Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria
geltokiak

Bidexka

Ez dena bazen garaian ikasi nuen bide hauetan ibiltzen; baso ilunean hormigoizko bidexka zuri estu bat zegoen garaian. Bizikleta gorri batekin gogoratzen naiz; kasko zuri bat eta aitaren gurpil handiagoko bizikleta aurretik, haizea kentzen, eta nire hanka laburregiak pedalei bultzaka tiraka indarka, katea hautsi nahian, ihes egin nahian eta bidea, zuhaitz bihurgune aldapa desordenatuetan galtzen zen bide zuri estu hura, udazkenean hosto eroriek inauterietan bezala mozorrotzen zutena eta orain ez den hori basotik begira, dardarka jartzen ziren hostoak eta ulu egiten zuten haizeak, amonaren ahotsa adarrik adar jauzika, emakume bihurtzera doazen katu beltzei deika, zirenik esan nahi ez genuen eta ez zirenik esatera ausartzen ez ginen sorginei deika eta bide hau berriz ere, sekula bukatzen ez zen bide hau, baso ilunetan galdu eta gau beltzetan ametsetan esnarazten ninduen bide zuri estu hau, denbora bezain bihurgunez betea, loa bezain estua. Ez dakit, ordutik beti pentsatu izan dut askatasunak izerdi hotzaren zaporea izan behar duela.

Hitz berriak ikasi genituen gero, “iraultza”, “etorkizuna” eta ahoa gehiegi betearazten diguten horietakoak. Udako arratsalde sargoriak Tourrari begira igarotzen genituen, eta bide zuri estu honetan galtzen ginen goizetan. Pixkanaka aitaren gurpila atzean uzten hasi ginen, haizeak beti ez duela bizkarretik jotzen ikasten, badakiela saihetsetik jo eta bide bazterrera botatzen, badakiela aurretik jo eta kilometroak luzatzen, baina berdin zigun, ipuinak aditzen genituen oraindik adarretik adarrera jauzika eta, guk ere, letrak ikusten genituen lurrean idatzita –“iraultza”, “etorkizuna”–, pixkanaka estuago bilakatzen ari zen bidexka honetan. Askatasuna hori zela pentsatu genuen: bila jardutea. Eta aurrera jo genuen Usurbilera, aurrera Arratzainera, aurrera Igeldora, Oriora, eta bide zuri eta bide beltzetan galdu ginen; bide lokaztuetan urratu genituen belaunak, pedalei bultza tira indar egiten genien katea eten nahian baina aurrera jarraitzen genuen beti, aurrera aurrera eta aurrera, akaso katea delako ihes egiten irakasten diguna, aurrera jo genuen eta atzean utziz joan ginen errepide estuetarako zabalegiak ziren hitzak, udazkenetan orbelak urtero estaltzen zituen hitzak.

Goroldioa haziz joan zen “iraultza”ren gainean; hormigoia urratu zen “etorkizun”ean eta guk aurrera jarraitu genuen bide zabalagoen bila, ez denik ez den garaietara heldu ginen ia mundua irensteko gure grinaz, egi eta begi berriak deskubritu eta irentsi genituen eta hondeamakinak etorri ziren gure gau urrunetaraino heltzen ziren bideak berritzera.

Orain sareak hazi zaizkigu begietan eta sarearen atzetik galdetzen didazu zer den askatasuna, ume garaietako zein ipuin den hainbestetan kontatzen dizudan hori baina ahaztu zait, aspaldi utzi nuen bizikleta lokaztua garajean eta asfaltoz estali zuten hormigoi zuria; hesiak jarri dituzte alde banatan, hormigoizko hormak, eta ez dabil amonaren ahotsik adarretik adarrera, kamioiren bat tarteka gasolindegira bidean eta gauaren gortina beltza gure umetako belaunak bezala urratzen duten farola garaiegi horiek, baina zuk berriz galdetu didazu zure begietako sareen atzetik askatasuna non dagoen eta nik lurra seinalatu dizut; zerua lehertu da udaberriko lehen egunetan eta txorikumeak erortzen ari dira, lumarik eta hegorik gabeko txorikumeak kazkabarra bezala, habiatik azkarregi ihes egin nahi izan duten txorikumeak, hegan ikasi gabeak, eta hemen ez dago ipuinik, azkarregi abiatu ginen eta autopista hotsak apurtzen du isiltasuna; jada ez dakit bidean noan edo bideak naraman baina zer axola du jada; askatasuna zer den galdetu didate zure begi saretuek, zergatik idazten dudan beti berari buruz. Akaso, ez dena koaderno narras honetan baino ez delako. •