2014/04/05

Erreportajea
ARGENTINA
Errusiako bikote gay batek homofobiatik ihes egin eta asilo politikoa eskatu du Argentinan

Alexander Eremeev eta Dimitri Zaitsev Buenos Airesen ezkondu ziren. Argentinako hiriburua aukeratu zuten elkarrekin bizitzeko, bertan homosexualei onartzen zaizkien eskubideen eraginez. Beren herrialdeko indarkeria homofoboa itogarria egin zitzaien eta ihes egin zuten. Aurki asilo politikoa emango die Argentinak.

Daniel Galvalizi
Edition_pa_gina_09_imagen_0001
Errusiako bikote gay batek homofobiatik ihes egin eta asilo politikoa eskatu du Argentinan

Orain urte batzuk ezagutu zuten elkar. Interneten nabigatzen ari ziren, antzeko joerak zituzten pertsonen bila. Hasiera batean eskutitzen bidezko harremana izan zuten, Thailandian erritu erlijioso baten bitartez beren arteko amodioari zigilua jarri zioten arte. Garai hartan 47 urteko Alexander Eremeevek eta 35 urteko Dimitri Zaitsevek ez zekiten hegoaldeko hemisferioko metropoli batean, oso urruti, beraien arteko bat egiteari estalki legala emango ziotenik. Bazterketa eta indarkeria nagusi ziren testuinguru soziala atzean uzteko aukera paregabea.

Alexander Sotxikoa da, Itsaso Beltzeko ekialdeko hirikoa, Neguko azken Joko Olinpikoak egin ziren lekukoa. Dimitri, berriz, Kamtxatka penintsulan sortu zen, Errusiako ekialdeko muturrean. KGB Sobietar Batasuneko barneko zein kanpoko kontraespioitza eta segurtasuna kontrolatzeko erakundeko agente ohia da Zaitsev.

Iaz iritsi ziren Argentinara, urtea amaitzeko gutxi falta zela, bikote gayek elkarrekin bizi ahal izateko herrialderik egokiena zein ote zen ondo aztertu ondoren. Argentina izan zen bikotekideen arreta erakarri zuenetako bat. Baina ez zen bidaia luzeak egiteko gogoa izan hain urrutira eramango zituena, baizik eta Vladimir Putin Errusiako presidente kargura berriz iritsi zenean beraien joera sexualaren eraginez bertan p behar izan zuten jazarpen soziala larritzea.

Giroak, okerrera

«Ezohiko harreman sexualen propaganda» erabat debekatzen duen lege homofoboa onartu zuen iaz Errusiako Gobernuak, eta egoera horretan zailago bihurtu zen beren joera sexuala ezkutatu nahi ez duten bikote gayek bertan jarraitzea.

Alex Freyre Buenos Aires Sida Fundazioko zuzendaria da; LGBT lesbiana, gay, bisexual eta transexualen komunitateko ekintzailea eta, gaur egun, aniztasun sexualarekin zerikusirik duten arloetako Argentinako Gobernuko funtzionarioa. Herrialdean oso ezagun egin zen sexu bereko pertsonen arteko ezkontzen alde egin zuen borrokaren ondorioz. 2010ean lortu zuten bazterketa atzean uzten zuen legea erakundeek onartzea. Freyre bera Jose Maria Di Bellorekin ezkondu zen legea onartu aurretik, errekurtso judizialen bidez. Herrialdean egiten zen sexu bereko pertsonen arteko lehen ezkontza izan zen hura.

«Bi errusiarrak ezkondu ziren egunean nazioarteko hedabide batzuk bertan egon ziren. Zeharo hunkituta geratu ziren ezkonberriak. Baina gero osaba batek telefonoz hots egin eta esan zien Errusiako hedabideek beraien ezkontzari buruzko informazioa eskaini ondoren, herriko biztanle batzuek oso gaizki hartu zutela berria. Une horretan hasi ziren etxekoek jasan beharko zuten indarkeriarekin kezkatzen. Beldurtu egin ziren. Atseden hartu eta pixka batean hedabideekin ez hitz egitea erabaki zuten», esplikatu dio Freyrek GAUR8ri.

Eremeev eta Zaitsev Diego de Jesus Arias argentinarrarekin jarri ziren harremanetan ezkondu aurretik, Mateadas por la Diversidad erakundeko kidearekin. Beren etxeetan baztertutako gazte homosexualei laguntza ematen diete aipatu elkartean. Sotxiko Neguko Joku Olinpikoen hasierarekin batera Buenos Aireseko plaza batean egindako manifestazio batean ezagutu zuten De Jesus, eta berak Freyre aurkeztu zien. Ordurako ezkontzeko hitzordua eskatuta zuten erregistro zibilean. CONARE errefuxiatuen batzorde nazionalarekin ere harremanetan hasiak ziren. Hala ere, Freyrek, beraien kasua ezagutzean, Argentinan gera zitezen laguntza eman zien.

Senideek Errusiatik deitu eta ezkontzaren notiziak errusiarren artean eragin zituen erreakzioen berri eman aurretik, beraiek askotan hitz egin zuten kazetariekin, batez ere ezkontza egunean. Esaterako, Eremeevek zera esan zuen: «Errusian ez genuen elkarrekin bizitzeko aukerarik, eta ezin genuen ezkondu, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak baimentzen dituen legerik ez dagoelako. Alderantziz, gayek jazarpena sufritzen dute homosexualitatea publikoki adierazten duen zerbait eginez gero, eskua elkarri emanda joateagatik edo kalean musu emateagatik, esaterako».

«Interneten denbora asko egin genuen nora joan aztertzen. Aukera guztiak eduki genituen kontuan eta azkenean erabaki genuen Argentina zela lekurik egokiena. Gure ezkontzarekin errusiar homosexualei laguntza eman nahi diegu, beraiek ere lor dezaten guk lortu duguna, gure amodioa askatasunez bizitzea», adierazi zuen kazetarien aurrean Eremeevek.

Egun berezi hartan ezohiko jantziarekin zegoen bikotea: txaleko gris bana, zinta koloretsu batekin apainduta: erdia Argentinako banderaren koloreekin, eta beste erdia ortzadarra- ren koloreekin, aniztasuna aditzera emateko. Gainera, Errusiako banderak dituen koloreetako lore bana.

Begirada erasokorrak

Freyrek esan duenez, beraiek bazekiten ezkontza legala eta publikoa zela. «Errusiara itzuliz gero zer gertatuko litzatekeen ez jakiteak eragiten die beldurra. Ezkontzeko erabakia hartu zutenean bazekiten beraien herrialdera itzultzerik ez zutela izango, espetxean bukatzeko arriskua handiegia baitzen».

«Maiteminduta zeudela ezkontzea erabaki zutenean, Alexanderrek eta Dimitrik kontzientzia politikoa hartu zuten. Orduan hasi ziren gaiaren inguruko mapa politikoa ikertzen. Berehala konturatu ziren Argentina zela beraientzako aukerarik onena, bertan ezkondu nahi duten atzerritarrei ez baitzaie exijitzen aurreko herritartasunari uko egitea eta hori egiten duen herrialde bakarra delako. Gainera, hemen umea adoptatzeko aukera ere izango dute», kontatu digu Freyrek.

Berak asko hitz egin zuen Errusiako bikotearekin. Beraien iragana ezagutu zuen. Baita aurrera begira dituzten asmoak ere. Freyrek argitzen du beraiek ez direla ekintzaileak eta ez zutela gauza askorik egin beren etxekoek homosexualen eskubideen inguruan kontzientzia har zezaten. «Elkar ezagutu zuten bi gizon baino ez ziren, baina homofobiaren eraginez, bizilagunen begirada erasokorrekin ezin zuten elkarrekin bizi. Beraien paranoia ez dago erokerian oinarrituta, jakin duten edo ikusi eta sentitu dituzten gauzetan baizik; besteen begirada homofoboak ez dira asmatzen», erantsi du.

Errusiarrek Freyreri kontatu ziotenez, Neguko Joko Olinpikoak hasi aurretik, Sotxin larriagotu egin ziren Poliziaren homosexualen tabernen aurkako razziak. «Gauza bera gertatu izan da Buenos Airesen bertan beste garai batzuetan. Ni 19 aldiz atxilotu ninduten 1980ko hamarkadan, Poliziak diktadura garaiko jarrerei eusten zienean», esan digu.

«Polizia era horretan aritzera bultzatzen duten oinarri juridikoa eta jarrera kultural homofoboa dituzte oraindik Errusian, eta homosexualitatea kriminalizatzen da. Beraiek esan didatenez, lehenagotik ere bazuten errepresioa areagotu egin zen, hiria gayrik gabe utzi behar dela dioen ideiari jarraituz. Jazarpenak gora egin izanak giro itogarria eragin zien. Direna direlako jazarpena ezartzen dien kulturan nahi bezala bizitzerik ez dute, eta hori ez zaie gertatzen delituren bat egin dutelako, direna direlako baizik», erantsi du.

Bikotea San Telmo auzoan bizi da, hiriburuko auzorik zaharrenean. Bertan turista asko ibiltzen da beti, auzoan bizi diren atzerritarrekin nahastuta. Turismo agentzia bat dute eta negozioarekin jarraituko dute Interneti esker, sarean berdin baita turistak Kamtxatkara edo Rio de la Platara bidaltzea. Hori bai, Errusiako emakume bat kontratatu behar izan zuten itzultzaile lanak egiteko, beraiek gaztelaniaz ez baitute egiten, eta ingelesez ere, oso gutxi.

Errusiako umeak gogoan

Freyrek esplikatzen duenez, errusiarrek beren herrialdeko umeak zituzten gogoan ezkontza publikoki egitea erabaki zutenean. «Ekintza politiko bihurtu zuten ezkontza Errusiako umeek beraiek haurtzaroan sufritu zutena sufritu beharrik izan ez dezaten. Horregatik nabarmentzen dute arazo kulturala, eta ez Putinen lege homofoboa, arau hori Estatua kaltegile bihurtu duen postrean apaingarri moduan jarritako fruitua besterik ez baita», dio.

Gobernuak datozen asteetan erabakiko du asilo politikoa emango dien ala ez. Litekeena da, hedabideetan askotan aipatu den gaia delako eta Freyreren laguntza dutelako. Gainera, agintariek kontuan hartu beharko dute Errusiara bidaliz gero bertan izango duten arriskua.

Eremeev eta Zaitsev ez dira asiloa eskatu duten bakarrak. Asia eta Afrikako toki ezberdinetako dozenaka pertsonek eskatu dute asiloa Argentinan, baina horien erregistroa ez da publiko egiten, eskatzaileek beraiek kontrakoa erabakitzen ez badute.

Sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak hogeiren bat estatutan legezkoak badira ere, leku gehienetan egiteko dago oraindik ere gerra kulturala: herritarrek ulertu behar dute ezin dela pertsona bat gorrotatu, maite duen pertsona gizartearen gustuko ez delako.

 

HOMOSEXUALEN AURKAKO INDARKERIA ERAGITEN DUEN ERRUSIAR LEGEA

Putinen Gobernuak iazko ekainean bultzatu eta onartu zuen homosexualen aurkako lege bat. Horren arabera, debekatuta dago «ezohiko harreman sexualen propaganda» egitea, era horretan haurtzaroa eta familia babesten direlakoan. Testuak dio sexu bereko pertsonen arteko harremanak publikoki adieraztea «propaganda» egitea dela. Legeak gay kolektiboaren alde hitz egiten duten hezitzaile eta irakasleei ezarri beharreko isunak ere zehazten ditu. Legea onartu zenetik, Errusiako LGBT komunitateak eraso homofoboek gora egin izana salatu zuen. Homosexualei jendaurrean emandako jipoiak ere izan ziren. Atzerritarrak ere kaltetzen ditu arau homofoboak: legea bortxatuz gero, 15 egun egin ditzakete atxilotuta.

Sotxin egin berri diren Neguko Joko Olinpikoak zirela-eta, Errusiako Gobernuaren jarreraren salaketak oihartzun handiagoa izan zuen. Barne Ministerioak berak argitu behar izan zuen kirolari homosexualak ez zituztela zigortuko, gobernuz kanpoko erakunde batzuek jokoei boikot egitea proposatzen ari zirela ikusita. Google bilatzaileak berak egun haietan bere logoa aldatu egin zuen, ortzadarraren koloreak erabilita, LGBT komunitateari elkartasuna adierazteko.

Neguko Joko Olinpikoak hasi eta gero, Poliziak Vladimir «Vladi» Luxuria atxilotu zuen, Italiako Parlamentuko kide izandako transgeneroa. Europako Parlamentu batean eserlekua lortu zuen «lehen transexuala» izan zela diote hedabideek. Ortzadarraren koloreekin jantzita, gune olinpikoan azaldu zen «homosexuala izatea oso ondo dago» esanez.