela

Berdela. Oraindik ezezaguna den arrain urdina erosketa saskian sartzen ari gara, pixkanaka

Bizkai eta Gipuzkoako ontziak berdeletan ari dira joan den astetik. Betidanik arrantzatu da, baina ez dira urte asko giza kontsumora zuzentzen hasi zela. Arrantzaleen kofradiek berdela ezagutarazteko egin duten ahalegina emaitzak ematen ari da. Kontsumoa igotzen ari da, baina oraindik bada zer egina.

Berdela
Berdela

Berdelaren kanpaina abian da. Joan den astean, ostiralean, atera ziren lehen aldiz Bizkaiko eta Gipuzkoako ontziak itsasora berdel bila.

Balorazio positiboa egin dute arrantzaleek. Arraina kalitate onekoa da eta etxetik oso gertu aurkitu dute, nahiz eguraldi petrala izan duten azken egunotan. Luze egin zaizkie arrantzaleei kanpaina hasi zain egin dituzten asteak. Galiza, Asturias eta Euskal Herriko arrantzaleek hilaren 8an lortu zuten kuotaren gaineko adostasuna Gobernu espainiarrarekin eta ondorengo egunak Elikadura, Nekazaritza eta Ingurumen Ministerioak bete beharreko tramiteen zain egin zituzten arrantzaleek. Aurreko urteetan, otsailerako, berdeletan aritu izan dira. Aurten, kontua luzatzen ari zela ikusita, hemengo arrantzaleen ezinegona handituz joan zen. Are gehiago, arraina hemen bertan zegoela eta eguraldia ere lagun zela ikusita.

Neguko kanpainari hasiera ematen dio berdelak, antxoaren eta hegaluzearen aurretik. Alturako itsasontziek eta baxurakoek, bi motatakoek, harrapatzen dute berdela. Baxurako ontzien artean, batzuk ingurasareekin aritzen dira eta, besteak, tretza edo amua erabiliz.

Berdela betidanik harrapatu da Kantauriko uretan. Baina erabilera desberdinak izan ditu. Gauzak asko aldatu dira azken urteotan. «Lehen, baxurako itsasontziok bakarrik harrapatzen genuen berdela. Prezioa oso merkea izaten zen, izan ere, merkatuak ez zuen preziatzen arrain hau», nabarmendu du Miren Garmendiak, Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradiako idazkariak. Ondorioz, eskaera urria zen. «Komertzialki, arazo asko ematen zizkigun berdelak. Ez zegoen eskaerarik eta saldu ezinik ibiltzen ginen», dio.

Nahi adina harrapatzen zuten. «Europak Espainiari kuota ezartzen zion, baina Administrazioak ez zuen batere kontrolik ezartzen. Arrantzara irteten ginen eta guk geuk jartzen genituen gure topeak merkatura begira, saltzeko arazoak zeudelako», kontatu du.

Garai hartan, berdela ez zen giza kontsumora zuzentzen. Harrapatutako berdel guztia izoztu egiten zen. Bi erabilpen izaten zituen. Batetik, tretza-ontziek beitarako erabiltzen zuten. Bestetik, Mediterraneo aldeko arrain haztegietan, tretza-ontziek itsasoan kaiolatan gordeta zituzten atunak elikatu eta gizentzeko erabiltzen zuten. Denboraren poderioz, arraste-ontziak, legatzaren kuota jaisten zihoala ikusita, berdela harrapatzen hasi ziren. Diru iturri berria zen eurentzat. «Baxurako ontziei arrantzaren zati bat kentzen hasi zitzaizkigun. Hori dela eta, urtetan haserre eta liskarretan ibili gara», esan du.

Euskal arrantzaleen kofradiek berdela ezagutarazteko kanpainak egin izan dituzte. «Arrain hau merkaturatzea izan da gure helburua, berdela gure arrandegietan ikustea», nabarmendu du Garmendiak.

Egindako ahaleginak emaitza eman du eta, gaur egun, Euskal Herriko etxe batzuetan berdela jaten dute. «Gero eta gehiago preziatzen da», bere ustez.

Berdelak lehen zuen balorazio eskasaren arrazoiaz galdetuta, bisiguaren adibidea jarri du Garmendiak. «Bisiguarekin gauza bera gertatu zen. Ez zen arrain preziatua eta begira zer gertatu den gero. Nik askotan esaten diet ingurukoei berdela orain jateko, gero prezioa igo egingo dela eta zailagoa izango dela jatea», kontatu du.

Zigorra

Azken urteotan, hainbeste berdel harrapatu dutenez, Europak mugak jarri ditu. «2010ean, Europak Espainiari zigorra ezarri zion, kuota gainditzeagatik. Horren ondorioz, orain guri dagokigun kuotatik zati bat kentzen digute, zigor bezala, aurreko urteetan gehiegi arrantzatzeagatik», azaldu du.

Aurten, 9.000 kilo kendu dizkio kuotatik Europak Espainiari zigorragatik. «Administrazioak guri leporatzen digu horren errua, baina guk ez dakigu arraste-ontziak zenbat ari diren harrapatzen. Kanpaina irekita dagoen bitartean, guk arrantzatu egiten dugu eta kontrola ezartzeko ardura Administrazioarena da. Ez da behar bezala kudeatu, ez da beharrezko neurririk jarri eta ondorioak denon artean ordaintzen ari gara», adierazi du.

Orain iritsi da neurriak ezartzeko unea. Bizkai eta Gipuzkoako arrantzalek bide bakarra ikusten dute: banatzea. «Ezinbestekoa da berdelaren arrantza beste modu batera kudeatzea. Eta ez dugu beste alternatibarik ikusten. Ministerioak eta guk, bi aldeok, nahi dugu orain gaia ondo kudeatzea», azaldu du.

Partiketa, lehen aldiz, duela bi urte egin zuten. Ontzi mota bakoitzak –arraste-ontziek, ingura-sarekoek eta amuko ontziek– bere kuota du. Bizkai eta Gipuzkoako ingurasareko ontziei kuotaren %48,13 dagokie eta %42 amuko ontziei. Azken portzentaia honetatik %2,53 Galizari eman diote. Ondorioz, 2014 eta 2015erako %39,53 geratzen zaie amukoiei.

Galizari zatia ematearen arrazoiaz galdetu diogu. «Urtetan, ontzi txiki asko ez dira berdelaren arrantzan aritu. Eta azken urteotan hasi egin dira. Ontzi horiek, nahiz itsasora beste arrain mota bat harrapatzera irten, sareetan berdela katigatzen zaie. Kopuru txikiak dira, baina Galizan era horretako 3.000 ontzitik gora daudenez, urtean zehar gutxieneko kuota bat behar dute. Akordiora iristeko bidea izan da. Probisionalki, bi urterako neurria da. Ondorengo urteetan zigorra jaitsiko denez, kilo gehiago arrantzatu ahal izango dute eta horrekin nahikoa izango dute».

Behin modalitate bakoitzak aurten izango duen kuota zehaztuta, kopuru horren barne kudeaketa erkidego, elkarte edo herrialde bakoitzaren esku uzteko eskatu dute euskal arrantzaleek. «Orain arte, arrantza oso egun gutxitan kontzentratu izan dugu eta ondorioz, merkatuan ez dugu prezio onik lortu. Modalitate bakoitzean ari diren ontzien artean kuota banatuz gero, bakoitzak ondoen datorkionean arrantzatuko du, eta prezio hobea lortuko du».

Denera, 12.500 kilo harrapatu ahal izango dituzte Gipuzkoako eta Bizkaiko ingurasare-ontziek. Kanpainaren hasiera honetan, eguneko gehieneko kopurua ezartzea erabaki dute Bizkaiko eta Gipuzkoako kofradiek. Zehazki, 20.000 kilo arrantzatu ditzake ontzi bakoitzak egunean. «Kanpainak berak esango digu horrela jarraitu ala ez. Daukagun kuotari ahalik eta etekin handiena ateratzeko ahaleginak egingo ditugu», esan du Garmendiak.

Eskubide historikoak

Partiketa egiterakoan, beharrezkoa ikusten dute eskubide historikoak errespetatzea. «Orain arte berdela arrantzatzen aritu direnei kuota handiagoa eman behar zaie, noski. Beste arrain mota batzuk arrantzatu dituenari ere eman behar diogu? Agian zerbait bai, baina irizpideen artean eskubide historikoak ponderazio handiagoa izan behar du», dio.

Txitxarroarekin gertatzen dena aipatu du. «Txitxarroa ere banatu da, berdelarekin batera. Entzun al duzu ezer? Galizarrek erdia baino gehiago daramate. Zergatik? Horretaz bizi izan direlako. Guk protestarik egin dugu? Ez. Eskubide historikoak denoi errespetatzeko eskatzen dugu. Galizarren eta asturiarren protestak entzun ditut. Eskubideak komeni zaienean errespetatzen dituzte, besteetan ez», bota du.

Haien jarreraren aurrean, zera esan du: «Guk berdelari merezi duen balioa emateko esfortzua egin dugu eta orain denek baliatu nahi dute hori; ez zaigu zilegia iruditzen».

Bakoitzari berea emateko eskatzen du. «Beti berdeletan aritu diren ontziek ez dute beste alternatibarik. Legatzaren kuota banatuta dago eta hor ezin dute sartu. Nik legatza arrantzatzeko eskubiderik ez badut, eta berdelaz bizi izan banaiz urte horietan, utzi niri berdela harrapatzen. Tristea da, baina horrela daude gauzak. Orain dela 25 urte, honetara iritsiko ginenik ez zitzaigun burutik pasatu ere egin», esan du Garmendiak.

Merkatuaren eskaera nahikoa den galdetuta, zera dio: «Prezioa igo egin da, baina ez guk nahi adina. Lehen, berdelari etekina ateratzeko arrain kopuru handia arrantzatu behar genuen. Bestela, ez zuen gastua konpentsatzen. Orain, merkatuaren eskaerari era egokiagoan erantzun nahi diogu», argitu du.

Berdelaren prezioak gorabehera handiak izaten ditu. «Duela 25 urte, 30-33 zentimo (pezeta) egiten zuen kiloak. Baina amuko ontziak bakarrik ibili direnean eta arrain gutxi porturatu denean 2 euro ere egin izan du. Horixe da kudeaketa eta partiketa honekin ekidin nahi duguna. Nire ustez, nahiz eta kilo gutxiago izan, etekin hobea aterako diogu», azaldu du, esperantzaz.

Mutrikuko Berdel Eguna arrain hau ezagutarazteko egindako ahaleginaren emaitza da. Garmendiaren ustez, bide horretan aurrera egitea beharrezkoa da. «Lehen, arrandegietan, berdela ez zen ikusi ere egiten eta orain ezaguna izaten hasi da».

Baina aurrera begira, garbi dauka badela zer egina. «Berdela arrain ona da eta oraindik balore handiagoa eman behar zaio», esan du.

ETXEEN %40AN BAKARRIK DA OHIKO JAKIA

Eroskiren Elikaduraren Eskolak ikerketa egin du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kontsumitzaileen artean. Internet bidez egin du inkesta eta datu argigarriak eman ditu.

Batetik, lehendik jakina zena berretsi du: berdela oraindik arrain ezezaguna da gure artean. Izan ere, etxeen %40an bakarrik da ohikoa arrain hau erostea. Bizkai eta Gipuzkoan kopurua handiagoa da –%45–eta Araban txikiagoa, %35etik beherakoa.

Are gehiago, Eroskiren Elikaduraren Eskolak egindako ikerketaren arabera, inkestan parte hartu dutenetatik %48k adierazi du berdela beste arrain batzuen aurrean berezia egiten duten elikadura ezaugarriei buruzko ezagutza. Eta gainera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen %67k ez zekien hil honetan berdelaren kanpaina hastera zihoanik.

Berdela kontsumitzen duten etxeen %87an, arraina hurbileko lojan jasotakoa izatea garrantzitsua da, freskotasunaren berme bezala. Gaur egun berdelaren kontsumitzaile direnen artean, 10etik 6k esan du hurbileko portukoa izanez gero berdela erosiko lukeela.

Eroskik berdelaren aldeko apustua egingo du. Hasi berri den kanpainan, 40.000 kilo –arrantzatutako kopuruaren arabera– erosteko asmoa du. Helburua kontsumoa bultzatzea denez, Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradiak positibotzat jo du.