Iratxe Esnaola
Informatika ingeniaria

Gaztetxoak, Internet eta lege urratzeak

Egungo gaztetxoak teknologien aroan jaio ziren eta teknologiekin hazi eta hezten dira. Teknologiekin dira ume, gaztetxo eta bilakatuko dira heldu. Beraz, teknologien erabilera egokirako irizpide arrazionalik ez dutenean ere, teknologiekin bizi eta interaktuatzen dute. Eta premisa horren gainean, gero eta ohikoagoak dira teknologien erabilera desegokiak, erasoak eta delituak.

Erabilera desegokia gaztetxo batek bere kalterako soilik egiten duen erabilera gisa defini daiteke. Izan teknologiei denbora gehiegi eskaintzen dielako (nonahi eta nornahirekin dagoela ere), edota bere bizitza pertsonala deskribatzen duten testu, argazki eta bideoak Interneten argitaratzen dituelako.

Erasoak beste gaztetxo bat ere inplikatzen du. Cyberbulling-ak honako ezaugarri hauek ditu: denboran irauten duen erasoa da; erasoak ez du izaera sexualeko elementurik barnebiltzen; erasotzailea eta erasotakoa adin bertsukoak dira eta aurrez kontaktua dute (mundu fisikoan); eta erasoa gauzatzeko bitartekoa teknologia da (telefono mugikorrak edo smartphoneak, sare sozialak eta edukien zabalkunderako plataformak, oro har).

Cyberbulling-ak mota ezberdinetako erasoak barnebiltzen ditu. Esaterako, sare sozialen bitartez gaztetxo batek beste gaztetxo bat iraintzea. Irain hori publikoa da, erasotakoaz gain beste ehunka pertsonek ikus dezakete eta, zenbait kasutan, erasotakoa anonimatuan manten daiteke. Eraso hori, noski, denboran mantentzen da eta erasotako gaztetxoaren integritate fisikoan eta psikikoan eragin zuzena bezain larria izan dezake. Beste adibide oso ohiko bat nortasunaren ordezkatzea da, hau da, gaztetxo batek beste gaztetxo baten izenean edukiak argitaratzea. Adibide bat sare sozialetakoa izan daiteke, non gaztetxo batek beste gaztetxo baten izenean kontu bat sortzen duen eta bera balitz bezala jarduten duen. Argazkiak igoz, mezuak idatziz, irainduz edota nahi duena eginez. Hori guztia, noski, beste gaztetxo guztiek jakin gabe.

Nortasunaren ordezkatzea, gaur egun, delitua izan daiteke edo ez. Delitua da, adibidez, beste gaztetxo baten kontuan sartu (nolabait erabiltzaile-izena eta pasahitza lortuta) eta bere eduki pertsonaletara sarrera izatea. Baina profil edo kontu bat sortzea, erasotakoaren izena erabiliz baina bestelako informaziorik erantsi gabe (argazki bat, adibidez), ez da delitua. Kasu horretan sare sozialaren arduradunei idatzi eta kontu hori ezabatzeko eskatzea da egin daitekeen gauza bakarra. Kontrara, eraso edo ordezkatu den gaztetxoaren datu pertsonalak erabiltzeak (aipatu argazkia, adibidez), norberaren irudiaren gaineko eskubidea urratzea dakar eta delitua da (kasuaren arabera, delitu penala ere bai).

Baina teknologien gaineko legeria hutsunez josia dago. Badira legean islatzen ez diren kasuak. Adibidez. Beste gaztetxo baten izenean kontu edo profil bat sortzeko, normalean, posta elektronikoko helbide bat eman beharko da, sortu den profila edo kontua aktibatzeko. Posta elektroniko horrek, erasotzailearena izan beharko du, bestela, printzipioz, ez baitago modurik kontua aktibatzeko. Baina ohikoa da ere, gaztetxoen ezjakintasun osotik, kontu edo profil bat sortzen saiatzea, erasotakoaren posta elektronikoko helbidea emanez. Hortaz, berez erasoa jasan duen pertsonak berak jasoko du aktibaziorako mezua eta erasotakoak mezu horren aurrean duen jarreraren arabera, kontu hori sortzea lortuko da edo prozesua bertan behera geratzen da. Kasu honetan, berez, erasotakoa bera izan daiteke, nahi gabe, bere nortasuna ordezkatzeko helburuarekin sortutako kontua aktibatzen duena eta, hortaz, erasoari bide ematen diona. Baina legeak hutsune handi bat du kasu honetan.

Teknologien eta gaztetxoen arteko binomioan, hutsune asko daude: legalak, kasu asko ez direlako islatzen; eta heziketakoak, gaztetxoek teknologien erabilera egoki bat egiteko irizpideak behar dituztelako (etxetik eta eskolatik). •