Gorka Zozaia
Kimikaria

Bizi-itxaropena

Zientziaren inguruko azken berriren bat ekartzearren, agerkari digitalen artean eman dut denbora aste honetan. Berririk garrantzitsuena, zalantzarik gabe, AEBetako Gobernuaren apustua den Brain proiektua bere lehen fruituak ematen hasia dela da (“Garuna, garenaren iluna” artikuluan azaltzen nuenez, proiektu honek ohiko ikerketa partzialak gainditu nahi ditu eta garun zati eta neuronen funtzionamendua aztertu ordez garun osoaren funtzionamendua aztertzen hastea du xede). Elhuyarren aldizkari digitalean (www.zientzia.net) ederki jasotzen da berri hau euskaraz eta ez dut uste txoko honetatik ekarpen gehiagorik egiten ahal dudanik. Horregatik, berri bila jarraitu dut, orrialde eta berrien artean, honoko azpitituluarekin topo egin dudan arte: “Un 50% de los niños nacidos en 2014 podrían cumplir 100 años”.

Berehala etorri zaizkit burura berriki jaiotako ingurukoen haurrak, baita aurten bertan jaiotakoak ere, eta gehiago irakurtzen murgildu naiz. “Adinduen jendarte baterantz” tituludun artikulu honek azaltzen duenez, espainiar Estatuan aurten jaiotako haurrek aukera asko dituzte, apika %50, 106 urte betetzera heltzeko, eta 2050. urterako bizi-itxaropena 89 urtekoa izango omen da, egungoa baino zazpi urte handiagoa. Hitzok, James Vaupel demografo estatubatuarrari hartu dizkio “El Mundo” egunkariak, hain zuzen ere, Banco Santander Fundazioak “¿Seremos inmortales?” izenarekin antolaturiko konferentzian parte hartu duela baliatuz. Detaileok deigarriak zaizkidalako jaso ditut hemen. Vaupelen arabera, ez dago frogatuta gizakion bizi-itxaropenak mugarik duenik, eta, bere aburuz, azken urteotako bilakaerak zahartzaroa atzeratzen ari dela uzten du agerian. Herrialde garatuetan, gorabeherak gorabehera, hamarkadako bi urte eta erdi luzatzen ari da bizi-itxaropena Vaupelen hitzetan, eta, etorkizunera begira, gehiago biziko garenez, zera gehitzen du: «Hori bai, 75 urtera arte lan egin beharko dugu».

Susmoa hasieratik nuen usaindua eta ez nintzen batere harritu artikulua irakurtzen jarrita. Zientzia interes zehatzak defendatzeko argudio gisa erabili izan da maiz: beltzak zuriak baino tentelagoak direla frogatzeko, emakumeen garuna gizonena baina txikiagoa dela esateko, heteronormatik kanpo daudenek garunean ez dakit zer ezberdina eta ustezko gaixotasun bat duten tesia elikatzeko... Orain, luze biziko garela-eta, bizitza laborala luzatzeko argudio gisa ondo datoz halako mezuak. Gainera, migrazioaren fenomenoa ere barne hartzen du irakurketa demografikoak eta oso ondo gelditzen da Europako mugetako hesietako sarraski humanoa justifikatzeko. Zientziak, bere bata zuriarekin, dena zuritzeko balio du, Milgramek ederki erakutsi zigun bezala.

Dena dela, zientzia interes batzuen mesede erabiltzea ez da okerrena. Finean, jarduera zientifikoa ezagutza zehatz baten gainean dagoen interesaren ondotik heltzen baita. Okerrena ezagutzarako bidea laburtzearren sarri zientzia eskasa egiten dela da: datu abaniko txikiaz edota itsukeria puntu batekin. Susmoa dut bizi-itxaropenaz ari diren zientzialari hauek ez diotela, aipatzen duten arren, nahikoa arreta jartzen krisiaren harira, baina baita aurretik ere, ematen ari den herritarren bizi-baldintzen okertzeari.

Hain zuzen ere, Nekane Juradoren hitzaldi batean parte hartzeko aukera izan nuen pasa den astean bertan, eta ez zitzaidan zentzu horretan zalantzarik gelditu. Emakumea eta pobrezia ardatz hartuta, ederki erakutsi zuen krisiaren aitzakiapean herritarren lan indarra esplotatzeko martxan den mekanismoa, eta horren ondorioak gaur-gaurkoz ukigarriak direla salatu zuen. Antza, aitortu nahi ez den garrantzia dute egun suizidioek gurean, eta krisiaren ondorioz depresioa bezalako gaitz psikikoak ugaritu egin dira, ondorioz droga legal ezberdinen kontsumoa disparatu egin delarik dagoeneko. Goseak, gaur, 60.000 ahotik gora zenbatzen ditu EAEn soilik.

Bizi-itxaropena luza liteke agian gaur egungo teknologia eta pilulekin, eta zalantzarik ez dut herritarrak luzeago bizitzea bultzatuko dutela. Nire zalantza da herritarrok luze bizitzea ala, beste barik, bizitzea ez ote den bilatu behar duguna. Eta bide horretan, itxaropenik ba ote den bizitzeko... •