Iker Barandiaran

Nagusitan

Gatazka politikoari bukaera emateko alde batetik hainbeste ahalegin egiten direnean, guztion artean bizikidetza zabalagoa eta gardenagoa landu behar dugun honetan, indarkeria betiko desagertu eta horren aitortza egin beharra behin eta berriro eskatzen den honetan, errealitateak bestelakorik erakusten digu, ogiaren beste erdia, alegia.

Orain dela bi aste Txagorritxuko Ospitalera, Gasteizera, jo nuen semearekin. Gaur egun hain ohikoa den moduan, kanpoko jatorria zuen mediku batek artatu gintuen, ondo. Hego Amerikako herrialde batekoa zela esan zidan eta Euskal Herrian bizitzen hamazazpi urte zeramatzala. Halako batean, umeari arreta gehiago eskaini nahian, honako galderak egin zizkion: «Zer, nagusitan, medikua izan nahi duzu? Suhiltzailea akaso? Edo polizia?». Ez zen txantxetan ari, bere aburuz azken hori lanbide arrunta zen, eta, agian –zeinek daki–, harro egoteko modukoa.

Umeak entzungor egin zion eta gelatxoan zegoen hirugarrena, neu, aho bete hortz gelditu nintzen. Hamazazpi urte bertan bizi bai, baina non eta zer demontre bizi izan du ni baino gazteagoa izan zitekeen mediku hark? AEBetako filmetan oinarritzen zuen gu guztion bizitza? Non, filmetan ez bada, uka daiteke polizia baino lanbide nazkagarriagorik ez dagoela? Ez nion ezer esan, baina pena itzela eman zidan halakorik Gasteizen entzuteak.

Hamarkadatan mota guztietako poliziek eta haien agintariek (izan) duten inpunitatearekin amaitzea lehentasuna da, eta haiek egindako zein egiten jarraitzen duten mina aitortu behar dute berandu baino lehen. Hori gabe ez dago inongo gatazkaren konponbiderik, ezta egunerokotasunean herritar orok beharrezkoa dugun justiziarik. Eta, bitartean, kanpoan zein hemen jaiotako horiek nola arraio egiten dute poliziak alor guztietan gupidagabe ematen duen egurra ez ikusteko; eta, ondorioz, justifikatzeko? •