Maider Eizmendi
LIZARTZAKO ESKOLA

Eraikin berria eskatzen ari dira Lizartzako eskolakoak, egungoak ez dituelako gutxieneko erosotasun eta segurtasun neurriak asetzen

Ez da atzo goizeko eskaera. Orain hamar urte eskola berria agindu zieten, baina oraindik ere zain daude Lizartzan. Orduan 27 ikasle zeuden ikasgeletan, eta, egun, berriz, 81. Gurasoak buru-belarri hasi dira lanean, euren haurrek dutena baino ikastetxe eroso eta seguruago bat merezi dutelako.

LIZARTZAKO ESKOLA
LIZARTZAKO ESKOLA

Ez dute beste errealitaterik ezagutu eta horregatik Lizartzako eta Orexako haurrek eskolarako bidean beste ikasleek adinako nagi edota poztasuna erakusten dute. Iritsitakoan, ordea, ikastetxean ez dute gehienek duten erosotasuna topatzen; egunero-egunero jolas eta liburu artean sinesgaitzak diren egoerei egin behar izaten diete aurre.

1966. urtean eraiki zen Lizartzako Juan XXIII Herri Eskolak gaur egun 81 haur jasotzen ditu bere ikasgeletan, orain dela hamahiru urte eskas baino hiru aldiz gehiago. Datu erabat pozgarri eta itxaropentsua, baina, arazo bilakatu da, haur kopurua horrenbeste igo bada ere, ikastetxearen tamaina ez baita modu berean handitu.

Urteak daramatzate ikastetxeko haurren gurasoek egoera «tamalgarri» hau salatzen. «Orain artean instituzioei euren lana egiten utzi diegu, baina, inolako emaitzarik izan ez denez, protesta kalera ateratzea erabaki dugu», azaldu dute Leire Gordo eta Itziar Saenz de Ojer gurasoek.

Segurtasunik ez

Ohartarazi duten moduan, azken urteetan espazio gabezia da ikastetxeak duen arazo larriena. Nolabaiteko irtenbidea emateko, orain sei urte aurrefabrikatutako etxola bat jarri zuten eraikin nagusiaren ondoan, eta «behin-behineko neurria zena behin betiko» bilakatu zaie. Gordo eta Saenz de Ojerren haurrak Lizartzako eskolan ari dira ikasturte honetan ikasten eta gertutik gertura ezagutzen dute, beraz, txikiek bizi duten egoera. «Haurrak eta irakasleak oso deseroso egoten dira, neguan hotz handia eta uda gerturatu ahala beroa pasatzen dutelako. Gure semeek normaltasun osoz jertse lodiak eskatzen dituzte neguan, eta mauka motzeko kamisetak lehen beroak hasi bezain laster», jakinarazi dute. Zarata ere handia izaten dute, euri zaparra bat nahikoa baita gelako martxa zapuzteko.

Ikastetxeko edozein zirrikitu erabili behar izaten dute egunerokoan erabiltzen dituzten edota bota nahi ez dituzten materialak gordetzeko: «Pentsa, fotokopiagailua komunean dago, baita mantalen esekitokiak ere!». Zentimetro guzti-guztiei probetxu ateratzen ikasi dute, ikasgelak trasteleku bihurtzeraino.

Erosotasunean ez ezik, haurren heziketan eta erakusten zaizkien baloreetan ere leku faltak eragina duela uste dute Gordok eta Saenz de Ojerrek. «Liburutegirik ez dute eta bi gelen artean kokatutako pasilloan batuta dituzte liburuak. Nola erakutsi haurrei liburuekiko errespetua izaten eskolan bertan haiek egoki gorde eta tratatzeko lekurik ere ez badute?», galdegiten dute.

Arazo ugari izanagatik, leku faltak eragindako segurtasun gabezia da gaur egun gurasoak gehien arduratzen dituena: «Eskaileratan ez dago barandarik eta horman eskua jarrita jaitsi behar izaten dituzte eskailerok txikienek horrek dakarren arriskuarekin». Era berean, ikastetxeko hainbat gune eskolatik kanpo kokatuta dituzte, psikomotrizitate edo musika gela kasu: «Horrek haurrak ikastetxetik atera eta bidea gurutzatzera behartzen ditu, egin eguraldi ona edo egin txarra, dakarren arriskuarekin». Errepideaz bestalde dago, halaber, modu bitxian funtzionatzen duen jangela bera ere; izan ere, txanda bakarrean jateko guztiak sartzen ez direnez, bazkariak bi txandatan egin behar izaten dituzte.

Makina bat txosten tekniko

Gabezia hauek guztiak ez dituzte soilik guraso, haur eta irakasleek nabarmendu, dagoeneko makina bat txosten tekniko egin baitira azken urteotan eskolaren egoeraren inguruan. «Orain hamar urte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak onartu zuen Lizartzan ikastetxe berri bat behar genuela, eta proiektua bera ere onartu zuen», azaldu dute. «Nik uste dut urtero ez bada bi urtez behin behintzat bidali dutela teknikariren bat egoera aztertzera –jarraitu du Saenz de Ojerrek–, eta jakin badakite egoera jasangaitza dela; ez da bat-batean guri sortu zaigun kapritxo bat».

Egindako promesak bete ditzaten baino ez diete eskatzen, beraz, erakundeei, eta horregatik ari dira elkarretaratzeak egiten astero-astero ikastetxearen atarian. Guraso gisa ez ezik herritar gisa ere batzen dira eskaera honetara Gordo eta Saenz de Ojer, eskola txikiak herrietako arimak direla sinetsita daude eta: «Herri txikiak bizirik mantentzeko funtsezkoak dira eskola hauek; haurrak bertatik ateratzen badira, herriaren bizia bukatzen da». Orokorrean, eskola txikietan baliabide onak dituztela nabarmentzen dute, eta, zentzu horretan, Lizartzakoa, Alkizakoarekin batera, salbuespenak dira. «Urte askoan alboratuta egon dira eskola txikiak, baina azken urteotan duten garrantzia aitortu zaie eta baliabide alorrean egoera ona dute oro har».

Lakuan bilera

Aipatutako guztia aldarrikatzeko hurrengo aukera apirilaren 29an izango dute, Hezkuntza Saialarekin bilera bat izango dute-eta. «Itxaropenik ez dugu galdu nahi, baina egia da urteak daramatzagula eskola berria eraikitzeko hondeamakinak herrian noiz ikusiko zain», azaldu dute. Urratsak ematen direla ikusi nahi dute eta datorren ikasturtean jada ezinezkoa izango bada ere, 2015eko aurrekontuetan Lizartzako eskola berria eraikitzeko aurrekontu-saila gordetzea.

Oraingoan behin betikoak izango diren hitzekin irten nahi dute bileratik. Iaz ere egon ziren Lakuan ikastetxeko eta Orexa eta Lizartzako udaletako ordezkariak, «baina oraindik egoera berean jarraitzen dugu». Aldarrikapena nola egituratu erabakitzeko, guraso elkartetik batzorde bat sortu dute, «eskola berriaren eskaera» gai bakar duena. Bertan erabakitzen dituzte aurrerantzean emango dituzten pausuak: «Zehazteko dago zer egingo dugun, jakin badakigu baina ez garela besoak gurutzatuta geratuko: daukaguna baino eskola hobea merezi dugu».

Abiatu dituzten ekintzen artean sinadura bilketa dago. Hasiera batean espero zutena baino sostengu handiagoa ari dira lortzen gainera: «1.800 sinadura batu ditugu jada, eta, kontuan hartuta 81 haur eta 47 familia garela, oso gustura gaude».