Oihana Llorente

Euskal Herriko aisialdi taldeen armiarma sarea josten

Ume eta nerabeek jolasteko duten denbora baino askoz gehiago da aisialdia. Ludoteka edo udalekuetan lantzen den hezkuntzak ez du ez sonarik ezta prestigiorik ere, baina bertatik igarotzen direnak balioetan hezten dira. Amaraunak Euskal Herriko aisialdi taldeak batu eta aisialdiaren mugimenduari bultzada eman nahi dio.

Gaur-gaurkoz hamazazpi aisialdi taldek osatzen dute Amarauna sarea. GAUR8
Gaur-gaurkoz hamazazpi aisialdi taldek osatzen dute Amarauna sarea. GAUR8

Fantasiazko ipuin batean bizi ditu Eñaut Aiartzaguenak udalekuetan igarotzen dituen egunak. Ume zela egin zuen bere lehen irteera. Laguntzaile moduan errepikatu zuen nerabe zela, eta, oraindik ere, ez du udaz gozatzeko plan ederragorik aurkitu. Iurretako Kimuak aisialdi taldeko hezitzailea da Aiartzaguena eta orain gutxi josten bukatu duten Amarauna aisialdi taldeen sareko kidea ere bada.

Aisialdi taldeek, euren txikitasun edo handitasunean, helburu eta behar antzekoak dituztela sinetsita hasi ziren sarea eratzen. Elkarrengandik ikasi eta elkarri laguntzeko nahiak hauspotu zituen hasieran. Aisialdi eskaintza ahalik eta txukun eta koherenteena emateak mugiarazten ditu orain. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko hamazazpi aisialdi elkartek osatzen dute egun izaera propio eta legala duen federazioa. Amaraunak Euskal Herri osoko aisialdi taldeen armiarma sarea izan nahi duenez, erronka ederra dute begi bistan Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko aisialdi taldeak ere sarean kateatzeko.

Teoria eta praktika

Bizkaiko Urtxintxa eskola dago proiektuaren hastapenetan. Urteak dira Urtxintxa eskolak begirale eta zuzendari ikastaroak eskaintzen dituela. Hamarnaka dira begirale titulua eskuratu nahirik urtero Urtxintxaren ateak jotzen dituzten gazteak, baina, arlo teorikoa amaitu ostean, Urtxintxak ez zuen denen praktikak bermatzeko betarik. Ikasleek, beraz, euren gisara moldatu behar zuten praktikak non edo non egiteko.

Teoriaren eta praktikaren arteko amildegia gainditzeko asmoz hasi zen Amarauna osatzen. Hartara, Urtxintxa eskola bere balio berak zituzten aisialdi taldeekin harremanetan jarri eta bertara ikasleak bideratzen hasi zen. Elkar truke horrek aldeko alderdi gehiago zituela aurreikusita, baina, federazio bat sortzea erabaki zuten sareari zukua ateratzeko asmoz.

Eñaut Aiartzaguenak ondo ezagutzen ditu Amaraunaren lehen pausuak. 2010. urtean egin zituzten lehen bilerak eta bi urte geroago abiatu zuten prozesu eratzailea. Iurretarrak bi esparrutan laburbiltzen ditu Amaraunak aisialdi taldeei egiten dien eskaintza. Bereziki txikiak edo hasiberriak diren taldeei estatutu, diru laguntza edota seguruen izapideak egiteko aholkularitza eskaintzen die sareak, bai eta edozein zalantza praktiko argitzeko laguntza ere.

Aiartzaguenak, baina, garrantzi berezia eman nahi izan dio Amaraunak eskaintzen duen hausnarketa guneari. Aisialdi taldeen eta hezitzaileen topagunea izanik, bertara eramaten dituzte balio edota hizkuntzaren gaineko zalantzak eta hausnarketak. Batean edo bestean aurrera eramandako esperientziak partekatuz edota metodologiak trukatuz aisialdi eredua fintzeko ariketak egiten dituzte elkarrekin.

Haurra erdigunean kokatu nahian

Udalekuetan ume eta nerabeen parte hartzea nola txertatu aztertzen ari dira azken hilabeteetan. Gai horrek buruko min ugari eragin dizkio Aiartzaguenari, izan ere, haurra erdigunean ezartzea ez da egiteko erraza. Haurrarengan pentsatuz antolatu nahi dituzte udaleku, neguleku edota ludotekak, eta horretarako prozesu parte hartzaileak proposatzen dituzte. Arrasateko Txatxilupurdi eta Lekeitioko Kar-Kabia aisialdi taldeek praktikara eraman dituzte hainbat esperientzia. Hauek ederki atera dira, baina zailtasunak egon badirela uste du iurretarrak: «Noiz abiatzen duzu prozesua? Udalekuan bertan edo aurrez? Azken unera arte ez badakizu nor agertuko den, norekin jartzen duzu abian prozesua? Nola?», bota du boteprontoan. Esperimentatuz eta aisialdi taldeen artean esperientziak elkartrukatuz formula egokiarekin emango dutela ziur da gazte bizkaitarra.

Parte hartzea, tokiko elikadura...

Parte hartzea ez da hausnarketarako duten gako bakarra. Azaroaren bueltan aisialdiaren gaineko trebakuntza saioa antolatzen du urtero Amarauna sareak. Kataluniara txangoan joan eta bertako esperientziak gertutik ezagutuz hasi zuten orain hiru urte ikastarotxo trinko hau egiteko ohitura eta ordutik hamaika gai landu dituzte bertan. Udalekuetan sortzen den zaborraren kudeaketa eta tokian tokiko elikadura izan dira horietako batzuk.

Ugari dira bertako produktuak kontsumitzeko apustua egin duten aisialdi taldeak. Iurretako Kimuak taldea, adibidez, EHNE sindikatuarekin harremanetan jarri zen, eta iazko udaran egin zuten lehen esperimentua. Orduko udaleku ibiltaria Busturialdean barrena gauzatu zuten eta bertako lehen sektoreko ekoizleekin hartu-eman zuzena garatuz, bertako eta kalitatezko elikagaiak kontsumitu zituzten. «Gernikako azokan erosten genituen barazki eta frutak. Esnea, aldiz, Euskal Herria markak udalekuei egindako eskaintza bereziari esker eskuratu genuen; haren bila zehaztutako lekura joanda, gainera, are merkeago ateratzen zitzaigun», azaldu digu Aiartzaguenak.

Arratiako Zaztaparrak aisialdi taldeak ere bertako elikadura kontsumitzeko ahalegina egin du. Hauek, baina, doazen tokiko jakiak erosi beharrean, Arratia bertako ekoizleei erosten dizkiete ondoren udalekuetan eltzera botatzen dituzten osagaiak.

Argi du Aiartzaguenak tokian tokiko produktuen alde egiteak lana eta koste ekonomikoa eragin ditzakeela, alabaina, inbertsio hori euren balioekin bat datorrela defendatu du harro. «Ahaleginak merezi du! Izan ere, elikadura osasuntsuagoa bermatzeaz gain, gazte eta nerabeak lehen sektoreko ekoizleekin harremanetan jartzen ditugu; horrela, tokian tokiko jakiak kontsumitzearen alde onak ezagutzen dituzte parte-hartzaileek. Gurasoak ere harritu egiten dira, etxean baina hobe elikatzen ditugulako», dio irribarrea ezkutatu gabe.

Kontsumo arduratsuaren eta haur eta nerabeen parte hartzearen inguruko gogoetak eta esperientziak bilduko dituzte, ostean txosten batean ikusiko dutelarik argia. Horixe da Amarauna sareak bere buruari jarri dion egitekoa eta uda aldean egingo dutela iragarri digute.

Euskarari, inguruarekiko errespetuari, talde lanari, hezkidetzari edota kultur aniztasunari ere bere biziko garrantzia ematen diote Amaraunako kideek. Egunero lanean ari diren aisialdi taldeei balio horiek lantzeko laguntza eta beren jarduna errazteko lantresnak eskaintzea du xede sareak.

Bigarren mailako hezkuntza

Aisialdi taldeetan lantzen den hezkuntzak, alabaina, ez du ez sonarik ezta prestigiorik ere gure artean. Arautu gabeko hezkuntza ume eta nerabeen “parking” gisa erabiltzen dute guraso askok. Beste hainbatek seme-alaben curriculuma luzatzeko aukera gisa ikusten dituzte udalekuak, eta, ondorioz, birritan pentsatu gabe sartzen dituzte ingeles, txino edota surf udalekuetan.

Aiartzaguenak ez du bere aisialdi eredua promozionatzeko asmorik, haren hitzek udalekuetan izena emateko gogoa pizten badute ere. Azken bi udetan, uztaila osoa Kimuak eskaintzen dituen bi txandetan igaro ostean, Goñiko udalekuetara joan da hezitzaile gisa. Atsedenik gabe, beraz, udalekuetan ia 40 egun igarotzen ditu iurretarrak. Kuadrillako ghetto itxitik atera eta jende berria ezagutzeko espazio ezin hobeak dira aisialdi taldeak Aiartzaguenaren ustez. Gau eta egun elkarrekin igarotako udalekuetan, gainera, oso momentu intentsuak bizi omen ditu berak. «Onerako eta txarrerako. Hori esan beharra dago. Baina bertan sortzen diren harremanak ez dira azkar apurtzen diren horietakoak», kontatu digu. Harago ere joan da iurretarra: «Fantasiazko mundu batean bezala bizitzea da, Manu pirataren munduan edo euskal mitologiako pertsonaiekin bizitzea bezalakoa. Iaz ume txikienekin egindako udalekuetan egunero euskal mitologiako pertsonaia bat lantzen genuen: sorginak, lamiak, Tartalo... Pertsonaiok ezagutarazi eta bakoitza balio zehatz baten jabe zela esaten genien, botere baten jabe, finean. Berdintasuna, kultur aniztasuna, naturarekiko errespetua... lantzen genituen horrela. Azken egunean haiei eskatu genien istorioa kontatzea eta izugarria izan zen, guztiarekin gogoratzen ziren, jakinduria zurrupatzen dute!».

Balioetan heztea

Erakundeek ume eta gazteengan ezer gutxi pentsatzen dute. Hala uste du Aiartzaguenak, eta, adin batetik aurrera, aisialdi eskaintza guztia lokaletara eta parrandetara mugatzen dela iritzi dio. Hezkuntza formalaz ere aritu zaigu, eta eskolek ezartzen zaien curriculuma betetzen nahikoa lan badutela uste du.

Batean zein bestean, beraz, balioetan heztea bigarren mailakotzat jotzen da azkenerako. Hutsune hori betetzeko asmoa dute Amarauna sareko taldeek. Pertsona kritikoak balioetan hezi nahi dituzte. Bide batez, gainera, udaleku, neguleku edota ludoteketan belaunaldien arteko lotura naturala bermatuz. Eta oro har garrantzirik ematen ez zaion arren, Aiartzaguenarentzat garrantzitsuena zer den argi dago: ondo pasatzeko, jostatzeko eta disfrutatzeko abagunea eskaintzen dute aisialdi taldeek. «Aisialdiak mundu berri bat ireki zidan eta nik mundu horren ateak zabaldu nahi dizkiet hurrengo belaunaldiei ere», aitortuz agurtu gaitu.

ATERPEAK.INFO, AISIALDI TALDEEN LAGUNGARRI IZAN NAHI DUEN ATARIA

Euskal Herrian zehar aurki daitezkeen aterpetxe, zelai eta kanpalekuak Aterpea.info atarian aurki daitezke. Horixe da Amarauna sareak aisialdi taldeei eta euskal jendarteari eskainitako lehen tresna. Erabiltzaile guztien artean ahalik eta tresna gaurkotu eta eraginkorrena izatea nahi dute.

Izan ere, aisialdi taldeek udaleku edota irteerak antolatzeko erabiltzen dituzten gidek ez dute maiz Euskal Herria bere osotasunean aintzat hartzen, eta, gainera, asko zaharkituta ere badaude. Aiartzaguenaren aburuz, «odisea» bat izaten da udalekuak aurrera eramateko azpiegitura aurkitzea, eta, adibide gisa, iaz udalekuetarako etxe bat lotzeko 50 deitik gora egin zituela ekarri du gogora. «Ditugun telefonoak ez dira egokiak eta batera deituta bestera bideratzen gaituzte, hala etengabe. Pentsa, gainera, udaleku ibiltari bat antolatzen ari bazara; egun bakoitzerako lo egiteko leku bat aurkitzea ez da batere samurra», dio.

Aterpea.info atariak gaur-gaurkoz, 16 zelai, 26 kanpaleku eta 45 aterpetxe jasotzen ditu. Azken horien kasuan, gainera, zenbateko edukiera eta sukalde zerbitzua ba ote duten agertzen da web orrialdean. Atariak, gainera, datuak gaurkotu eta garatzeko aukera ematen dio erabiltzaile orori.

Aisialdi taldeez gain, edonork erabil dezake atari digitala, bai bertako datuak hartu eta erabiltzeko, bai aterpetxe berrien berri emateko ere. Ataria nahi duten guztien artean eraikitzea da, gainera, ekimenaren oinarri garrantzitsuena Aiartzaguenaren ustez.