Gorka Elejabarrieta
Datorrena

«Think global, act local»

Nazioarteko egoera eta dinamika politikoek berebiziko garrantzia eta eragina daukate norberak erabaki behar dituen norabide eta apustu estrategikoak zehazterako orduan. Sobietar Batasunaren erortzeak, Europan bertan estatu independente ezberdin berrien sorrerak eta hainbat gatazka politikoren konponbideak edo konponbide prozesuen hasierak egoera berri bat ekarri zuten Euskal Herrira 90eko hamarkadan, eta eragin handia izan zuen horrek gure herriak hartuko zituen bide berriengan. Ameriketako Estatu Batuek 2000. urtetik aurrera “terrorismoaren aurka” bultzatu zuten eta estatu gehienek jarraitu eta bere barne egoeren kudeaketarako erabili zuten politika errepresibo berriak, edo berrindartuak, denok dakizkigun ondorioak ekarri zituen gurera ere.

Nazioartekoaren eta bertakoaren arteko harremana eta eragina gero eta nabarmenagoa da. Gure bizimoduan eragina duten erabakiek gero eta urrunago dute jatorria, eta, era berean, gero eta gertuago bizi ditugu erabakion ondorioak. Gardentasun eta irizpide demokratiko ororen aurka, gero eta zailagoa da erabaki horiek nork, non eta nola hartzen dituen jakin eta ulertzea. Gure kasuan, herritarren eskrutinio eta kontrol demokratikotik gero eta urrunago dagoen Europar Batasunaren jardun neoliberala da egun bizi dugun egoera latzaren jatorri nagusietako bat. Eta krisi sistemiko honen arduradunak dira, paradoxikoki, “konponbidea” ekarriko duen bidea erabaki behar dutenak. “Astoa, zaldiz jantzi arren, beti asto” dio esaera zaharrak, eta krisia, krisia bera eragin duten politika neoliberalekin konpondu nahiak argi adierazten du noren zerbitzuan eta noren kontra dabiltzan troika zuzentzen duten mandatariak.

Itxura bipartidista eta helburu bakarra duen klase politiko eta finantzarioaren aurrean alternatiba errealak eraiki behar ditu Europako ezkerrak. Norbere esparruan eta errealitatean eragin eta argazki osoa kontuan hartu, globalizazioaren kontrako mugimenduan horren ezagun egin zen aldarri hura praktikan jarriz: Think global, act local. Bide horretan sakondu eta pesimismo orokorretik aldenduz badira esperantzarako arrazoiak ere. Ezkerrak duen babesa handituz doa Europako hainbat herritan, eta, babesa handitzearekin batera, ezkerra behingoz bere burua egoera “postsobietar” berrira egokitzeko berrasmatu eta berrantolatzea lortzen ari da, eragile eraginkorragoak sortuz eta bultzatuz. Ezker horren aldarri nagusietako bat subiranotasun nazionalari oso loturik dago, bai Europako hegoaldean –krisiaren beraren jatorrian eta kudeaketan pairatutako kanpo injerentzien ondorioz–, bai Europako iparraldean ere. Izan ere, azken finean, ezker mugimenduen jardunaren muinean dagoen eskaera eta printzipioa da.

Herrien arteko elkarlana, kooperazioa eta internazionalismoa lehenesten dute mugimenduok, baina herri bakoitzaren askatasun eta subiranotasuna errespetatuz eta aldarrikatuz. Herrien arteko errespetuan oinarritu beharreko nazioarteko harreman eredu eta jardun berri bat aldarrikatzen dute, guztientzat onuragarria izango dena, gehiengoaren interesak defendatuko dituena baina gutxiengoenak ere errespetatuz. Herritarren eta herrien mesederako, edo, nahiago bada, alderantziz, herrien eta herritarren mesederako. Kolektiboa eta norbanakoa. Ezkerreko alderdien aldarri horri oso loturik agertzen dira estaturik gabeko herrien borrokak. Zentzu horretan, Eskoziako eta Erresuma Batuko hainbat ezkertiar ez abertzalek eskoziar independentziaren alde harturiko jarrera oso adierazgarria da. Katalunian ere antzeko fenomenoa gertatzen ari da, helburu abertzalea izatetik harago, independentzia gizarte eredu berri eta justuago bat modu eraginkorragoan lortzeko bide bihurtuz.

Ezker abertzaleak azken urteotan martxan jarritako eta uneotan garatzen ari den prozesu berria ere nazioarteko agertoki politiko jakin batean gertatu da. •