Naiara Garzia

Lehentasunak

Batzuetan Bizitzak garrasika dei egiten digu, adibidez, ustekabean gure gertuko norbait hiltzen denean edo gaitza gure bizitzan sartzen denean, ezustean.

Mundua biluztu egiten da orduan eta ikusten duguna bizitzaren eta heriotzaren arteko borroka hori da, hirietako semaforoek, beti bezala, gorri eta berde jartzen jarraitzen duten bitartean.

Azalekoa den guztia desagertzen da orduan, gure egunerokotasunarekin lotzen gaituzten zera guztiak: lana, ordutegiak, dirua, hipoteka... Gertuko pertsona bat hil eta gero etortzen den minak edo urte askotan gaitz baten aurka borrokatu eta gero itzaltzen ari den pertsona baten sufrimendua ikusteak buru argitasun bat ematen digu, bat-batean seigarren zentzumen bat jaioko balitzaigu bezala.

Mundua berriro sortu izan balitz bezala, beste argitasun batekin azaltzen da: zerua urdinagoa da orduan, edo grisagoa, eta euri tantak argiagoak.

Duela belaunaldi bat, herrietan norbait gaixotzen zenean elkarri laguntzen zioten etxekoek eta auzokoek; hori zen lehentasuna.

Lanean oinarritutako gure gizarteak, aldiz, ez digu eskuzabalak izaten uzten gaixo batek merezi dituen dedikazio eta maitasunarekin.

Egungo gizartean, norberaren lana eta hitzarmena kontuan hartuta, zenbat egun dagozkigu hilzorian dagoen pertsona bat zaindu eta berari ahal ditugun besarkada guztiak emateko, bere ondoan eseri eta eskutik heltzeko, egoeraren gogortasunaren barruan heriotza duin eta goxo bat izan dezan? Zenbat denbora uzten digu gure gizarteak horretarako? •