Mikel Zubimendi
asteari zeharka begira

Ez dute obedituko, ez dira isilik egongo

Konparazio futbolistikoa eginez, emaitza jakina, kantatua zuen partida jokatu da asteon Madrilgo Kongresuan. Turull, Rovira eta Herrera Kataluniako hiru ordezkariak bertaratu ziren kontsulta deitzeko eskumena eskatzera, eta irudi plurala, argia eta serioa, Kataluniako herriaren gehiengo batek exijitzen duen neurrikoa emanda ere, bozketaren emaitzan ez zen mirakulu politikorik gertatu. Eskutik hartuta, PSOEkoak PPko hizlaria eta PPkoak PSOEkoa txalotuz, unionistek ezezko borobila eman diote eskaerari. Gol zaparrada Kongresuko markagailuan.

Unionistek mezu garbia pasatu dute. Legea legea da, legearen letra eskritura santua eta gauzak diren modukoak dira: «Ezin da erreferendumik egin, ezta independentzia proposatu ere, guk baimentzen ez dugulako. Badakizue, beraz, zer duzuen, isil-isilik obeditu eta txiton!» Halakoak dira unionistak, supremazistak, pluraltasunarekiko errespetu zipitzik gabekoak, amorruak itsuturikoak.

Ulertu nahi ez dutelako edo ulertzen ez dakitelako, baina ez dute ulertzen. Ez dute ulertzen hobe dela beraientzat banaketa hitzartua, ondo negoziatua den banaketa bat, aldebakarreko independentzia aldarrikapen bat baino. Ez dute ulertzen kontsulta izan daitekeela autodeterminazio ariketa bat, prozesu independentista baten azken jauzia ala izan daitekeela independentziaren inguruan herri batek duen iritzia neurtzeko inkesta modukoa, bidea egiteko borondaterik badago, independentzia negoziatzeko lehen urrats eta heldulekua. Ateak ixten, irabaz dezaketen zelaietan partidak jokatzen baina galduko dutenetan partidak bertan behera uzten espezialistak dira. Botoa eman? Madrilgo Kongresuan, bai. Baina katalanei botoa emateko aukera eskaini? Inola ere ez. Garaipena segurua den kasuetan eta zelaietan nahi dute jokoa. Tamalez, haiek indartsu ageri direla, autodeterminazioa gauzatu nahi duten herriak ahulak direla uste dute. Hori bai, hori horrela ulertzen dute.

Baina oker, oso oker dabiltza. Pertseberatzen duenaren apaltasuna eta indartsuaren nagusikeriaren arteko borroka honetan, jarrera horrekin Kataluniaren kohesioa eta bere apustuaren zilegitasuna sendotu besterik ez dute egiten. Ez dituzte kataluniarrak konbentzitzen eta ez dute Katalunia azpiratzen. Kataluniako ordezkariak ez direlako Madriletik esku hutsik bueltatu. Legearen atea itxita baina legitimitatearena are irekiago bueltatu dira.

Izan ere, kataluniarrei erabakitze eskubidea ukatzea ez da kontu legala, borondate politikoko auzia baino. Eta argi baino argiago geratu da Espainia monolitikoaren ikuspegi zaharkituaren preso diren unionisten borondate politikoa hutsaren hurrengoa dela, Konstituzioa katekesi dogmatiko eta itsu bihurtu dutela, kultura demokratiko ireki baten falta negargarria erakusten dutela. Kataluniako Parlamentuaren legitimitatea indartuta atera da merezi duten, kataluniarrek exijitzen duten erantzuna emateko. Etapa bat erreta, Parlamentuak Kataluniako Errepublika independentea aldarrikatzeko horizontea argitu egin da.

Beste kontu bat ere argitu da. Izan ere, baziren elite kataluniar batzuk, finantza eta enpresa munduko sektore batzuk, Kataluniako egunkari salduenak akuilaturiko «hirugarren bidea» defendatzen zutenak. Eta erreferendumari Rajoyk ezetza emango ziola segurutzat jotzen bazuten ere, tarteko proposamen alternatibo bat espero zuten, Kataluniarentzat Konstituzioan erregimen espeziala finkatuko lukeen bide bat. Bada, deus, zero, hitz bakar bat ere ez. Erreferendumari bezala «hirugarren bide» horri ere ezezko biribila. Ez eta ez, denari eta ñabardurarik gabe, ez. Eta horrela, hirugarren bidearen aldeko hitz apaingarriak eta erretolika sekula baino ukituago geratu dira.

Ez, Kataluniari datorkiona ez da erraza, ez da arrosak biltzeren pareko izango. Lana erruz, adorea, irudimena eta zortea, zorte on dosi eder bat alde beharko dute. Gero eta neurriz kanpokoagoak izango diren probokazioei aurre egin beharko diete. Batasuna zaindu eta autoestimua altu atxiki, beren indarrean konfiantza sendo eutsi beharko dute. Baikortasunerako motiboak, baina, ez zaizkio falta Kataluniari. Gizarte mobilizatu eta sutsu batean oinarrituta, 300 urte itxaron duten eta berriz ere aurkeztuko ote den segurantza ez duten aukera aprobetxatu egingo dute. Asko aurreratu dute, baina gaurtik eta azaroaren 9ra asko daukate egiteko, asko egiteke. Eta egin, egingo dute. Etorri diren lekutik etorrita, hitz egiten duten hizkuntza hitz eginda eta sentitzen dutena sentituta, Katalunian bizi diren guztientzako herri libre eta hobeago bat egiteak merezi duelako. •