Maider Eizmendi

In Fraganti: Jon Irazu

Ez dira bost urte lehen aldiz enborren gainera igo eta horiek ebakitzen hasi zenetik; apirilaren 27an, ordea, aizkoraren munduan «erreferente eta maisu» izan den Joxe Mari Olasagastiren kontra neurtuko ditu indarrak. Lasai dagoela dio zizurkildarrak eta egunak pasa ahala patxada bera mantentzea espero du, ahalik eta lanik hoberena egiteko.

Zizurkil Goiko plazan egin dugu hitzordua eta iritsi bezain laster hasi da jendea agurtzen. Ezagun bat gerturatu zaio eta zirt eta zart hasi zaio baserrian egiten den lanaz, iraganean eta gaur egun egiten denak duen aldeaz. «Alferrik lan asko egindakoak zarete zuek!», esan dio broman gazteak. Umoretsu joan da elkarrizketa, baina ezin amaitu azken denboran Irazuren bueltan gehien entzuten den gaia aipatu gabe, Joxe Mari Olasagasti handiarekin egina duen apustua, hain zuzen ere.

Zizurkilgo aizkolariaren egutegian gorriz biribilduta dago apirilaren 27ko data, orduan erakutsi beharko baitu Tolosako zezen plazan egiten ari den esfortzuak fruituak eman dituen ala ez. Azken denboran, izan ere, buru-belarri ari da apustuari begira bere burua prestatzen. «Astean hirutan gimnasioan aritzen naiz, eta beste hiru egunetan, berriz, aizkorarekin», azaldu du Irazuk.

Aizkora txiki-txikitatik jarraitu duen kirola den arren, ez zen orain bost urtera arte aizkora eskuan hartu eta enborraren gainean igo. «Herri txikietan beti izan ohi da herri kirolekiko afizio handiagoa; Joseba [Otaegi] ere aizkoran hasteak aukera gertuago sentiaraztea ekarri zuen», gogorarazi du. Probatu ez izanak urteak aurrera egin ahala sortuko liokeen damua izan zen, beraz, Irazu aizkoran hastera animatu zuena: «San Ignazio egunean egingo ditut bost urte hasi nintzela aizkoran entrenatzen, eta urtebetera parte hartu nuen lehen txapelketan», kontatu du. Esfortzua handia egin du denbora honetan guztian, baina, argi du inguruan egokitu zaion taldeak zeresan handia izan duela orduz geroztik egin duen ibilbidean, «bakarrik oso zaila» baita aurrera egitea. Bernardo Labaka herritarra izan du beti alboan, eta Inazio Zubelzu irakasle lanetan.

Lehenengo jardun haiek ez ditu ahazten eta irribarrea sortzen zaio haiek gogora ekartzen dituenean: «Lehenengoetan oso gaizki ikusten nuen nire burua; ez soilik lehen egunetan, denbora luzean aritu nintzen trakets samar», azaldu du. Gorputz aldetik jartzea kostatu zaiola gehien aitortu du, baina teknika aldetik ere lan handia egin behar du. «Teknikak zeresan handia du aizkoran, bestela ezin da ulertu, Olasagastiren kasuan bezala, adina izanagatik gazte askoren parean aritzeko gaitasuna izatea», nabarmendu du zizurkildarrak.

Etxean sostengua

Etxean beti jaso izan du aizkolari ibilbidean jarraitzeko sostengua eta, besteak beste, eroso entrenatzeko txokoa ere prestatu diote. «Traktorea gordetzeko txabolatxoa genuen eta bertan argiak-eta jarrita babesean entrenatzen naiz orain», azaldu du irribarrez. Onartzen du apustuaren bueltan larritzen direla etxean, eta horregatik egun hori pasatakoan larritasun guztiak ahaztaraziko dizkien itxura ematea espero duela.

Etxe ondoko txabolatxoan edota gimnasioan, aizkorari denbora asko eman behar izan dio, baina hura segidan hasi zitzaion, halaber, gozoak eskaintzen; izan ere, lehen txapelketan lan polita egin zuen eta bigarrenean, berriz, txapela jantzi zuen. «Horrek motibazio handia ematen dizu entrenatzen eta ahalik eta gehien hobetzen jarraitzeko», onartu du zizurkildarrak.

Idoloaren kontra

Iaz Xabier Zalduarekin jokatu zuen apustua eta aise gailendu zitzaion. Orain Joxe Mari Olasagastirekin egin du apustua. Inorekin nor baino nor lehiatzeko grinaz mintzo da argi: «Zaila da inolako konpromisorik izan gabe prestatzen jarraitzea; apustuak lanean jarraitzeko motibazioa ematen dizu zalantzarik gabe eta txapelketak amaitzen direnetik berriz ere hasten diren arte sasoian egoteko aukera». Berezia izango da, ordea, jokatuko duen apustua beretzat: «Azken batean Olasagasti niretzat idoloa izan da beti, aizkorari lotuta erreferentzia gisa hartu izan dudan norbait, eta berarekin neurtzeko aukera sekulakoa da niretzat».

Presiorik ez duela sentitzen aitortzen du eta bere desioa eguna gerturatzen doan heinean, lasaitasun hori mantentzeko gai izatea dela: «Egunak ez dit beldurrik ematen, baina apustuaren baitan sor daitekeen giroak larririk ez sortzea espero dut».

Bistan denez, Arria V.aren kontra orain hilabete Igeldoko aizkolariak jokatu zuen apustua gertutik aztertu zuen; baina «Arriak, eskuetan zuen arazoa dela eta, ezin izan zuen berea eman, eta ezin izan zen ikusi Olasagasti zenbateraino prestatua dagoen». Erreferentzia gisa lan erdira arte erakutsi zuen itxura hartu, eta «ondo ikusi» zuenez, entrenatzen jarraitzeko eta egun horretarako prestatzeko motibazioa handitu zaiola aitortu du. «Okerragoa litzateke jokatu berri duen apustuan Olasagastik oso itxura txarra eman izan balu; zer motibaziorekin jarraitu behar nuen entrenatzen?», galdegiten du.

Irazuk eramango ditu egurrak plazara, eta hori bere alde badu ere, Olasagastiren aurka ez du abantaila handi gisa hartzen: «Bera maisua da eta nahiz eta probarik ez egin aurretik, egurra ebakitzen hasterako badaki zein aizkorarekin hasi behar duen, tankera ematen dio, maisua delako eta eskarmentu handia duelako», ohartarazi du.

Joango direnak plazatik gustura ateratzea du buruan eta, horregatik, Olasagastik eta biak ahalik eta lanik hoberena egitea espero du zinez; «horrekin konformatzen naiz». Ez du dirua zeinen alde jartzen den pentsatzen hasi nahi, «ez behintzat oraindik», baina ia-ia ezinezkoa da. Eserita gauden tabernan Olasagastiren aldeko apustua dago botata. Irri egiten du.

Jendea apustua bertatik bertara ikustera joango den esperantza du, egin dituzten gastuak errekuperatzeko aukera emateaz gainera, herri kirol hau jendearengana gerturatzeko aukera aparta izango litzatekeelako. Hala ere, onartzen du aizkora munduaren inguruan gazteen artean afizio handirik ez duela ikusten. «Ez da harritzekoa; gazteek beste kirol batzuk jarraitzen dituzte, besteak beste, ez delako aukera handirik izaten herri kirolen munduan sartu eta proba egiteko. Horrela zaila da zaletasun handirik sortzea», nabarmendu du.

Atseden txikia

Apustuaren data pasata, arnas hartuko du, baina ez du atseden handirik hartzeko aukerarik izango: ekainean Gipuzkoako txapelketa eta irailean Euskadikoa jokatu beharko ditu. Denboraldia amaitutakoan, orduan hartuko du sarriago lagunekin egoteko denbora, bai eta gustuko dituen beste hainbat gauza egiteko ere. «Sagardotegira joatea gustatzen zait, baina entrenamenduekin ez du ondo ezkontzen eta aurtengoagatik horrela izan beharko du», aitortu du aurpegitik irribarrerik galdu gabe.

Kirol hau gazteen artean ezagutzera emateko komenigarria litzatekeela uste duen arren, jaien bueltan plazarik plaza erakustaldi askorik ez du egiten, besteak beste, maiz lanarekin uztartzea ez ziolako erraza suertatzen. «Azken batean, ni nire lanetik bizi naiz eta lan txanda aldatuta-edo moldatzen banaiz ere, erakustaldi bati baino gehiagori esan behar izan nion ezetz iaz», zehaztu du aizkolariak.