Amagoia Mujika

Bermeoko sutea, urtebete etxean bezala sentitu gabe

2013ko apirilaren 11n suak bortitz esnatu zituen. Eraikin batzuk eraitsi egin ziren bizilagunak hanka-hutsik etxetik atera orduko. Beste batzuk larri kaltetu ziren eta nahiko lan berriz altxatzen. Suak hauts bihurtu zituen bizitza asko, eta horiek berreraiki nahian dabiltza.

 Bermeoko sutea, urtebete etxean bezala sentitu gabe
Bermeoko sutea, urtebete etxean bezala sentitu gabe

Bermeoko Nardiztar Jon kalean gaude. 16 zenbakian, Arantza Perez Basterretxearen atari parean. Ataria badago, baina ez dago eraikuntzarik atzean. Fatxada zutik dago, baina horixe bakarrik. Hautsak hartutako kristaletatik begiratu eta orube zabal bat ikusten da. «Hor zegoen nire etxea, lehen solairuan», kontatu du Arantzak.

“Bermeo Suten 2013” elkarteko lehendakaria da eta atari guztietako familia bakoitzaren istorioa gertutik ezagutzen du. Berena, duela urtebeteko suteak eragindakoena, familia baten oso antzekoa dela sentitu dugu Arantzarekin hizketan hasi orduko. «Gauza txar guztiek daukate alde onik. Lehen bistaz baino ezagutzen ez nuen jendea, kasik agurtzen ez nuena, orain nire familiakoa bezalakoa da. Gauza asko partekatu ditugu; joan-etorriak aseguru etxeetara eta bankuetara, era guztietako izapideak, ezinak, tristurak, trabak... eta gauza horiek asko lotzen dute».

2013ko apirilaren 11ko goizeko laurak bueltan, sua piztu zen Nardiztar Jon kaleko 23an, inor bizi ez zen eraikin batean eta oraindik ezagutzera eman ez diren arrazoiak tarteko. Hego haizeak gogor jotzen zuen eta sua azkar zabaldu zen egurrezko egiturazko eraikinak nagusi diren kalean. Arantza Perez Basterretxearen eraikina izan zen suak harrapatu zuen azkena. «Janzteko denbora izan nuen nik. Bizilagun asko pijamarekin eta etxeko oinetakoekin edo hanka-hutsik atera ziren etxetik. Ni jantzita atera nintzen, etxetik kalera ateratzeko agindu zigutelako. Artean nire etxean ez zegoen surik. Itxaropena nuen libratuko zela. Goizeko zortzietan hartu zuen suak gure eraikina, ezin izan zuten ezer egin. Gurea izan zen suak hartu zuen azken eraikina», gogoratu du egun hartatik urtea beteko denean. «Inoiz ez duzu pentsatzen sekula ez zarenik berriro zure etxera bueltatuko».

Suteak bederatzi eraikin harrapatu zituen eta kalteak zazpi milioi eurokoak dira. Guztira, 70 familia ingururi eragin die triskantzak, baita hainbat lokal eta saltokiri ere, eta 25 familiari eman behar izan die ostatu Bizkaiko Aldundiak. Lehen orduetan bertan hiru eraikin eraitsi egin ziren –23, 18 eta 20 zenbakiak– eta arratsalde horretan bertan agertu zieten Udaleko teknikariek zertan zen gainontzeko eraikuntzen egoera. «Hasiera batean ez zirudien gurea, 16 zenbakia, oso kaltetua izan zenik. Nire aseguru etxeko ordezkari bat berehala jarri zen nirekin harremanetan eta lasai egoteko esan zidan. Ostatu har nezala nahi nuen tokian, gastu horiek denak aseguruak bere gain hartzen zituela. Arratsaldean esan ziguten 15, 16, 17, 18, 20 eta 23 eraikinak ‘erabateko hondamen’ izendatu zituztela eta orduan asko aldatzen da egoera. Kasu horietan aseguruak bere gain hartzen du edukitzailea eta edukia, baina ez bestelako gastuak, ostatu hartzea, hondakinak kentzea eta bestelako gastuak».

Esaterako, 15 zenbakia suak baino gehiago urak kaltetu zuen, sua itzaltzeko erabili zuten urak, eta izugarri ari da kostatzen berreraikitzea. «Aseguru etxeek ordaindutako kalte-ordainez aparte, bizilagun bakoitzak beste 60.000 euro inguru jarri behar izan ditu eraikina berriz eraikitzeko. Eta beste kasuetan ere gastuak beti dira kalte-ordainak baino handiagoak. Panorama oso latza da. Kasu askotan hipoteka ordaintzen ari zara, orain ostatu hartu duzun etxearen errenta eta, gainera, zure lehengo etxearen berreraikuntzak ere gastuak dakartza. Eta kasu askotan oso ondo aseguratutako etxeez ari gara», kontatu du Arantzak.

Bera abokatua da lanbidez eta aditua, nahitaez, aseguru, hondakin, berreraikitze proiektu, lizentzia, kalte-ordain eta era guztietako izapideetan. «Lehen ez nekien ezer gauza hauei buruz, baina nahitaez ikasi behar izan dut urtebete honetan. Borroka asko egin behar izan dugu, fase bakoitzean borroka mota bat».

Borroka ez da bakarkakoa izan, taldean egin dute, elkartuta, horrela indar gehiago egiten delako eta bidea samurragoa delako negar egiteko lagun bat alboan duzunean. «Oso urte gogorra izan da. Egun batetik bestera, eta inolako errurik edo ardurarik izan gabe, zure bizitza hankaz gora jartzen zaizu. Etxerik gabe, ekonomikoki lur jota, bizitza oso bat suak hartuta... oso une larriak igaro ditugu. Negar asko egin dugu. Baina egia da urtebete honetan pasa ditugun unerik onenak bizilagun guztiak elkarrekin egon garen momentu horiek izan direla», segitu du Arantzak bere etxea zenaren orube horri begira.

“Bermeo Suten 2013” elkartea sutea gertatu eta ordu gutxira sortu zuten. «Azkar konturatu ginen aurretik genuen bidea zaila zela eta onena zela elkartzea eta denok elkarrekin joatea. Apirilaren 13an bertan elkartu ginen eta apirilaren 26rako jada aurkeztu genituen elkartearen estatutuak Eusko Jaurlaritzan». Elkarteak hasieratik helburu bakarra izan du: Eraikinak eta etxeak berriz eraikitzea.

Borroka, etapaz etapa

“Bermeo Suten 2013” elkartearen bidea etengabeko borroka bat izan dela nabarmendu du aurretik Arantza Perez Basterretxeak. «Gure lehendabiziko borroka aseguruak kobratzeko izan zen. Aseguruekin espero ez dituzun gauza asko gertatzen dira. Izan ere, zuk etxea aseguratzen duzunean, dagoen bezala aseguratzen duzu. Eta gerora egiten dituzun hobekuntza guztiak ez ditu kontuan hartzen aseguru horrek. Ez zara aldiro joaten asegurua eguneratzera. Eta hori akats bat da. Gero, horrelako gauza bat gertatzen denean, konturatzen zarelako asegurua berez etxeak balio duena baino baxuagoa dela. Baina, tira, kontuak kontu aseguru etxeek ordaindu digute. Eta hori baikorra da».

Bigarren borroka bankuekin izan zuten. Kalte-ordainetan jasotako dirua bankuen hipotekak kitatzeko erabil zezaketen, legez hala egin dezaketelako. «Bankuei eskatu genien ez hartzeko diru hori, gure etxeak berreraikitzen hasteko behar genuela. Eta kasu egin zieten gure eskaerei. Egia esan, eta salbuespenak salbuespen, orokorrean ezin gara kexatu aseguru etxeen eta bankuen jarrerarekin».

Bestelako kontua da aseguru etxeek indemnizazioa ez dutela lotu nahitaez berreraiki beharrarekin. Eta horrek zenbait egoera korapilatu egin ditu, Arantza Perez Basterretxearena kasu. «Nik urtebete daramat borrokan eraikin guztiak berreraiki daitezen eta, azkenean, nirea ez da berreraikiko. Gurean hamabi bizilagun gara; hamaika etxebizitza eta jabe berdineko bi lokal zeuden eraikinean. Baina berez lau baino ez ginen bertan bizi, gainontzekoak bigarren etxebizitzak ziren. Gune hau alde zaharrean dagoenez, fatxadak bere horretan mantendu behar ditugu. Guk 150.000 euro gastatu ditugu fatxada mantentzen, gero eraikina berreraiki ahal izateko. Eta gure buruan berreraikitzea zegoen. Dagoeneko bagenuen aurrekontu bat Bermeoko eraikitzaile batekin, bere irabaziei uko egiteko prest zegoena gainera. Joan den urtarrilean egindako bizilagun bilera batean gehiengoak erabaki zuen ez berreraikitzea. Eta gehiengoak agintzen duenez, horrelaxe geratu gara bertan bizi ginenak: etxerik gabe, ekonomikoki lur jota eta etxerik eraikitzeko batere aukerarik gabe». Panorama latza da, zalantzarik gabe. Eta oraindik ez dira gastu guztiak amaitu. Datozen asteetan fatxada desmuntatuko dute betiko eta horren gastuak ere bizilagunek ordaindu beharko dituzte. «Guztira, 200.000 euro inguruko gastua egin dugu, etxea berriz berreraikiko zelakoan. Eta orain konturatu gara erabat alferrikako gastua izan dela».

Arantzaren kasuan, aseguruak ordaindutako kalte-ordainarekin hipoteka kitatu ahal izan du. «Badira aseguruaren diruarekin nahikoa izan ez dutenak. Etxerik gabe geratu dira eta, gainera, indemnizazioa kobratu arren, bankuari 40.000 euro zor dizkiote. Pentsa zer nolako egoera».

Arantza Bizkaiko Aldundiak sutearen biktimen eskura utzitako etxebizitza batean bizi da orain. «Urtarrilera bitartean Aldundiak ez digu errenta kobratu eta joan den urteko apirilera eta urrira bitartean argia eta ura ere doan izan genuen. Orain errenta sozial bat ordaintzen ari gara. Nire etorkizuna? Ba Aldundiak uzten didan bitartean etxebizitza honetan egongo naiz eta, ondoren, ba senideren baten etxera joan beharko dut, ez baitzait iritsiko alokairu baterako».

Sufrimendu handiko urtea

Suak kaltetutako bederatzi eraikinetatik bi ez dira berriz altxatuko. Bakarrera bueltatu ahal izan dute bizilagunek oraingoz, eta beste bizpahiru martxa on samarrean ari dira konpontzen. Aste batzuetan amaitzea espero dute. Badira eraitsiak izan ziren eta behetik gora berriz eraiki behar dituztenak. Gainera, horiek ezin izango dituzte lehen zeuden bezala berreraiki, Udalaren Alde Zaharrerako plan berezia aplikatu behar baita. Hori gutxi ez, eta suak harrapatutako batzuk ez dira otsaileko itsas ekaitzetik libre geratu. «Hiru bat arrantzale familia daude tartean. Suteak etxerik gabe utzi zituen eta itsas ekaitzak txaluparik gabe eta lonja erabat kaltetuta. Gainera, itsaso txarra medio, neguan apenas atera diren arrantzara. Egoera oso zailak suertatu dira. Urte benetan txarra izan da jende askorentzat».

Egoera batean edo bestean egon, denentzat izan da oso urte gogorra. «Dirua kostatu zaigu eta bizitza bat galdu dugun sentsazioa ere badugu. Suak asko eraman zuen, ez bakarrik dirutan neurtzen dena. Urtea daramagu etxetik kanpo gauden sentsazioarekin. Udala, Aldundia, herritarrak... ikaragarria izan da jaso dugun laguntza eta elkartasuna. Ezin da deskribatu zer izan den. Baina, hala ere, etxetik kanpo gaudela sentitzen dugu».

Bermeoko Udalaren jarrera nabarmendu du Arantzak behin eta berriz hizketaldian. «Bere esku zegoen laguntza guztia eman digu eta beti egon da gure ondoan, eta halaxe segitzen du». Eta bermeotarren jarrera ere txalotzekoa izan da, «berotasun eta gertutasun handia sentitu dugu gure herritarren aldetik. Izugarria izan da herriaren elkartasuna, hunkitzeko modukoa».

Aldundiak bizilagunen esku utzitako etxeetan bazegoen oinarrizko gauzarik. Baina, akaso, etxean bezala sentiarazten zaituzten gauzak falta zitzaizkien. «Bagenuen arropa garbigailua, baina arropa zabaltzeko pintzak falta zitzaizkigun, edo kafea hartzeko katiluak. Seme-alaben eskolako liburuak berriz erosi behar izan dituzte askok. Uda iritsi zenean ez genuen udako arroparik kaxa batean gordeta... Normalean eskura dituzun eta aintzat hartzen ez dituzun gauzak botatzen dituzu faltan, mikrouhin labearen tapa, esaterako». Argazkiak, etxeko oinetakoak, sofarako manta, bidaietako oroitzapenak, hondartzan bildutako maskorrak... «Askotan sentitu dugu bizitza oso bat utzi dugula han barruan, gure etxeetan».

Esan bezala, urtea gogor antzera joan da. Eta sasoi txarrenetakoa urte hasieran igaro zuten, Pasai Trintxerpeko sutearen ondorioz. «Kolpe latza izan zen guretzat. Gure sutea berpiztea bezalakoa. Negar asko egin ondoren, denboralditxoa generaman bareago eta berriz negar asko egin genuen egun horietan. Ederra gertatu zaie, eta oraindik etorriko zaiena. Harremanetan gaude haiekin, eta ahal dugunean laguntzeko prest gaude noski».

Datorren apirilaren 11n, sutea eta urtebetera, “Bermeo Suten 2013” elkarteak hitzordua jarri du herriko Kafe Antzokian. Hainbat artistak borondatez emandako artelanak zozketatuko dituzte, bidelagun izan dituztenekin elkartuko dira eta, ospatzekoa ez bada ere, beren bizitzak aldatu zituen eguna gogoratuko dute triskantzatik atera duten parte onenarekin, elkartasunarekin.

Arantzari, gaiaz luze hitz egiten duen aldiro bezala, ahotsa hausten hasi zaio. Gaurkoz, nahikoa. Mila esker zure etxea zenaren ateak zabaldu dizkiguzulako.