Ruben Sanchez

Europa astindu!

Lozorroan urte batzuk eman eta gero, Europan azken urteetan –krisi ahalguztiduna herritarrak baztertzen eta pobretzen ari den heinean– ezkerra altxatu eta apurka-apurka ari da mobilizatzen. Apurka-apurka badoa berriz ere klase kontzientzia pizten, honezkero ez gara hain “kontsumitzaile” eta hain “hiritar”, behekoak baizik: langabetuak, emakumeak, pobretuak... Tamalez, faxismoak ere “krisi” garaiak baliatzen ditu bere giharra sendotzeko. Gainera, ezkerrak lozorroan emandako urteetan, faxismoa borroka ideologikoa egiten eta irabazten ibili da. Beraiek bietan jarrai ibili dira –eta dabiltza–. Batetik, ideien borrokan lortu dute Europa arrazista bat sortzea, Europa bat bankuek eta transnazionaletako patroiek gobernatua, Europa inperialista bat. Eta lortu dute Europa horren zutabeak bermatzen dituzten indar politikoak izatea gehiengo absolutua legebiltzar eta abarretan. Bestetik, kalea irabazten ibili dira: paramilitarrak, hooliganak, kontrol sozialerako talde antolatu bortitzak. Europako herrialde guztietan daude. Kasu batzuetan, %20tik gorako ordezkaritza politikoarekin. Ukrainan gobernuan daude, Espainian esbastikekin joaten dira futbolera edo Casa Pepe-ra, oldartsu Grezian, Italian, Frantzian, Holandan, Norvegian, Suitzan, Ingalaterran... Europa osoan. Tokian tokiko abertzalekeriak bultzatu eta etorkin, gay/lesbiana, ezkertiarrei... eraso zuzena egiten diete.

Europar Batasunak babestu duela estatu kolpe faxista Ukrainan? Eta zer? Zer da hain arraro, ezberdin? Zer egin zuten Francorekin gerra zibilean? Eta gerra ostean? Noiz eta zergatik hasi ziren Mussolini eta Hitler “etsai” izaten? Astin dezagun Europa behean eta ezkerrean kokatzen garen emakume, gazte, langile, gay/lesbiana, kultur eragile, etorkinok... mapa ofizialetan agertzen ez garen herriok. •