Unai Fernandez de Betoño
Arkitektoa

Azkunaren hirigintza-ondarea

Bilboko Itsasadarra Garbitzeko Plan Integrala 1979an onetsi zen. Bilbo Metropolitarra Eraberritzeko Plan Estrategikoa eta Bilbao Ría 2000 elkartea 1992an sortu ziren. Abandoibarreko diseinua 1993an esleitu zen eta 1998an zehaztu. Bilboko Hiria Antolatzeko Plan Orokorra 1994an onetsi zen. Metroa, 1995ean inauguratu. Guggenheim museoa eta Loiuko aireportua, 1997an. Superportuaren lehen fasea, 1998an.

1999 arte ez zen iritsi alkatetzara Iñaki Azkuna. Beraz, Bilboren sakoneko eraldaketa handia pertsonifikatu zuela esatea, egunotan hainbat hedabidetan ziurtatu den bezala, askotxo esatea da (Ibon Aresok berak ardura nabarmenagoa eduki du, izan ere, zeregin horretan). Hala ere, ezin da ukatu Azkunaren eragina Bilboren itxuraren eraldaketan. Hau da, hiriburuaren eraberritzearen hezurdura dagoeneko jarria bazegoen ere, bera izan zen hiriari azala zaharberritu ziona. Merkantilizazioaren bide aski eztabaidagarritik, hain zuzen ere.

Bartzelonari jarraiki, Bilbao (sic) marka bihurtu eta nazioartean saltzen lortzea da Azkunaren hirigintza-ondare nagusia, bere ustezko xalotasuna gorabehera. Bilboren internazionalizazioa, alegia. Hori, eta hori lortzeko hartutako hainbat erabaki, hirian (eta hiritarrengan) eragin handia eduki dutenak. Esaterako, zerbitzuen hirugarren sektorearen eta ezagutzaren laugarren sektorearen aldeko apustu handia egin zuen Azkunak, lehen eta bigarren sektore produktiboen deslokalizazio erabatekoa ekartzen ari dena (ezin da ahaztu 2004ko Boluetako birkalifikazio polemikoa). Zentzu horretan, artearen, arkitekturaren eta hiri-diseinu espektakularraren aldeko postura itsuegia hartu izana leporatu dakioke, hiriaren musealizazioa eta turistifikazioa helburu.

Hiri-marketin itzela sustatu zuen, halaber, nazioartean gogor lehiatzeko asmoarekin, baita neurri batean lortu ere (gogoratu 2010. urteko Shanghaiko nazioarteko erakusketa propagandistikoa), euskara (eta euskaldunok) gehienetan, gehiegitan, alde batera utziz, tokiko folklore jatorraren mailan edo.

Eta, turistak erakartzeko eta hiria lehen mailako salgai bihurtzeko lehia indautxuzentrista horretan periferiako auzo pobreenak apur bat ahaztu zituen, eta, jakina, denak ez zirenez argazkirako ongi etorriak, hirigune zaharreko gentrifikazioa lagundu eta hiri-kontrol zorrotza ezartzen lagundu zuen. Horren adibide argiak dira Bilbo Zaharreko bideozaintza-sistema alferrekoa, konpartsekiko beligerantzia ez beharrezko eta ulergaitza, 2010eko espazio publikoaren ordenantza gehiegizkoa eta 2011ko Kukutzaren huste despotiko samarra.

Bilbo nazioarteko mapan ezartzen lagundu duela ezin da ukatu. Horretarako bilbotar batzuek faktura sozial garesti samarra ordaindu dutela ere ez. Guggenheim efektu propagandistikoari probetxu atera baitio, Soho efektu elitista eta baztertzailea ere sustatuz. Baina, egia esan behar baldin bada, ingurumari hauetako hirietako hirigintza-politikak ikusita, ez dirudi inori gehiegi axola zaionik: hiri gehienak ari dira Azkunaren Bilboren eredu distiratsua kopiatu nahian. •