Joseba Otondo

Aberri besta

Aberri Eguneko liturgian urteroko adierazpen higatuak nagusitu dira bertzerik deus errateko ez zuten hedabideetan. Iruñeko garagardo katxien artean edo Bilboko Plaza Barriko txakolin hurrupaldietan, egunak, gutienez, funtzio soziala izan du; bestarik eta bestondorik ez zen faltako. “Konstituzionalista ez abertzaleek”, nola ez, urteroko hitzorduari ez diote hutsik egin, baina ospatzen ez dutenez, alferreko paragrafo hutsala errateko, beren oporraldietan tartea egin eta plaza mediatikorat, bertze behin, alderdiko funtzionario gogogabearen eta grisaren itxurarekin; irrati-telebistek, bistakoa denez, halako adierazpen ezin interesgarriagoei lekua egin diete. Hala, gaurgero hedabideenganako mendekotasuna duen hiritar-kontsumitzaile gaixoak, eman diotena irentsi bertzerik ez du izan. Bakantza egunak izanki, ohi baino gutiago seguru.

Hala genbiltzala, Aberri Eguneko albo-ondorioak jasan dituena Ignacio Polo Iruñeko Hiri Segurtasunerako UPNko zinegotzia izan da. Aznarrek bere “intimitatean” katalanez solas egiten zuen moduan, Polok, bere “intimitatean”, Aberri Egunaz gozatu eta “Goraeuskalerriaastakalkuta” oihukatzen du. Ez dakigu Independentistak sareko zapiarekin goiti eta beheiti ibili ote zen, peñaren batean txandaren bat egin zuen edo gazteekin Burutakzio topaketei Iruñea zaharreko karriketan akabera ezin emanez ibili zen. Kontua, denok ezagutzen duguna: odoleko alkohol miligramoek gainezka egin ziotela. Zorionez Don Simon Santamaria ez zebilen urrun eta, halakoetan izan ohi denez, beti da eskertzekoa gurutze-bidean lagunduko zaituen laguna.

Ikusitakoak ikusita, hobe lukete alderdiaren aginduz oporraldia halabeharrez adierazpen urdinak egiteko eteten duten horiek, Nafarroako Herri Batasunakoen (UPN erdaraz) moduan jokatzea eta, hori bai, autoa hartu gabe, herri honetaz behingoagatik gozatzea. •