Oihana LLorente

Infraganti: Iraia Okina

Trazu artean ematen ditu egunak, liburuak, afixak edota bereizleak ilustratzen. «Ilargia esnatu da» ipuinerako egindako marrazkiek urrezko plaka eskuratu zuten Bratislavako Ilustratzaileen azken Biurtekoan eta sariak Japoniako ateak zabaldu dizkio. Okinak guri bere sormenaren tenpluko sarraila ireki digu.

IRAIA OKINA
IRAIA OKINA

Aitaren eta osabaren margolanek dekoratu zuten bere haurtzaroa. Attrezzo bera aurkituko du Lurrek, sabelean daraman alabatxoak. Haurdunaldiaren puntu gorenean hartu gaitu atsegin eta pausatu, eta, nork daki, lerrook argitaratzerako alabaren aurpegia ezagutuko du, agian.

Durangon jaio zen Iraia Okina, 1980. urtean. Ume gehientsuenen antzera, ipuinak entzuten harrapatzen zuen loak. Gurasoen ahotik entzundako istorioek baino, paperean kolore biziz agertzen ziren marrazkiek bereganatzen zuten Iraiaren arreta. Margoekin aritzea gustuko izanik, ez zuen zalantzarik eduki Arte Ederren alde egiterakoan. Egun, haurtxoen ipuintxoak dekoratzen dituzten ilustrazioetako batzuk bereak dira.

Ilustratzailea da Okina. Etxeko ganbaran duen laborategi partikularrean, ipuinak, liburuak, afixak edota bereizleak ilustratzen igarotzen ditu egunak. Artea kaosa ordenatzea dela entzun diogu artistaren bati baino gehiago. Ordena, baina, ez da nagusi bere sormenaren tenpluan. Irribarrea ezkutatu gabe azaldu digu bere kaos inspiratzailea zer-nolakoa den: «Produzitzen nagoenean, ni bakarrik igo naiteke ganbarara. Ezin duzue imajinatu ere egin nola izaten dudan... Pintura poteak non-nahi, inspiratzaile zaizkidan irudi edota elementuak motibatzeko eta animatzeko estrategikoki kokatuak...». Orain, baina, haurdunaldiak eragin ohi duen habiaren sindromea dela medio, ganbara txukun eta garbi du. «Ez dakit hormonengatik izan ote den, baina haurdunaldia ez da izan sortzeko momentu aproposa niretzat», bota digu azalpen gisara.

Atseden hartzeko moduan da, hala ere, Okina. Izan ere, bere azken lanek, Joxantonio Ormazabalek idatzitako “Ilargia esnatu da” ipuinerako egindako ilustrazioek, urrezko plaka eskuratu zuten Bratislavako Ilustratzaileen Biurtekoan. Ilustratzaileen artean, oso ezaguna da Eslovenian egiten den lehiaketa eta pozarren da bertan eskuratutako sariarekin. Hainbat hilabete igaro dira irailean garaipenaren eztia dastatu zuenetik. Zaporeak oraindik badirau, izan ere, Bratislavan lortutako izen onak Japoniako ateak zabaldu dizkio. Zehazki, Hiratsuka hiriko arte museoan aurkitu ahalko da, urtebetez, durangarraren obra.

Heriotza du iturburu “Ilargia esnatu da” ipuinak. Orriak argia ikusi aurretik, alabaina, betiko itzali zen ipuinaren idazlea den Joxantonio Ormazabal. «Gogorra, oso gogorra izan zen. Joxanek testua idatzita utzi eta hil egin zen. Hantxe gelditu nintzen ni, zer egin oso ondo ez nekiela», ekarri du gogora.

Ormazabalen heriotzak erabat eraldatu zituen Okinaren lehen asmoak. Doluak kolore biziak lausotu, trazuak kontrolatu eta poesia lerro artetik askatu zuen. Ormazabalen familiarekiko errespetuz, gainera, urtebete eduki zuen ipuina argia ezagutu zain. «Joxani omenaldia egiteko modua izan zen Elkarrek liburua argitaratzea. Eta horregatik aukeratu nuen zuhaitza, ilustrazioen protagonista nagusia, berak bizitza eta heriotzaren sinbolo gisa erabiltzen zuen-eta», azaldu digu, lotsati.

Ezaguna da Bratislavako lehiaketa, bertan 49 estatutako ilustratzaileek hartzen dute-eta parte. Estatu espainoletik lehiaketara zihoazen hamabost ordezkarien artean egotea nahikoa sari zen Okinarentzat, eta ez zuen gehiago espero. Iritsi zen, ordea. Eta posta elektronikoz jaso zuen urrezko plakaren berri. «Izugarria izan zen», adierazi du, uneko sentimenduak gogora ekarriz.

Ez zen Okina eta Ormazabal eskuz esku aritzen ziren lehen aldia. “Zirkua Amets” egitasmoak elkartu zituen, 2008. urtean. Zortekoak izan ziren orduan ere. Saria beharrean, Etxepare Beka irabazi zuten. Laguntza honi esker, argitaletxerako bidea egin zuen ipuinak. Ederra izan zen Okinarentzat beka hura lortu izana: «Ilustratzaileen munduan murgiltzea izaten da zailena, ilustratzaile bat behar den unean zurekin gogoratzea, eta, bekari esker, maila batean bada ere, hori lortu nuen».

Ez da lan samurra ilustratzailearena. Inolako soldata finkorik gabe, lana bukatu orduko kezkaz begiratzen du zuriz duen egutegia. Garantia eta segurtasun faltak bestelako lanak probatzera eraman izan du Okina, baina haietan denborak ihes egiten zion sentsazioa zen jaun eta jabe. «Alde batetik, gustatuko litzaidake zortzi orduko lansaioa egin eta hilabete amaieran soldata finkoa izatea, bestetik, baina... Ez da nire estiloa», dio barre artean.

Etorkizuna marrazki artean ikusten du Okinak eta bizitza estiloa ere eraldatu behar izan du horretarako. Euskal Herria atzean utzi eta Burgos probintzian galduta dagoen Recuenco herria hartu du bizileku. Han ematen ditu egunak, astean zehar bere etxekoak biztanle bakar dituen herritxoan, ortuan eta sorkuntzan. «Euskal Herrian ezinezkoa nuen etxebizitza bat erostea, nik ez dut soldata finkorik eta horrela hipoteka lortzea ezinezkoa da. Hemen, merke erosi genuen etxetxoa eta gu geu eraikitzen ari gara. Lasaitasun honekin, gustuko dudana egiten jarraitu dezaket», esan du, argi. Kobertura ere iristen ez den parajean, zer margotu pentsatzen ematen du eguna.

Arte Ederrak bukatu eta berehala ohartu zen artearen mundua ez zela zirudien bezain samurra: «Karreran, artearen diziplina guztiak erakusten dizkigute eta espektatiba mordoarekin ateratzen gara. Errealitatea, baina, ez da horren orokorra. Zehaztasunetan sartu eta horretan zentratu behar dugu». Nondik jo oso argi ez zuela, irakasle baten gomendioari jarraitu eta ilustrazioaren bidea egiten hasi zen. Laster iritsi zen “Irudimena hegan”, bere lehen proiektua. Ez du oroitzapen ederrik bere estreinako lanaz: «Denbora muga batekin eta espazio txikian marraztu behar nuen lehen aldia zen eta ez nengoen batere ohituta».

Estilo berezia da Okinarena; enkargu bakoitzeko erantzun artistiko desberdina eskaintzeko gai den arren, estilo pertsonala du. Iradokitzaile eta fina, adituen arabera. Bere estiloa, baina, prozesu luze baten ondorioa da: «Ilustratzaile mordoa dabil argitaletxeen ateak jotzen aurrera eta atzera. Nire burua saltzea, gainera, egiteko zailena da niretzat, eta hortaz, zer edo zer pertsonalagoa eta originalagoa eskaini behar nuela erabaki eta nire mintzaira bisuala topatzeko prozesuan murgildu nintzen».

Hilabete luzeak eskaini zizkion Okinak egiteko horri eta gogo handiagoarekin jo zituen, ondoren, argitaletxeen ateak. Hamaika lan egin ditu geroztik.

Sormenak eragiten duen plazeraren eta irudimen faltak dakarren frustrazioaren artean lehiatzen ematen ditu egunak. Eta lan pertsonalak egiteko ohiturarik ez duen arren, arkatza horretarako ere hartzekotan da. «Orain, zer erakutsi badudala uste dut» esanez, bere hurrengo urratsak nondik nora joan daitezkeen iragarri du. •