Amalur Artola
ARTETERAPIA

Arteterapia, hitzen bidez adierazi ezin dena azaleratu eta barneratzearen artea

«Artearen bidez, ikusezina ikusgarri bihurtzen da, eta, behin ikusgarri egin dugula, gure barnetik irten den hori, guri buruz hitz egiten duen hori, ikusi egin dezakegu, galderak egin, ea zer esaten digun». Hori da arteterapiaren funtsa: artearen diziplina ezberdinak erabiliz ikustea kostatzen zaigun hori azaleratzea.

Saioa Aginako eta Eleno Alkain, arteterapeutak. Besteak beste, Donostiako Bidean zentroan eskaintzen dituzte tailerrak. Jon URBE | ARGAZKI PRESS
Saioa Aginako eta Eleno Alkain, arteterapeutak. Besteak beste, Donostiako Bidean zentroan eskaintzen dituzte tailerrak. Jon URBE | ARGAZKI PRESS

Bidean zentroko areto nagusira sartzean hasten da bidaia. Aretoak berak eman dizkigu hemen gertatuko denaren pista batzuk: espazio zabala, kuxinak erdian, musika aparailua bazter batean, margoak, kartoizko kaxak... Goxo, kuxinetan esertzera gonbidatu gaitu Eleno Alkainek. Borobilean; berdinetik berdinera. Ez dugu elkar ezagutzen, baina, nolabait, badugu elkarren berri: taldera batu den orok barne bidaia egiteko nahia duela dakigu. Badakigu, baita ere, areto honetan gertatzen dena areto honetan geratzen dela.

Ea zer moduz gauden galdetu digu Elenok. Igarri diogu ez dela igogailuko “zer moduz?” horietako bat; benetan nola sentitzen garen azaltzera gonbidatu gaitu. Eta, horrekin kontsonantzian, inork ez du itxurakeriazko “ondo” hutsalik bota. Begiak biratu eta kanpora beharrean barrura begira jarrita datoz erantzunak. Horretara etorri garelako. Horregatik erabaki dugulako arteterapia tailerrean parte hartzea. Eta, espazio horretan, maskarak oinetako eta berokiekin batera geratzen direlako: sarrerako pertxeroan.

Baina, zer da arteterapia? Non du jatorria? Bideaneko saiora iritsi aurretik eman digu erantzuna Saioa Aginakok, Elenorekin batera arteterapia saioa proposatu eta gidatzen duen psikoterapeutak. Euren eskolak expressive art teraphy izena duela esan digu eta, hura ulertzeko, XX. mende hasierara eraman gaitu: «Psikiatrikoetan zeuden pertsona askok marraztu egiten zutela edo topatzen zuten materialarekin, ogi-mamia edota komuneko papera adibidez, eskulturak egiten zituztela ikusita, zenbait psikiatra ‘gaixo mental’ gisa ezagutzen ziren gaixoen artelanak ikertzen hasi ziren. Mende erdialdera, Jean Dubuffet margolariak psikiatra horien lana ezagutu eta, ikusitakoarekin txundituta, art brut gisa ezagutzen den korrontea sortu zuen: nolabait, arte akademikoa arbuiatu eta gizartearen marjinetan dauden pertsonen artea goratzen du, gizartearen jokatzeko moduan sartu nahi ez duten edo sartuta ez dauden pertsonen artea». Korronte horri jarraiki, 60ko hamarkadan Paolo Knill Suitzako Eskolako musikoterapeutak eta Shaun McNiff AEBetako unibertsitate irakasleak arte adierazpenek gizakiarengan duten eraginaren gainean zuten interesa batuta sortu zuten expressive art teraphy delakoa: «Arteaz aparte, oinarri teoriko bezala psikologia hartzen du barnean, batez ere humanista, baita filosofia fenomenologikoa eta artearen hezkuntza ere».

Arteterapia mota ezberdinen barnean, eurek «transdiziplinarra» egiten dutela gaineratu du Elenok. «Batzuek dantza dute oinarri, besteek musika, arte plastikoak, antzerkia... Gu ez gara bakar batean oinarritzen, arte espresibo guztiak hartzen ditugu aintzat. Zergatik? Orain, hemen, musika hau entzutean, era batera mugituko naiz, irudi bat etorriko zait, auskalo noizkoa, sentipen bat, era bateko ukipenak izango ditut eta, horiek mahai gainean jartzen baditugu, agian zureak eta nireak bat etorriko dira, edo agian bizipen zeharo ezberdinak izango ditugu. Musikarekin zerbait piztuko da, baina egongo dira piztuko ez diren gauzak, horregatik iruditzen zitzaigun interesgarria espresiobide ezberdinak erabiltzea. Saioa hastean espresio bat proposatzen dugu eta hortik beste batera goaz, ea zer gertatzen den ikusteko. Agian plastikarekin gaude, pasa gara mugimendura eta konturatu gara bietan gauza bera egin dugula: hori eguneroko bizitzara eramatean, zenbait gauzaz jabetzen gara».

Transdiziplinarra, beraz: diziplina batetik bestera igarotzen dena. Gaurko saioan, dantza jarri digute abiapuntu. Musika jarri eta gure gorputza sentitzera gonbidatu gaituzte Eleno eta Saioak. Eskuak lehendabizi. Zangoak gero. Musikak eskatzen digunaren arabera mugitzeko eskatu digute. Dantzatu ez; mugitu. Ez du estetikak agintzen. Besoak goratu, egin salto edo etzan lurrean eta hasi biraka. Zeharkatu horrela aretoa, baldin eta hori bada musikak eskatzen dizuna. «Orain, bilatu besteekiko harremana; gerturatu eta urrundu», eskatu digute. Eta hala aritu gara, elkar ukitu gabe, besteengana hurbiltzen, urruntzen, besteen bueltan. Elkarreragiten, hitzik gabe komunikatzen.

Komunikazioa. Hori baita, azken batean, artea: komunikatzeko, adierazteko bitartekoa. Barrutik kanporakoa, eta kanpotik barrurakoa. «Artearen bidez, ikusezina ikusgarri bihurtzen da –hasi da Saioa–, eta, behin ikusgarri egin dugula, gure barnetik irten den hori, guri buruz hitz egiten duen hori, ikusi egin dezakegu, galderak egin, ea zer esaten digun. Mugimendua ere jar diezaiokegu, eta horrek beste esparru sentsorial batera garamatza. Aurrean dugun guztia gurea denez, zerbait esaten digu guri buruz».

Arteterapiak, azken batean, autoezagutza bideratzen duela dio Elenok, eta, horretarako, «ikusezina ikusgarri bilakatzeko», berezkotasun edo naturaltasunean eragiten ahalegintzen dira. Hala azaldu du: «Egunean zehar egiten ditugun zenbait gauza, autoan martxak aldatzea adibidez, barneratuta ditugu, automatikoki egiten ditugu. Berezkotasun hori pizten denean zenbait gauzaz ohartu egiten gara, kontzientzia hartzen dugu. Gero, norberak erabakiko du zer egingo duen horrekin, baina, behintzat, badakigu hor zer gertatzen den». Saioak gaineratu duenez, arteak naturaltasun hori sustatzeko ahalmena du: «Artearen prozesuan sartzen garenean pentsamendua kanpoan uzten dugu eta sena aktibatzen da. Agian unean ez gara hor azaleratu denaz ohartu, baina bizitakoa hor geratzen da eta, lehenago edo beranduago, eragina izango du gugan».

Mugak marrazten

Bideaneko arteterapia saioan, artilezko hari gorria atera du Elenok. Lurrean paratu du, zuzen, gela bitan erdibituz, mugak marraztuz. Edo hori uste genuen: Elenok ez du mugarik sortu, gu gonbidatu gaitu mugak zehaztera. «Hautatu alde bat eta jarri aurrean duzuenaren parean. Itxi begiak. Biratu eta eman hiru pauso atzera. Orain, pentsatu: ze muga markatzen ditugu ezagutzen ez ditugunekin?». Horren arabera inguratu gara marra gorrira, begiak itxirik, eta zabaltzeko agindu digunean aurrean dugunaren begiak iltzatu zaizkigu gureetan. Bakoitzak sentitu duena, bakoitzaren barruan geratu da. Gertuegi jarri gara agian, edo gertuago jarri nahi dugu; ezeroso sentitu gara, edo ez, begi horien atzean dagoenak erakarri egin gaitu. Bakoitzak egin du sentitu duenaren hausnarketa, saiatu da sentipen horiek dezifratzen, izena ematen, ordenatzen eta esanahiz hornitzen. Finean, bere izatearen, funtsaren zati bat gehiago ezagutzen. Ondokoekin harremantzeko dituen erak zalantzan jartzen, ezagutzen edo agian berresten. Hitz bat eskatu digu Elenok. Hitz bakar bat, aurren dugunaren begien gertutasunak barruan eragin diguna deskribatzeko. Erantzunak, sentipenak bezain anitzak izan dira. Pertsonak bezain anitzak.

Anitzak baitira, era berean, pertsonak arteterapia saiora ekartzen dituen arrazoi eta helburuak. «Askotan autoezagutza bera, besteetan zerbait zehatzagoa. Bizitzak jarri digun proba bat gainditu nahi izatea, norberak oztopo bezala sentitu duen zerbaiti gaina hartzea, edo beldur, lotsa zein ezinei aurre egitea. Baita esperientzia berri bat bizitzea ere, bada ‘ea honek zer dakarkidan’ pentsamenduarekin datorrenik ere», azaldu du Saioak.

«Pertsona bat, mundu bat», gaineratu du Elenok, irribarre zabala erakutsiz. Hala ere, norbere indibidualismoa atzean utzita, talde sentipena gailentzen da arteterapiako saioetako parte hartzaileen artean. Barnean daramatena adierazteko eremu libre bezala ikusten dute Bideaneko aretoa. Badakite saioak irauten duen ordu eta erdian egiten, esaten, partekatzen eta sentitzen dena aretoan geratuko dela, handik irteten den bakarra norberak berekin eramatea hautatu duena dela. «Taldea, azkenean, indibiduo bilakatzen da. Mugimendua du, dinamika bat sortu da. Guk, terapeuta bezala, jolasaren arauak soilik markatzen ditugu», hasi da Saioa. Elenok jarraitu dio: «Enkoadraketa jartzen dugu. Non gauden, nola lan egingo dugun, zer egingo dugun. Askotan parte hartzaileak elkarren artean ezezagunak dira eta taldea osatu egin behar da. Eta taldea ez da jende asko egotea, taldea beste gauza bat da, talde barruan zaudela sentitzea ere bada». Konfidentzialtasunak eta konfiantzak ere garrantzia handia dute: «Inportantea da errealitate horren barnean bakoitzaren helburuak zeintzuk diren finkatzea eta hor hitz egiten dena hor geratzen dela jakitea. Ez gara eguneroko erosketez edo telebista saioez hitz egiten ari; barruko gauzez ari gara, sentimenduez, gertakizunez, zailtasunez, edertasunaz ere bai... Gauza oso pertsonal eta intimoez, agian gure gertukoen den pertsona horrek ere ezagutzen ez dituen kontuez. Eta horrekin guztiaz kontu handiz ibili behar da. Nik esaten dut jendeak partekatzen duen hori terapeutentzat opari bat dela, zerbait preziatua, eta kontu handiz zaindu behar da».

Barrutik kanporako bidea

Mugak dira gaurko arteterapia saioko gaia. Harresiak. Babestu eta, aldi berean, isolatzen gaituztenak. Langak. Hesiak. Barrerak. «Ikusten duzue hor atzeko material guztia?». Burua biratu eta egurrezko taulak, kartoizko kaxak, kuxinak eta koltxonetak ikusi ditugu. «Gaurko sormeneko lana horiek erabilita norbere barrera eraikitzea izango da». Besteekin –edo pertsona zehatz batekin– harremantzeko dugun eran pentsatzera eraman gaituzte. Mugak, ze punturaino diren onuragarriak, eta ze puntura arte egiten diguten kalte. Zer ematen diguten, eta zer kentzen diguten. Norberak eraiki du bere neurrira egindako barrera. Eta norberak atera ditu bere ondorioak. «Amaitu duzu?», galdetu du, banan-banan, goxo, Saioak. «Ba atzean sartu, paper zati hau hartu eta sentitzen

duzuna idaztera gonbidatzen zaitut». Saioak ez du sekula agintzen: ez dira ordenak, proposamenak dira. Prozesu pertsonal horretan lagun eta gidari izateko baimena eskatzen du. Gure barreraren atzean gaudela, papera eta axota eskuan, Saioaren ahotsa entzuten dugu. «Zer sentitzen duzu? Zer iradokitzen dizu barrera horrek? Zer falta duzu? Zer behar duzu hobeto egoteko? Zer esan nahiko zenioke barrera horren beste aldean dagoen horri? Zer gertatzen da zure barruan?». Bata bestearen atzetik datoz galderak, proposamenak. Buruan bueltaka, ideiak, irudiak, bizipenak. Bularraldean, sentipenak, zurrunbiloa. Bertigoa ematen du paper zuriak, baina, konturatzerako, horiek denak bildu eta axota paperaren kontra sakatzen hasi gara. Eta ari da irteten. Bestela azaldu ezin denak hartu du kanporako bidea.

Izan ere, artea, espresiobide gisa, hitzen bidez azaltzea zaila denari aterabidea emateko baliagarria dela uste du Elenok. «Mila arrazoiengatik, batzuei zaila egiten zaie hitzen bidez adieraztea eta, kasu honetan, arteterapiak ematen dizuna da era ezberdin batean adierazteko aukera».

Beraiei arteterapiak zer eman dien galdetuta, pentsakor geratu dira. Saioak hartu du hitza. Erantzuna egituratzen joan den neurrian sendotu zaio irribarrea: «Mundu bat zabaldu dit. Arteterapiak nire bi pasioak, artea eta psikologia, lotzeko aukera eman dit, baita besteei zerbait emateko eta horrekin lan egiteko aukera ere. Sortze prozesuak pertsonengan duen indarra eta norberak sortzen duenarekin lan egin daitekeela ikustea deskubrimendu bat izan da niretzat. Potentzial handia duen zerbait dela iruditzen zait». «Psikologia ikasi ostean Gestalt terapian sakondu nuen eta hor dezente egiten da lan emozioekin –hasi da Eleno–, baina emozioak ikuspegi artistiko batetik lantzeak beste hizkuntza mota batera eramaten zaitu, niretzat oso hurbila izan dena. Baita oso berria ere: artearen bitarteko adierazpide hori oso anestesiatua neukan. Ohartze bat eman da nigan, ez bakarrik intelektuala, baita artistikoa ere, eta konturatu naiz hizkuntza horrekin gauza askoz jabetzeko aukera dugula. Horrek ez du esan nahi zoriontsuagoa naizenik, baina, gutxienez, kontzienteagoa naiz».

Arteaz ari da, baina baita «denok barruan daramagun artista» deskubritzeaz ere. Gizarteari ezarritako estetika arauetatik harago doan artistaz: «Hemen ‘polita’ eta ‘itsusia’ edo ‘ondo’ eta ‘gaizki’ hitzek ez dute esanahirik. Hemen, artistak gara artea egiten dugulako eta artistak gara baita ere gure buruaren ezagutze prozesu hori egiten dugulako. Niri, pertsonalki, inportantea iruditzen zait nor garen jakite horretara hurbiltzea; zaila da, beti egongo garelako ‘nor naiz?’ zehazte horretan, baina hemen kontzientzia hori zabaltzea lortzen dugu». «Baita gure buruaren arduradun izatea ere –jarraitu du Saioak–. ‘Zer gertatzen zait eta zer egingo dut horrekin?’ galdetzen diogu gure buruari. Zein den horrekiko, nire buruarekiko, dudan ardura».

Konpartitzea: hautu pertsonala

Bukatu da tailerra. Irribarreak dira nagusi. Inork esatekorik ez duenean amaitzen da saioa, denek esan nahi duten guztia, partekatu nahi dutena, askatu dutenean. Eta, elkar agurtuta, itzuli gara sarrerara. Armairuan utzitako zapatak jantzi ditugu, baita esekilekuan zintzilikatu dugun berokia ere. Maskara... maskara ere hartu dugu. Baina, agian, pitzadura txiki bat sumatu diogu. Elenok esan bezala, bakoitzarena da hautua: norberak ikusiko du arteterapia saioan ikasitakotik zer eraman berarekin.

 

Munduan ezaguna den terapia ezagutarazten

Euskal Herrian arteterapia ez da sobera ezaguna. Eleno Alkain eta Saioa Aginakok arteterapeuta gisa aritzeko formakuntza Bartzelonan jaso bazuten ere, euren eskola Suitzan dagoela diote. Herrialde horretan, munduko beste zenbaitetan bezala, arteterapia ezaguna da, badu gizartearen aitortza, eta, gainera, osasun sistema publikoan bertan ere txertatuta dago. «Ingalaterran, AEBetan, Suitzan, Herbehereetan... zabaldua dago. Zenbait lekutan, arteterapeutak ospitaleetako talde multidiziplinarretan erizain, psikiatra eta gainerako profesionalekin batera egiten du lan; artearen bidezko terapiari bestelako pisu bat ematen zaio», azaldu du Saioak. «Hemen ez gaude inola ere egoera berean. Badaude arlo ezberdinetan lan egiten duten arteterapeutak, baina ez aitortza maila horrekin eta modu integral horretan». Zentzu horretan, arteterapia ezagutarazte aldera ere lanean ari dira bi psikoterapeuta hauek, eta, maiatzean, lau orduko ikastaro trinkoa eskainiko dute: «Lau orduk ematen dutenerako ematen dute; helburua arteterapiara gerturatzea da, zer den ikustea eta zabaltzea».

 

Nahi beste aplikazio dituen hizkuntza

Aplikazio ugari ditu arteterapiak, Saioa Aginako eta Eleno Alkain arteterapeuten hitzetan. Beraiek Donostiako Bidean zentroan aritzen dira arteterapia tailerrak ematen, baita osasun mentalaren alorrean ere, Caritas elkartearen menpeko Gizaide eguneko zentroan: «Gaixoek emozioak azaleratzeko, sentitzeko eta adierazteko zailtasunak izaten dituztela ikusten dugu eta arteterapiaren bidez hori  landu daiteke. Emozioetan jartzen dugu atentzioa, hau egitean nola sentitzen naizen ikusi, besteak hori esaten didanean nola sentitzen naizen, horrela mugitzeak zer sorrarazten didan... Eta, agian, ondo sentiarazten nauena errepikatu egingo dut», azaldu du Saioak.
Arteterapia hitzen bidez adierazi ezin dena komunikatzeko baliagarria dela gaineratu du Elenok: «Hizkuntzarena soilik ez den adierazkortasun bat dago. Kontuan hartu behar dugu oro har oso medikatuta egoten den jendea dela, eta, hala, arteterapia gorputza sentitzeko, esnatzeko baliagarria da. Baita kontaktuarekin zailtasunak dituztenekin lan egiteko ere, kontaktu hori bideratzeko jolas edo dinamika asko baitaude. Adibidez, pilota bat batera ukitzen badugu gure eskuek ia-ia elkar ukitzen dute; baina atentzioa ez dut ukipenean, pilotan baizik».
Arteterapia haurrekin, haurdun dauden emakumeekin, guraso eta haurrekin batera... era askotara erabil daitekeela diote. «Askok soilik haurrentzat dela pentsatzen dute; feedback hori jasotzen dugu guk. Baina denentzat izan daiteke onuragarria, eta onena da ez duela inolako mugarik», amaitu du Elenok.