Maider Eizmendi
Elkarrizketa
FLOR BELLVER
PSIKOLOGOA

Flor Bellver: «Gertuko pertsona baten desagerpena kudeatzea da zailena, gogorrena ez bada»

Ostegunean abiatuko da, Galdakaon, itxurazko arrazoirik gabe desagertutako pertsonei buruzko topaketa teknikoa. Bertan izango da kasu hauetan trebatutako psikologoa.

Flor Bellver
Flor Bellver

Muturreko egoeretan dauden pertsonekin egin du lan, baina desagertutako pertsona baten senideek bizitzen dutena «okerrena ez bada, kudeatzen zailena den mina» dela aitortzen du. Profesional gisa, pertsona horiei informazioa eskaintzen eta eguneroko bizimodua erabat zapuzten dien gertaerari aurre egiteko baliabideak ematen saiatzen da. «Errealitatean kokatu behar ditugu eta estresa, ezjakintasuna eta esperantza falta kudeatzen lagundu eta irakatsi behar diegu», azaldu du. Elkartasun sareak indartzea ere guztiz beharrezkoa dela uste du: «Familiak ez balira horren bakarrik sentituko, gizartearen sostengua jasoko balute, mina beste modu batera eramango lukete».

Nola eta batez ere zer beharri erantzuteko eratu zen Inter-Sos elkartea?

Elkarte hau Bartzelonan sortu zen, 1999an, laguntza eta erantzun eske ari ziren desagertutako pertsonen hainbat familiak Bartzelonako polizia-etxean topo egin eta gero. Informazio eta erantzun falta handia sumatu, eta euren artean antolatzea erabaki zuten, bi arrazoi nagusi zirela medio: batetik, beren kasuak argitzeko; eta bestetik, etorkizunean euren kasu berean zeuden familiei laguntzeko. Orduz geroztik, Inter-Sos elkarteak isilean lan handia egin du, ez baita ikusgaitasun handia jaso duen zeregina. Pazientzia eta frustrazioari aurre egiteko indar handia eskatzen dituen arren, aurrerapen handiak lortu ditu elkarteak.

Itxurazko arrazoirik gabe desagertutako pertsonen senideak hartzen dituzue. Zergatik bereizketa hori?

Estatu espainolean, desagertzea ez da delitua. Pertsonek munduaren beste puntan agertzeko eskubidea dute, baldin eta ez badute familia zamarik edota zorrik. Guk beste kasu batzuk lantzen ditugu, arrisku edota kalteberatasun egoeran desagertu diren pertsonenak, hain zuzen ere. Esaterako, ustez delitu baten biktima izan diren adingabeenak edota emakume eta gizonenak; buruko gaixotasunak dituzten pertsonenak; buruko endekapenezko gaixotasunak dituzten adineko pertsonenak; kirola egitera irten eta desagertu den jendearenak...

Gertukoren batek bere borondatez desagertzeko erabakia hartzea ez da batere samurra izango. Hori sinetsi ezin duten senitartekoak ere joango zaizkizue elkartera.

Bai, noski. Baina egoera oso desberdina da. Guk ulertzen dugu jendeak ahaztua izateko eta munduaren beste puntan agertzeko eskubidea duela, baina eskubide horren aurrean, familiak ondo dagoela jakiteko eskubidea duela aldarrikatzen dugu, nahiz eta desagertzea erabakitzen duenak familiaz ezer jakin nahi ez izan. Zaila da, Datuak Babesteko Legea oso zorrotza delako eta poliziak ezin duelako informaziorik eman. Kasu batzuetan, Inter-Sos elkarteak ematen du, baina aipatu dugun zentzuan, hau da, senidea aurkitu dutela, baina ez duela ezer jakin nahi esaten zaie. Kasu hauetan, min handia sentitzen da, baina ez da desagertu den pertsonari zer gertatu zaion ez jakiteak eragiten duenaren berdina.

Jardunaldietan, «Itxuraz arrazoirik gabe desagertzea: ertz asko dituen arazoa» hitzaldia emango duzu.

Ni 2005ean iritsi nintzen elkartera, psikologo gisa. Larrialdi egoera, trauma eta doluen mundutik nator eta bertan geratzea erabaki nuen, gogorrena ez bada, kudeatzen zailena den egoera behintzat badelako. Hau ez da hutsunera egokitzearekin lotutako arazo bat bakarrik, oso alor desberdinak ukitzen ditu. Arazo honek lan arloan zeresana du, baita alor juridikoan ere, izan ere, oso lege gutxi daude Espainian. Polizien arteko koordinazioa ere asko aurreratu da, baina ez da beti horrela izan. Beraz, ez da galera batera egokitzeko arazo bat; oso alor konplexua da eta herritarrak ez gaude prestatuta hori ulertzeko eta horri aurre egiteko.

Pertsona bakoitza mundu bat da, baina oro har, zein dira gertuko bat galdu duten pertsonen ezaugarri amankomunak?

Pertsonaren egoeraren baitakoa da, askotan, desagerpenaren aurrean duen jarrera, baina oro har, trauma prozesu guztietan bezala, espero ez zen egoera denez, bere eguneroko bizimodua erabat zapuzten da. Hasieran, shock bat izaten da eta pertsona horiek gertatzen ari zaiena ez dela erreala pentsatzen dute. amesgaizto horretatik edozein unetan esnatuko direla pentsatzen dute. Egunak pasatu ahala, ordea, erabakiak hartu behar direnez eta gauzak egin behar direnez, egoera hori erreala dela konturatzen hasten dira eta horri aurre egiteko baliabideak behar dituzte. Egoera hori denboran asko luzatzen bada, estresa kronifikatu egiten da. Familiak dituen baliabide sozialek eragina dute, bai eta bere biografiak ere. Desberdina da aitona bat desagertzea eta bere emazteak bilatu nahi izatea edota familia zabal bat izatea atzetik, gauza gehiago egiteko aukera dutelako. Desagerpenak zein amaiera duen ere kontuan hartu behar da. Kasu batzuetan, denbora baten buruan, galdutako pertsona bizirik agertzen da; beste batzuetan, berriz, handik denbora luzera, mendian hilda.

Psikologo gisa, zer lan mota egin behar izaten duzu familia hauekin?

Ni, lehenik eta behin, errealitatean kokatzen saiatzen naiz. Batzuetan, oso despistatuta, estresatuta eta estu iristen dira, errealitatetik kanpo daude eta hori da arlo psikosozialetik lehenik eta behin landu behar dena. Era berean, laguntza emango dieten sareak sortzea beharrezkoa da. Osasun zerbitzuei, laguntza juridikoari eta abarri buruzko informazio guztia euren esku jartzea oinarrizkoa da. Arlo psikologikotik, errealitatean kokatu behar ditugu eta estresa, ezjakintasuna eta esperantza falta kudeatzen lagundu eta irakatsi behar diegu.

Larrialdi egoeretan zeuden pertsonekin lan egin duzu, baina ezagutu duzun minik sakonena desagertutako pertsonen senideek bizi dutena dela esan izan duzu.

Senitartekoek diote ez dutela hilerrian lorerik uzteko eskubiderik, ez dakitela heriotza baten aurrean dauden ala ez... Pertsona batek senitarteko bat galtzen duenean, mina handia da, baina badaki zer gertatu den eta zer egin behar duen aurrera egiteko. Desagerpen baten aurrean, ordea, pertsona bat erabat izoztuta geratzen da. Egun askotan, desagertutako pertsona ez duela gehiago ikusiko pentsatzen du eta desagertu zen egunean bertan hil zela; hurrengoan, berriz, bizirik topatzeko esperantza du. Clevelanden agertu ziren hiru nesken kasuaren pareko gertaeren aurrean, esaterako, itxaropena sortzen zaie senideei. Mezu kontraesankorrak jasotzen dituzte eta haien baitan mugitzen dira. Hori kudeatzea oso zaila da pertsona batentzat. Zaila da heriotza bat kudeatzea, baina bederen galera argia da; zailagoa da zer den ez dakigun galera bat onartzea.

Pertsona horiek ez daude ez hilik ez bizirik...

Ez, eta senitartekoak balantzaka bezala dabiltza. Egun batean, ‘zergatik ez?’ pentsatzen dute, eta beraz, itxaropena elikatu dezakete; hurrengoan, berriz, albisterik okerrena jasotzeko prestatzen dira. Oso konplexua da eta pertsona horien osasun fisiko eta psikologikoan eragin itzela du.

Lan gehiago egin daiteke haiei laguntzeko?

Gehiago egin daiteke, bai, pertsona horiek aurkitzeko eta pertsona bat galdu duten senitartekoak artatzeko. Nik ez dut, ordea, perspektiba galdu nahi. Orain ez asko, ez zegoen ezer, eta Inter-Sos elkarteari esker, gauza asko lortu dira: Senatuan batzorde bat sortzea, Generalitatek desagertutako pertsonen senideei laguntzeko bulego bat zabaltzea... Egia da oraindik ere egiteko asko dagoela, besteak beste, doako laguntza psikologiko eta juridikoa ematea, polizien arteko koordinazioa hobetzea, justizia ez izatea borondatezkoa, bitarteko gehiago izatea... Bidea egiten jarraitu behar dugu, beraz.

Senideek egiten ari direna nahikoa ez den sentsazioa izango dute, noski.

Bai, hain da traiziozkoa egoera hau, ezen senitartekoen artean kulpa sentsazio handia eragiten baitu. Segurtasun indarrek baliabide gehiago izango balituzte, senitartekoek ez lukete kalean kartelak jartzen eta telebistaz telebista ibili beharrik izango edota gehienetan informazio faltsua ematen dieten telefono deiak jasotzen aritu beharko. Horiek ez dira familiak egin beharreko lanak. Familiek uste dute, ordea, gauzak egiteari uztea desagerpenaren aurrean etsitzea eta gertukoa ahaztea dela.

Kasu hauetan, pista faltsu asko jasotzen dituzte senitartekoek?

Bai, asko. Kasurik gehienetan, intentzio onarekin egiten da. Informazioa kontrastatzen ez duen jendearen aldetik jasotzen dituzte deiak, galdutako pertsona han edo hemen ikusi dutela esanez. Hori gauza bat da. Beste kontu bat da intentzio txarrarekin deitzea. Bada hau egiten aritzen den jendea, bai eta informazioa dutela esanaz deitzen duten igarleak ere. Egoera horretan dagoen pertsona bat ez da igarle baten kontsultara joaten; behar badu, 20tara ere joango da.

Denboran luzatzen bada, nola errekuperatzen dira familia hauek?

Egoera hori kudeatzen ikasten dute, zailtasun handiago edo txikiagoarekin. Lehen esan dudan moduan, familia estrukturak, pertsonalitateak, pertsonak dituen baliabideek... garrantzi handia dute. Mina beti hor dago. Bizitza gogorra da eta berriz ere lanera itzultzera behartzen ditu, familiako beste kideak zaintzera behartzen ditu... Egunerokora itzuli behar dute, nahiz eta min horrekin egin. Nik gabezia fisikoa bai, baina presentzia psikologikoa etengabea dela esaten dut; agian, desagertutako pertsona etxean zegoenean baino handiagoa.

Zuen orrialdean, desagertuen datuak jasotzen dituzue. Kopurua atentzioa deitzeko modukoa da, agian, jendeak uste duena baino handiagoa.

Bai, noski. Komunikabideen alorrean ez dugu zorterik izan. Kasu askotan, senitartekoak dira komunikabideen zerbitzura daudenak eta ez alderantziz. Guk komunikabideen funtzio publikoa aldarrikatzen dugu, bai eta minaren tratamendu egokia ere. Interesik pizten ez duen gaia da. Gogoan daukat orain urte batzuk telebistara joan nintzela eta zuzendariaren ahotik entzun nuela gai horiek alarma eragiten zutela. Gaiak tratamendu egokia jasotzen badu, ez du alarma sozialik eragiten, erantzukizuna baizik. Gainera, familiak ez balira horren bakarrik sentituko, gizartearen sostengua jasoko balute, mina beste modu batera eramango lukete.

Berririk ez izateak sortzen duen minaz ari zara. Desagertuaren paraderoa jakiteak, nahiz eta berri onik ez izan, lasaitzen ditu?

Nik ez nuke lasaitasunaz hitz egingo. Beste egoera batera pasatzen dira familia horiek. Desagertu diren pertsonen amek, hain egoera gogorra bizi dutenean, zer gertatu den jakin nahi dutela eta edozein berri jasotzeko prest daudela esaten dute. Baina informazioa iristen denean, ona ez bada, ez zeudela prestatuta onartzen dute. Kontua da zer gertatu den eta aurrerantzean non egongo den jakin dezaketela. Hor jada ez dago itxaropenerako aukerarik.

Egoera horietan zer eskaintzen diezu?

Informazioa behar dute, hori da gehien behar dutena. Gertatu denaren gogortasunaz haratago, informazio horrek pausoak ematea ahalbidetzen die. Ezjakintasunarekin bizitzea da estresa kronifikatzen duena.