2014/03/29

Gorka Zozaia
Kimikaria
Hogeita hiru orduko egunak

Biharkoa adibidez. Ordu aldaketek batzuetan parrandarako ordubete gehiago eskaintzen dute, baina ez da hori gaurko gauari dagokiona. Goizaldeko 2etan 3rak izango dira eta igande gaixoa 23 orduko eguna izango da. Halaxe gertatu zaio gurean martxoaren azken igandeari, eta kontrakoa urriko azkenari, 1996an Europako udako ordutegia finkatuta gelditu zenetik gutxienez. Ordutegi aldaketen neurria, dena den, duela berrogei bat urte hasi zen zabaltzen petrolioaren krisiaren ondorioz eguzki argiaren aprobetxamendua areagotzeko neurri gisa eta 1981etik aplikatzen da, lau urtean behin berrikusten den zuzentarau baten bidez. Europa izatearen ondorio bat gehiago, tira.

Ordu aldaketarena, baina, ez da ordulariak markatzen digun ordutegi aldrebesaren detaile bat besterik. Pasatu den ekainean idatzi nuen artikulu batean (“Snooze ala ez snooze?”) aipatzen nuen bezala, eguzki orduen eta ordularien arteko desfase bat gertatzen da ordu-eremuak zehaztearen ondorioz, XIX. mendetik hona “jet lag sozial” gisa ezagutzen den fenomenoa eragiten duena. Hots, eremu geografiko handietan ordulariek ordu bera jasotzearren, herritar andanak pairatzen duela eguzkiak eta gorputzak markatzen duen erritmo naturalarekiko desfasea. Guri dagokigunez, atera kontuak desfase hori zein tamainakoa izan daitekeen, ekialderantz ia 2.000 km-ra den Belgraden ordulariak ordu bera markatzen badu. Artikulu hartan azaltzen nuenez, Europa erdialdeko biztanleen %40 ei da “jet lag sozial” hori pairatzen duena.

Berriki, Stefano Maggiolo matematikari italiarrak munduko mapa bat argitaratu du, eguzki eta ordulari orduen arteko desfasea koloreen bidez adieraziz. Irudian mapa horren zati bat jasotzen da, eta zuri-beltzean egonagatik, intentsitateagatik igarri ahal da desfasearen tamaina. Maggiolok gorria erabiltzen du eguzkiarekiko atzerapena adierazteko, zuria da desfaserik gabeko gunea, eta berdea (irudian gorria baino gris argiagoa ematen duena), eguzkiarekiko aurrerapena koloreztatzeko. Hala, ordu-eremu berean, mendebaldeko herrialdeak gorrirantz doaz; ekialdekoak, berriz, berderantz. Merezi du sarean eskegi duen mapari begiratu bat ematea (http://i0.wp.com/poisson.phc.unipi.it/~maggiolo/wp-content/uploads/2014/01/SolarTimeVsStandardTime.png).

Maparekin batera eskegitako artikuluan adierazten duenez, matematikariari ideia hau otu zitzaion Salamancan afaltzen ari zela, bertakoek zein berandu afaltzen zuten ikusita. Arrazoi kulturalak tarteko izan zitezkeen jakitun, eguzkiarekiko ordulariarekiko bezain berandu ote zebiltzan jakin nahian, munduan desfase hau neurtzeari ekin, mapa hau osatu, eta ondorio txundigarri bat atera zuen: globoko eremu geografiko gehienetan ordularia atzeratua dago eguzkiaren orduarekiko, nabarmen gainera. Oso gutxi dira mapan berdean koloreztatuak eta Asian adibidez, gorri intentsoa da nagusi.

Bitxikeria honetaz gain, mapak oso ondo erakusten du ordu-eremuak zehazteko erabili izan den irizpide politikoa zein izan den lekuan leku. Industrializazio garaian, telegrafoaren eraginez baina batez ere tren-sarearen hedatzearekin heldu zen ordu-eremuak ezartzearen beharra, eta XX. mendean zehar forma hartu du. Txinarena adibide esanguratsuetako bat da, ekialdea izanik bere eremu aberats eta populatuena, 1949an ezarri zen ordu-eremu bakarrak desfaserik gabeko eremu zuria ekialdeko kostan zentratzen du. Gurean, 1942an, Francok Alemania naziarekin bat ezarri nahi ei zuen ordularia, Frantziaren antzera, eta ordutik euskaldunok desfasatuta ditugu eguzki eta ordulariak. Duela gutxi, Espainiako Gobernua, bertako enpresen produktibitatea hobetzearren, ordu aldaketa aztertzen ari dela ere entzun dugu.

Azken finean, horretara mugatzen baita ordularien diktadura. Langilearen energiak nola ustiatu hoberen, optimoen, produkzio eta kontsumo katea bizkortzeko. Eta krisi hau horretan sakontzeko aitzakia besterik ez da. Aprobetxatu ongi, beraz, biharkoa, hogeita hiru orduko eguna izanik, ordulariaren logikatik at, hogeita laugarrena, oso-osorik, guretzat baita! •